Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Jakes Esnal Lannemezanetik atera da 32 urte eta erdiko kartzelaldiari amaiera emanez

Bost egun lehenago Ion Kepa Paroten txanda izan bazen, gaur Jakes Esnal atera da baldintzapeko askatasunean. Lannemezango espetxea gibelean utzi du, 32 urte eta erdiko kartzelaldiari amaiera emanez. Ipar Euskal Herrian sorturiko presorik ez da frantses kartzeletan.

Jakes Esnal, Maite emaztea eta bi semeekin.
Jakes Esnal, Maite emaztea eta bi semeekin. (@EtxerakElkartea)

Jakes Esnal kartzelatik atera da gaur goizean. Lannemezango espetxeko atarian zain zituen hurbilekoen aldetik lehen besarkada hartu ondoren 32 urte eta erdiko kartzelaldiari amaiera emanez Donibane Lohizunerako bidea hartu du 71 urteko preso ohiak.

1990ko apirilaren hasieran atzeman zuten Donibane Lohizunen. Berarekin batera atxilo hartu zuten bera bezala ETAko ‘Argala komandoko’ kide zen Frederic ‘Xistor’ Haranburu. Senperetarra 2020ko azaroan atera zen kartzelatik. Baldintzapeko askatasuna lortze aldera epaileak ezarritako frogaldia gainditu ondoren, iragan maiatzean kendu zioten eskumutur elektronikoa.

Esnal atzeman zuten bezperan Ion Kepa Parot atxilotu zuen frantses Poliziak, 1990ko apirilaren 3an. Urriaren 13an kalera atera zen Mureteko presondegitik Ion Kepa Parot.

Biek ala biek urtebetez luzatuko den frogaldia gainditu beharko dute eskumutur elektronikoa kendu ahal izateko. Etxetik sartu-irteerako ordutegi zehatzak izanen dituzte. «Baldintzapeko askatasunean irteteko baldintzak etengabe gogortu ditu frantses Estatuak», azaldu dio horren karietara NAIZi Maritxu Paulus Barsucok.

1997an Parisko Auzitegiak bizi arteko kartzela zigorra ezarri zien hiru lapurtarrei. «Berehala konturatu ginen oso baldintza berezietan iragan zen auzi horren emaitzak ondorio oso larriak zituela», oroitarazi du «abokatu gaztea nintzela» auzi horretan izan zen Paulus Basurcok.

Izan ere, Unai Parotek aurkezturiko tortura salaketa entzuteari uko egin zion epaitegiak –Itsaso Idoiaga medikuak eginiko txostenaren bidez tortura presente izan zen, ordea, auzian– segurtasun epea finkatu zuen. Gauzak horrela, «berehala ondoko 11 urteko epe hori gainditzeari begira jarri ginen», azaldu du azken hiru hamarkadetan Esnalen defentsa eraman duen abokatuak.

«Orduan ezin genuen inondik inora pentsatu segurtasun epea gaindituta ere preso hauek beste hainbeste urte igaroko zituztela espetxean», aitortu du.

Besteak beste, islamiar atentatuen eraginez, segurtasun politika gero eta gogorragoa bilakatu da frantses Estatuan. «Esan dezakegu bidea aurrera egin ahala oztopo gehiago atzeman ditugula», laburbildu du Paulus Basurcok.

Segurtasun epea gaindituta ere, sarraila ezin askatu

Epaiketa egin zenerako zazpi urteko kartzelaldia egina zuen Esnalek. 18 urteko segurtasun epea ezarri ziotenez, 2007az geroztik baldintzapeko askatasunean ateratzeko eskubidea bazuen. Alta, 32 urte eta sei hilabeteko espetxealdia egin arte kartzelan atxiki du frantses Justiziak.

«Perspektibarik gabeko urteak» ez dituzte errazki ahantziko ez preso ohiak ezta bere familiak ere, abokatuak mahai gainean ezarri duenez. «Kartzelatik atera ondoren, bai presoak bai familiak sostengua behar dute, espetxealdi luzeak eragin anitz dituelako», gehitu du.

2013an, «testuinguru politiko berria abian zelarik», aurkeztu zuen Esnalen defentsak lohizundarraren aldeko baldintzapeko askatasun eskaera. Frantses Justiziak atzera bota zuen Esnalek aurkeztu zuen lehen galdera hori.

«Ion Kepa Paroten kasuan hainbat alditan lehen instantzian onartu zioten eskaera nahiz eta horren ondotik Dei Auzitegiak bere aske uzteari uko egiten zion, baina Xistor eta Jakesekin oso jarrera hertsia atzeman dugu betidanik», azaldu du abokatuak.

Ibilbide malkartsua izan da, eta mailaz maila oztopoak gaindituz joan dira. Hasieran atea guztiz itxita zegoen. Ondoren lehen instantziako epaileak abokatuen arrazoiak entzuten hasi ziren. Alta, Dei Auzitegian agortzen zen dosierraren ibilbidea.

Badira bi urte, ordea, «urrats inportante bat» eman zen ‘Xistor’ Haranbururi baldintzapeko askatasuna eskuratzeko frogaldia etxetik egiteko aukera onartu ziotenean. Iragan irailaren 22an Dei Auzitegiak Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot baldintza beretsuekin etxera itzultzeko aukera ontzat eman zuen.

«Terrorismoaren aurkako Fiskaltzak ez du bere irizpidea aldatu»

«Terrorismoaren aurkako Fiskaltza azken unera arte kontra azaldu dela behar da esan, horretan aldaketarik ez delako egon; lehen bezala oraingoan ere fiskalaren irizpidea da bizi osorako kartzela zigorra bete behar dela hasieratik eta bukaeraraino», deitoratu du abokatuak.

Horregatik, «preso hauek askatzeko erabakia guztiz berezia dela» gaineratu du. Bere erranetan, «egungo testuinguruak eragina ukan du, bistan da», baina epaitegiak urratsa egin du, gehienbat. «Badira hiru hamarkada ekintzak gertatu zirenetik, preso hauek 32 urte kartzelan egin dituztelako, espainiar Estatuan kondenatuak izan balira gehienez 30 urteko kartzelaldia eginen zutelako ... finean zinez badintza bereziak biltzen zirelako».

Jakin behar da hiru lapurtarrak 30 urteko espetxealdira heldu zirenean beraien aldeko «zigor konmutazioa» eskatu zutela abokatuek. «Hautetsiekin batera bilera ukan genuen prefetarekin, baina fite konturatu ginen ez Justiziak ezta (Macron) presidentea ez zirela prest urratsa egiteko», oroitarazi du.

Jakes Esnal kartzelatik atera ondoren erakunde armatuen jarduerarekin zerikusia izan duelakoan zigortua izan den Ipar Euskal Herriko presorik ez da gehiago izanen frantses kartzeletan.

Alta, preso ohi lohizundarrak bere kartzelaldiaren azken bi urteak igaro dituen espetxean, Lannemezanen, bizi arteko kartzela zigorra jaso duen beste euskal presoa izanen da. Mikel Karrera Sarobek frantses legeak aurreikusten duen gehienezko zigorra jaso zuen 2015ean.