Jon Ormazabal

Promozioko kaiolako txapel terapeutikoa

Julen Egigurenek jokatutako Promozio mailako bi finalak galdu dituen bitartean, Iker Salaberriak Buruz Buruko finalean jasotako belarrondotik osatu nahi du.

Salaberria eta Egiguren pozik agertu dira saskian topatutakoarekin.
Salaberria eta Egiguren pozik agertu dira saskian topatutakoarekin. (ASPEPELOTA)

Txapelak, lehen edo bigarren mailakoak izan, dira kirolari guztien amets eta helburu. Pilotaren kasuan, Promozio mailakoek lehen mailarako tranpolin izaera bat ere badute, nahiz eta azken urteetan atariko bat jokatzera behartzen dituzten, baina larunbatean Labriten Julen Egigurenek eta Iker Salaberriak jokatuko duten finalak izaera terapeutikoa ere izango du, biek izan baitituzte gertaera traumatikoak jokatutako azken finaletan. Azpeitiarrak iazko Buruz Buruko finala galdu zuen Peio Etxeberriaren aurka (22-7) eta duela bi urteko kaiolakoa Aitor Elordiren aurka (22-5) eta goizuetarrak, aldiz, aurtengo Buruz Burukoan Alberdiren aurka nabarmen galdu zuen (22-11), beraz, biek dute barruan sartutako arantzatxo bat, baina bakarra izango da hura txapel batekin ateratzeko gai.

«Nire hirugarren finala da eta uste dut aurreko bietan baino hobeto heltzen naizela. Gainera, honako honetan nire onena emateko gai izango naizela uste dut eta, hala egiteko gai banaiz, aukerak izango ditut. Bakaikoari –egungo txapeldunari– finalerdietan irabazteko gai izanak konfiantza handia eman dit», aitortu du Egigurenek gaurko material aukeraketan.

Goizuetakoak ere ez dauka ahazteko jokatutako bere lehen finala. «Larunbatean udaberriko arantza atera nahiko nuke. Oso urduri irten nintzen kantxara eta ez nintzen lehiatzeko gai izan.Horregatik, larunbatean galdu edo irabazi, nire jokoa atera nahiko nuke», aipatu du.

Aurrekari orekatua

Biak joko puntu onean heltzen dira eta ligaxkan elkarren artean jokatutako partidan nafarra gailendu zen, 22-20, Labriten bertan eta horregatik oso final estua espero da. «Iker sasoi oso onean dago, jokatu dituen partida guztiak irabazi ditu eta konfiantza handiarekin dabil. Ligaxkan oso ondo bideratua nuen partida batean irabazi zidan, lehen erdian min handia egin nion sakearekin eta bigarren erdian are handiagoa berak niri», azaldu du Egiguren VI.ak.

Partidaren nondik-norakoez galdetuta, gipuzkoarrak argi dauka; «niri ez zait partida azkar bat komeni, hori bere aldekoa da eta. Jokoa gogortzen saiatuko naiz, baina aukerak izanez gero, ezin ditut alperrik galdu».

Materiala, behintzat, ez da aitzakia izango bietako inorentzat. «Pilota perfektuak dira, nireak agian bizkorragoak dira eta Julenenak jokatzen uzten dutenak dira», azaldu du Salaberriak.