Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
Entrevista
Aiora Zabala Aizpuru
‘Natura gure esku’ liburuaren egilea

«Kritikotasunari eutsi behar zaio, baina ekitea ere ahaztu gabe»

Ezagutzak zabaltzen ohituta dago, baina horiek jendarteratzeko artikulu espezializatuen hizkuntza zurruna ez dela egokiena iritzita, ‘Natura gure esku’ liburua argitaratu du Alberdaniaren eskutik. Bizipenen kontakizunaren bidez, kontu teorikoak azaltzen ditu, ingurumenaren erronkari aurre egiteko.

Aiora Zabala Aizpuru.
Aiora Zabala Aizpuru. (Gabriella FUZI)

Ingurumenari buruzko erronkak oso handiak dira eta, Aiora Zabala Aizpuru irundarrak dioenez, denen artean heldu beharrekoak. Horren gaineko hausnarketa bultzatzeko asmoz, ‘Natura gure esku’ dibulgazio lana argitaratu du Alberdania argitaletxearen eskutik. Gizakiaren eta ingurumenaren arteko harremanen gaineko gogoeta da, eta hainbat gai jorratzen ditu bizipen pertsonaletatik abiatuta, ezagutzak «harilkatzen» dituzten narrazioetan.

‘Natura gure esku’ ingurumenaren gaineko ezagutza jendarteratzeko ahalegina da, horren inguruko hausnarketa eragiteko xedez.

Hori da. Nik ezagutza askoren berri izan dut, eta pentsatzen nuen baliagarria dela eguneroko erabakietarako, eta oso interesgarria izango litzatekeela ezagutza hori plazaratzea. Askotan, akademikook gure txokoetan gelditzen gara, gauzak gure hizkuntzarekin komunikatzen, eta pena da hor gelditzea. Lagunekin edo familiarekin izaten ditudan solasaldietan zer egiten dudan galdetzen didate, zertarako balio duen horrek eta abar; horregatik pentsatzen nuen aproposa zela hori irakurleria zabal batera eramatea. Ingurumen erronkak oso handiak direnez, denen artean eutsi behar diegu; horregatik iruditzen zitzaidan inportantea hausnarketa hori plazaratzea, jendeak horri buruz gehiago pentsa eta hitz egin dezan.

‘Natur Sustainability’ aldizkariko editorea izan zara; zer muga dituzte artikulu zientifikoek jendarteratzeko?

Aldizkari asko espezializatuak dira eta nahiko zaila izaten da ulertzea hizkuntza, jargoia, espezializatuta ez dagoen jendearentzat; halaber, batzuetan artikulu oso luzeak dira, egituraz-eta komunikatiboki ez dira hoberena. Nik lan egin nuen aldizkariak irakurleria zabalago bati begiratzen zion, eta horretan bazegoen lan pila bat hizkuntza errazteko, sinplifikatzeko, jargoia alde batera uzteko, eta orduan artikulu horiek irakur daitezke nahiz eta horretan adituak ez izan. Badira beste artikulu mota batzuk ere, non artikulu zientifikoak laburtzen diren eta gauza nabarienak agertzen diren, askotan politikariei begira eginak eta, beste batzuetan, besterik gabe, interesatuta dagoen edonorentzat. Baina, bai, beste erronka txiki bat da ezagutza hori guztia jendarteratzea.

Egunero egiten dugunaren inguruan, kontsumitzen dugunaren atzean dagoenaren gainean hausnartzeko, ezta?

