NAIZ

Greba deitu dute EAEko hezkuntza publikoan, azaroaren 30 eta abenduaren 14an

EAEko Hezkuntza lege-aurreproiektuaren zirriborroa aztertuta, greba deitu dute ELA, LAB eta Steilasek hezkuntza publikoan. Sare publiko «bakar, euskaldun eta propiorako» bidea egin beharko lukeen legea eskatu dute, «aukera berdintasuna, kohesio soziala eta euskalduntze prozesua» bermatzeko.

ELA, LAB eta Steilas sindikatuen prentsaurrekoa, hezkuntza publikoan deitutako greben berri emateko.
ELA, LAB eta Steilas sindikatuen prentsaurrekoa, hezkuntza publikoan deitutako greben berri emateko. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek azaroaren 30 eta abenduaren 14an EAEko hezkuntza publikoan antolatu dituzten greba eta mobilizazioen berri emateko agerraldia egin dute gaur Bilbon. Lakuako Gobernuak aurkeztutako Hezkuntza lege-aurreproiektuaren zirriborroak «egungo hezkuntza eredu duala betikotu» egiten duela salatu dute sindikatuek.

Horren haurrean, sare publiko «bakar, euskaldun eta propiorako» bidea egin beharko lukeen legea aldarrikatu dute, «sare publikoa baita aukera berdintasuna, kohesio soziala eta euskalduntze prozesua bermatu behar dituena».

Haien ustez legean espresuki jaso beharreko aldarrikapenak azaldu dituzte:

Segregazioa ekiditeko egiturazko aldaketak zein neurri «zehatz eta eraginkorrak» jaso behar dituela azpimarratu dute, hala nola, «planifikazioan euskal eskola publikoa erdigunean jarri eta lehenetsi; itundutako sareari betebeharren kontrol mekanismo zorrotzak eta ikusgarriak ezarri; matrikulazio bulego bakar eta erreal bat bideratu; kuotak kobratzeko debekua jasotzeaz gain, doakotasun erreala bermatzeko neurri zehatzak abian jartzea; finantzazio publikoa jasotzen duten ikastetxeek bere kontuak publiko egiteko betebeharra...» Horretaz gain, sindikatu, guraso elkarte eta alderdi politikoez osatutako «gardentasun mahai» baten sorrera eskatzen dute.

Publifikazio marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea ere eskatzen dute, «titulartasun pribatuko ikastetxeetako hezkuntza komunitateak sare publikoan integratzeko erabakia gauzatzeko prozedura eta bertako langileak subrogatzeko klausula jasoz».

Euskal curriculuma eta euskara

Bestalde, lege berriak euskal curriculuma erabakitzeko eskumena EAEn egongo dela eta curriculum hau hezkuntza komunitatearen parte.hartzearekin garatu eta hezkuntza sistema osoan aplikatuko dela jaso behar duela aldarrikatu dute, «curriculumaren erreferentzia markoa Euskal Herria izango dela jasoz».

Horren harira, euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko «ikas-eredu orokortu eta inklusibo bakarra» behar dela adierazi dute, «hizkuntza ereduak desagerraraziz».

Lan baldintza duinak

Hezkuntza sistema osatzen duten langile guztien enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea aldarrikatu dute ELA, LAB eta Steilasek. Besteak beste, behin-behinekotasuna %8tik behera kokatzeko eta %8tik gorako behin-behinekotasuna errepikatzea ekiditeko neurriak eskatu dituzte. «Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu.

Azpikontratazio eta pribatizazio prozesuekin bukatzeko, batetik, zera proposatu dute: langile publikoak dauden heinean zerbitzuak azpikontratatu ezin izatea; eta, bestetik, egun pribatizaturiko zerbitzuetan (jangela, garbiketa, eskolaz kanpokoak…) lehengoratze prozesuak gauzatuko direla jasotzea legeak. «Hala eskola publikoetan nola itunduetan, bertako langileen subrogazioa bermatuz», gaineratu dute sindikatuek.

Hezkuntzan inbertsioa handitzea legez jaso behar dela azpimarratu dute ELA, LAB eta Steilaesk, BPGren %6ra iristea helburu izanik datozen 3 urtetan eta Europako batez bestekora parekatzea legean jasoz.

Horretaz gain, Hezkuntza Legea ezartzeko «benetazko» prozesu parte-hartzailea eskatu dute.

Mobilizazioak

Horregatik guztiagatik, Lakuak aurkeztutako hezkuntza lege-aurreproiektua arbuiatu dute eta greba deitu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan, azaroaren 30 eta abenduaren 14an, ‘Publikoa, euskalduna eta propioa helburu’ lelopean.

Azaroaren 30an, Bilbon egingo da goizeko manifestazioa eta hiru hiriburuetan arratsaldez. Abenduaren 14an Gasteizen izango da goizez, eta hiru hiriburuetan arratsaldez.