NAIZ
Bilbo

73 ordu eta 3 minuturen ostean lehertu da planeta Arriaga antzokiaren aurrean

‘Kolapso’ Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean jarritako BBKren instalazioa, 73 ordu eta 3 minuturen ostean lehertu da ostegunean, planetaren gainean egiten dugun presioa erakutsiz. Aurreikusi baino lau egun lehenago lehertu da, 10.855 pertsonek hartutako erabakien ondorioz.

Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera, gure planeta itzulerarik gabeko puntura iristeko hiru urte besterik ez dira falta. Eta, planetari egiten diogun presio horren erakusgarri, gizateriak Lurreko baliabideen birsorkuntza erabiltzen du, 1,75 lurren baliokidea. Gainera, esaten da bost planeta beharko genituzkeela behar diren baliabideak sortu ahal izateko herrialde guztiok jarraituko bagenitu estatubatuarren ereduak kontsumo pribatu eta industrialean, edo ia lau Danimarkako gizartearen ereduak estrapolatuz, edo bi baino gehiago Alemaniakoaren kasuan. Izan ere, egungo kontsumo-eredu eta mailak mantentzeko, 2050. urtean 2,3 planetak sortutako baliabideak beharko liratekeela kalkulatzen da. Portaera horiek guztiek erakusten digute zein hurbil gauden gaur egun ezagutzen dugun munduaz oso bestelako batean sartzeko.

Hauxe da ‘Kolapso’ esperimentuaren abiapuntua... eta, pertsonen ekintzen mende zegoen esperimentu sozial artistikoa izanik, aurreikusi baino lau egun lehenago lehertu da ‘Kolapsoa’. Aurrez ikusitako erakusketa-denbora erdira baino gehiagora murriztu da. Metabertsoan (kolapso.bbk.eus) jasotako erantzunen % 42k areagotu egin dute esferaren bilakaeraren erritmoa.

Beraz, urriaren 17an, astelehena, 11.15ean Bilboko Arriaga Antzokiko Plazan aurkeztutako ‘Kolapso’ izeneko instalazio artistiko esperimentala, 73 ordu eta 3 minutu geroago lehertu da ostegunean, esperimentu sozial honetan parte hartu duten 10.855 pertsonek hartutako erabakien ondorioz.

Erantzunen arabera, gehien hobetu ditzakegun esparruak hauek dira: kontsumo arduratsua, kalitatezko lan-baldintzak eta ingurumena. Herritarren parte-hartzeari esker, BBK-k gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden 10.000 familia baino gehiagori lagunduko die

Ekimen hau ‘Etorkizuna aukeratu’ren barruan kokatzen da, Lehiakortasun Iraunkor edo Jasangarriaren alde egiten duen ‘Bihar: Etorkizuna aukeratu’ ekimenaren bidez iaz aurkeztu zen BBKren kontakizuna.

SpY nazioarteko artistak beste obra batzuetan, esate baterako, ‘Tierra’ (Madril, 2021) edo ‘Divided’ (Atenas, 2022) obretan, garatutako lan-ildoarekin jarraitzen duen proposamen esperimentala da ‘Kolapso’. Izenak gure planetaren eta giza jardunak eragiten dion pixkanakako presioaren alegoria izan nahi du.

‘Kolapso’ hamar metroko diametroa duen globo bat ezaugarri duen instalazio bat da. Globoa egitura kubiko erraldoi baten erdian kokatzen da. Erakusketako egunetan zehar bisitariek globoa pixkanaka eta mantso puztu egiten dela ikusi ahal izan dute. Azkenik, aurreikusten zaila den une batean, barneko presioaren eraginez globoaren gainazala lehertu egin da, lipar batean ke gorriko esfera erraldoi perfektu bat ikusteko aukera emanez. Azken egintza dramatiko eta ikusgarria, gizateriaren eta lurraren arteko harremanean itzulerarik gabeko balizko puntu bat irudikatuz.