Oihane Larretxea
Donostia

‘Etxe Berdea’ edo polizia-ikerketa batean irakurleak muturra nola sartu

Ezbehar bat gertatu da herrian eta Poliziak ondo ikertu ez duelakoan, aguazilak bere kabuz abiatuko du ikerketa paraleloa. Testigantzak bildu eta txostena osatuko du. Karpeta hori topatuko du irakurleak, eta berea izango da piezak behar bezala enkajatzeko ardura. ‘Etxe Berdea’ nobela ezberdina da.

Andoni Agirrezabala, ‘Etxe Berdea’ bere lehenengo nobelarekin.
Andoni Agirrezabala, ‘Etxe Berdea’ bere lehenengo nobelarekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Poliziak ustez bere lana egin du. Ustez, gertaera lazgarri baten bueltan behar bezalako ikerketa abiatu du. Eta itxitzat eman. Herriko aguazila ordea ez dago oso konforme egin den txostenarekin eta bere kabuz, zalaparta handirik egin gabe, ikerketa pareleloari ekin dio. Zerk eragin zuen 2005eko urriaren 29an gertatu zena? Nortzuk dute zerikusia? Zenbat daude inplikatuta? Galderak argitze aldera, galderak egiteari ekingo dio.

Andoni Agirrezabalak (Alegia, 1998) Biologiako ikasketak burutuak ditu EHUko Leioako campusean, baina idazketaren harrak gogoz kosk eginda, bere lehenengo nobelak argia ikusi du. ‘Etxe Berdea’ (Erein) nobela ezberdina da, planteamendu apurtzailea du eta irakurleari paper aktiboa eskatzen dio. Zeren irakurleak eskuartean izango duena ez da izango nobela bat, nobela klasiko bat, baizik herriko aguazilak egindako ikerketaren txostenak eta lekukotzak. Karpeta batean txukun bilduta eta bere mahaiko kaxoian ondo gordeta zuen guztia aguazilak.

Herrian gertaera lazgarri bat izan da eta tartean hildakoak ere egon dira. Polizia aritu da bazterrak miatzen, baina kasuaren korapiloa askatu ez dutelakoan, aguazilak emango du bere kabuz argitzeko pausoa. Puzzle bat planteatzen du Agirrezabalak, eta irakurleak egin beharko duena da pieza guztiak behar bezala enkajatu. Eta hor dator zailtasuna, ez baita batere erraza izango, adierazi du Uxue Razkin Ereineko editoreak. Liburua ostegun honetan aurkeztu dute Donostian.

Zailtasuna, piezak ondo enkajatzeaz aparte, pertsonaien ahotsak behar bezala identifikatzea izango da, bata bestearengandik ezberdintzea. «Dokumentu bakoitzak txosten baten itxura hartuko du, eta oso garrantzitsua zen zehaztea zein izaera duen protagonista bakoitzak, ahots horiek ezberdintzea. Lan handia egin du Andonik zentzu horretan», azaldu du editoreak.

Istorioak zentzua izan behar du, baina irakurleak ebatziko duena izango da, zeren lekuko bakoitzak berea kontatuko du, bakoitzak gaizki edo ongi oroituko du 2005eko urriaren 29 hartan gertatutakoa, gezurrak edo egiak esango ditu, eta sinistea edo ez irakurlearen esku egongo da. Trama ezberdinak daude paraleloan, idazleak denboran atzera ere egiten duelako. «Badago iraganean gertatu zen zerbait 2005ekoa ulertzeko, badago oihartzun hori eta horri ere kasu egin behar zaio», abisatu du Razkinek.

Haurtzaroko paisaiak eta eguneroko misterioak

Zineman zein literaturan misterioak erakarrita, tramaren ardatzari kutsu hori emateko intentzio osoa izan zuen hasieratik idazleak. Eta horren bueltan kokatu ditu zenbait paisaia jakin. Bi elementu horien ondoren sortu zen gertaera lazgarri bat asmatzeko hautua.

«Nire haurtzaroko paisaiak eta hauek nigan sortzen dituzten giroak eta atmosferak islatu nahi izan ditut. Denon bizitzetan badago une bat fisikoki aldentzen zarena haurtzarotik; Unibertsitatean hasi nintzenean gertatu zitzaidan niri. Han apartatu nintzen herritik, Alegitik, nire haurtzaroan gordetzen diren paisaietatik. Pandemia garaian itzuli nintzen eta indartu ziren loturak», kontatu du.

Gauza txikiek atzean dauden misterio ustez hutsalek erakarrita, horiez josita dago ‘Etxe Berdea’. Dela herriko pertsonen izaera bitxiak, edo oso ondo ulertzen ez diren elkarrizketak. «Batzuetan uste dugu ulertu dugula, eta gero konturatzen gara atzean badagoela beste zerbait», iradoki du egileak.

Aguazilak zazpi lekukoren testigantzak bilduko ditu, «elkarrekiko oso ezberdinak»: iraganaz beldur den emakume batena, herriko hilerrian lan egiten duen gizon bakarti batena, ume batzuei ere galdetu die eta kuadrilan arazoak dituzten gazte nerabeak ere deituko ditu, besteren artean. Eta irakurleak aurkituko duena txostenez betetako karpeta bat izan arren, txukun gordeta ditu; horregatik nahita ez aurretik atzera irakurri behar den nobela da. Puzzlea nahi bada, baina ordena lineala duena.