Bai, pixka bat gehiago pentsatzeko. Tira, igual nekagarria gertatzen da gauza guztiei buruz pentsatuz gero, baina beste gauza garrantzitsu bat da normalean aukera onik ez dagoela. Aukera batzuk dauzkagu; adibidez, kontsumorako. Batzuek alde on batzuk dauzkate, beste batzuek beste alde on batzuk, eta ez dugu beti aukera optimoa egin behar; baina gutxienez horretaz pentsatu eta aukera hobeak egiten baditugu, bidearen zati luzea egin dezakegu. Horretaz hitz egiten du “Aukeren hamaika aurpegi” atalak. Kontsumorako zerbait hautatzean, aukera horretan ingurumenaren alde egiteko ezaugarri pila bat dago. Lehenik, osagaiak nondik datozen, Kaliforniatik edo etxe ondotik, osagai horiek hazteko zer behar izan den, ongarriak, pestizidak, lur sail handi bat... Badira horrelako kontsiderazio asko, eta, horrenbeste direnez gero, aukera nahiko konplexuak iruditu litezke eta izozturik geldi gaitezke, ezer egin gabe, ez dakigulako zer egin. Dena den, gakoa da, gutxienez horretaz pixka bat pentsatuta, egiten dugun aukera hobea izango dela. Nahiz eta optimoa ez izan, aurrerapausoak emango dira.

Mezu baikorra transmititzen duzu, izenburutik hasita, baina baten batek pentsa dezake ezin duela ekarpenik egin; zuk diozun moduan, norbera izozturik gera baitaiteke arazo hain handiaren aurrean.

Bai, oso txikiak senti gaitezke. Baina, alde batetik, niretzat ezkorra izatea luxu bat da, eta orain ezin dugu luxu hori ordaindu, zeren gelditzen baldin bagara, ingurumenaren, klimaren erronkak handitu besterik ez dira egingo. Beste alde batetik, nire esperientziarekin lotuta, nik ingurumen zientziak ikasi nituenean, ingurumenaren aldeko aktibistak eta abar ginen, oso-oso kritikoak; inguratzen ninduen guztian alde kritiko hori ikusten nuen, erabiltzen dugun edalontzia, autoa hartzea... Dena era negatiboan ikusten zenuen, eta momentu batean pentsatu nuen horrekin ezin zela bizi, aldatu egin behar genuela. Ingalaterran beste ikasketa batzuetako jendea ezagutu nuen, administrazio eta enpresa edo ekintzaile ikasketetan. Horiek ekintza asko egiten zituztela, iniziatiba handia zeukatela ikusten nuen, eta nik esaten nuen, esaterako: «Ideia horrek alde txar asko ditu, e! Nola eraman dezakezu aurrera?». Nire alde kritikoa hor zegoen, eta beste alde batetik ikusten nuen beraiek ez zirela horren kritikoak, baina gauzak aurrera ateratzen zituztela; eta balantze bat eraman behar dela ikusi nuen: kritikotasun horri eutsi, baina baita ekin ere.
Mezua baikorra da, bai, baina baikortasun errealista da. Askotan, inozotasunarekin lotzen dugu baikortasuna baina, nahiz eta badakigun ingurumen aldaketaren joera globalak ez direla batere onak, baikorrak izan gaitezke, gauzak egin daitezkeelako, eta, era berean, zerbait egin dezakegu natura oso bizkor berreskuratu daitekeelako. Gauza politak ikusten ditugu zerbait egiten saiatzen garenean.

Liburuan hainbat gai jorratu dituzu, diozunez askotariko irakurleak kontuan izanda, irakurle mota zehatz batzuk.

Mota bat baino gehiago izan dut buruan. Batzuetan pentsatzen nuen neure buruari, orain dela hogei urteko neure buruari idazten niola, interes asko zuen gazte bati, munduaz ikasten ari zenari, batez ere ingurumen larrialdiaz ikasten ari zenari… Beste batzuetan, eta bateragarriak dira, nire familiaz edo lagunez pentsatzen nuen, batzuetan bazkalorduan edo kafe batekin neure istorioak kontatzen dizkiedanez; eta kontatu nizkien istorio horiek liburuan idaztea pentsatu nuen. Bestalde, esan behar dut argitaletxearen iradokizuna oso ona izan zela, zeren akademiko gisa daukagun lehen joera da irakasle batek bezala idaztea da, teoria eta abar azaltzea; baina modu pertsonalagoan idaztera animatu ninduten.

Ongizatea neurtzeko konplexutasuna aipatzen duzu. Izan ere, hura ulertzeko moduaren arabera neurtzen da, eta esango nuke hazkundearekin lotzen dela gehienbat.

