Jon Ormazabal

Ofizioz bete ahal izan ditu Iker Salaberriak errematean izan dituen gabeziak

Expositok lanak eman dizkio goizuetarrari eta Egigurenen aurka jokatuko du Promozio mailako finala.

Iker Salaberriak sufrituta egin du finalerako jauzia.
Iker Salaberriak sufrituta egin du finalerako jauzia. (Iñigo URIZ/FOKU)

Distira handirik gabe, baina Iker Salaberriak pronostikoak bete eta goizuetarra izango Julen Egigurenen aurkaria datorren larunbatean Labriten jokatuko den Promozio mailako finalean, Zornotzan jokatutako finalerdian Hodei Expositori 22-16 irabazita. Ligaxkan jokatutako partidari begiratuta, final orekatua espero genezake, Iruñean bertan jokatutako partidan 22-20 gailendu baitzen nafarra.

Gaurkoan ere, tarteka alde nabarmenak izan baditu ere, 8-2 eta 18-11 ere joan da aurretik, nahikoa sufritu behar izan du Hodei Exposito debutatu berria kanporatzeko. Ofizioak, nafarrak halako partida dezente gehiago jokatutakoa da profesionaletan apenas hilabete daraman astigartarrarekin alderatua, eta sufritzen jakitea izan dira Salaberriaren garaipenaren gakoak, errematean, bereziki ezker gantxoarekin, asmatu ezinik ibili den egun batean. Partida osoan akats bakarra egin du goizuetarrak eta horrek ikaragarri balio du halako partida erabakigarri batean, are gehiago arerioak erantzun gabeko zazpi sake utzi eta sei akats egiten baditu.

Eskuin boteretsua

Finalerako aukera horren gertu ikusita, Hodei Expositok ezin du gaur pozik egon, baina txapelketaren balorazio positiboa egingo du hurrengo egunetan, Lau eta Erdian egin baitzuen debuta eta gauza interesgarriak erakutsi baititu aste gutxi hauetan. Gaur, esaterako, aurkariak behar bezala gurutzatu ez dituen gantxoetan, bere eskuina zein boteretsua den berretsi du eta Salaberriak etengabe bilatu dion ezker horrekin ere gero eta hobeto moldatzen dela erakutsi.

Aukeran, behar baino akats gehiago egin ditu, baina hori halako partidak jokatuta konpondu ahal den zerbait da eta astigartarrak ziur aukerak izango dituela, urrutiegira joan gabe, Promozio mailako Binakakoan.

FITXA TEKNIKOA

Salaberria: 22

Exposito: 16

Pilotakadak: 255. Iraupena: 52,50. Markagailua: 0-1, 6-1, 6-2, 8-2, 8-8, 8-9, 9-10, 11-11, 18-11, 18-13, 19-13, 19-16, 22-16 . Sakeak: 7 Salaberriak eta 2 Expositok. Egindakoak: 9 Salaberriak eta 13 Expositok. Galdutakoak: 1 Salaberriak eta 6 Expositok. Gorabeherak: Sarrera eskasa Zornotzako pilotalekuan. Fermin Escudero aritu da Salaberriaren botilero lanetan eta Mikel Garcia Expositorekin.