Hemen gakoa da ekonomiaren hazkundea erabiltzen dela herrialde baten aurrerapenaren adierazle bezala, nagusiki, eta horretan itsututa baldin bagaude, horren atzetik gelditzen den asko galduko dugu. Eztabaida hau hamarkada pare batez egon da ikertzaileen artean, hazkunde ekonomikoaren, adierazle horren arreta gutxitzeko eta, era berean, egon dira ongizatea neurtzeko ahaleginak. Kontua da agian neurtzeko moduaren inguruko adostasunera iristetik nahiko urruti gaudela, baina aurrerapauso oso handia litzateke gutxienez hazkunde ekonomikoaz gain beste gauza batzuk ere kontuan hartzea: zerbitzu publikoak, ingurumenaren egoera eta abar. Gutxienez aurrera egin dezakegu neurketa horretan.

Azken atala, ‘Bukatzeko, jarraitzeko’ izenekoa, ekiteko gonbidapena da. Bertan, ingurumenarekiko arduraren kontzientzia agian zure etxeko leihotik ikusitako eraldaketek sortu dizutela diozu.

Bai. Alde batetik, liburuan ezagutza agertzen da, baina ez da sakontasun osoan ematen, askorentzat ez baita behar horrenbesteko sakontasunik; eta interesatzen zaionak beste irakurketa batzuetara jo dezake horretaz gehiago jakiteko. Eta, bai, izenburu horrek esan nahi du ezagutza hori edo hausnarketa horiek aintzat hartuta, hurrengo pausoaz pentsatu behar dugula. Ingurumenaren alde egiteko motibazioa oso diferentea izan daiteke jendearen artean. Nire kasuan agian izan zen txikitatik eraldaketa hori ikusten nuelako, eta erakutsi nahi dudan gauza bat da eguneroko gauzetan horrelako kontuak ikus ditzakegula. Kafe baten atzetik badago nekazari bat Guatemalan, Mexikon edo Brasilen, eta han badu eragina, eta besterik gabe Donostiako La Bretxako merkatura joan eta barazki bat ikusten badugu, barazki horren atzetik ere badago istorio bat, lur bat, pertsona bat, eta barazki horren edo kontsumitzen dugunaren atzean badago beste istorio bat guk ikusten ez duguna; baina ezagutza honekin horretaz pentsa dezakegu.

Lan hau argitaratzeko garai aproposa dela uste duzu, gai hauen inguruko jakin-min handiagoa dagoela sumatu duzulako. Jakin-mina, kezka eta, beraz, kontzientziazio handiagoa?

Nik uste dut baietz, denak batera doazela. Gaiak askoz plazaratuago daude egoera ere argiagoa delako, klima aldatzen ari dela ikusten dugulako. Orain dela hogei urte ingurumenari buruz hitz egiten bazenuen, lagun bitxia zinen, «zuhaitz besarkatzaile bat», ingelesez esaten den bezala, edo mugimendu sozialetako kidea, eta hortik kanpo ez zen oso gai interesgarria.

Zure liburua irakurtzeko nahiko arrazoi eman dituzu dagoeneko. Beste zerbait esan nahi duzu, gomendioren bat edo?
Gomendio liburuetatik pixka bat aldendu nahi nuen, ez nuen preskriptiboa izan nahi, baizik eta irakurleak gai hauetaz gehiago pentsa dezan, bere kabuz. Hor dauden teoria batzuk, zientzia aurreratzen denez gero, agian hamar edo hamabost urtera pixka bat aldatuko dira; orduan, ezagutza hori modu kritikoan hartu behar da. Bestalde, prozesu polita izan da eta uste dut askoz politagoa izan litekeela irakurlearen erreakzioak ikusi eta gero, liburuak ideiaren bat ekartzen badio burura, istorioren bat partekatu nahiko balu, edo beste gairen bati buruz jakin nahiko balu… Hori jakitea gustatuko litzaidake; ez dakit, sare sozialen bidez, emailez edo beste modu batean.