Jon Ormazabal

Jokin Etxaniz, pilotalekuetako alkimista bergararra

Wolframa bakartzea lortzeagatik 1783an Juan Jose eta Fausto, Elhuyar anaiek mundu mailako sona lortu bazuten, hiru mende geroago beste bergarar batek, Jokin Etxanizek, frontoietako arrakastaren formula topatu duela dirudi. Bere sekretuen berri jakin nahi izan dugu kaiolako finalisten ahotik.

Jokin Etxaniz, entrenamenduetan erabiltzen duen potoa eskuan duela.
Jokin Etxaniz, entrenamenduetan erabiltzen duen potoa eskuan duela. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Egia da mende luzez edozein metal urre bilakatzen saiatzen ziren azti moduko horiek baino lehengai hobeak dituela eta izan dituela esku artean; baina, azken urtetetako emaitzak ikusita, esan genezake Jokin Etxanizek topatu duela frontoietako harri filosofala eta bere eskuetatik pasatzen diren pilotariak hobeak egiten dituen formularen jabe dela. Aurtengo Lau eta Erdikoari begiratuta, zenbakiak argigarriak dira: lehen maila eta promozioko finalerdietan aritu diren zortzi pilotarietatik zazpi bere aginduetara aritzen dira entrenatzen eta, atzerago begiratuta ere, Asperen eta Baikoren arteko desoreka izugarria da txapelei dagokienez. Azken Buruz Burukoan Unai Lasok bost urtez luzatu zen bolada bati amaiera jarri bazion ere, ordura arteko azken hamalau txapelak Eibarko enpresaren pilotari batek jantzi zituen, eta igande honetan ere hala izango da, larunbatean Iker Salaberriak jantzi zuenaren ostean. «Berak hala esaten badu ere, gertatzen ari dena ez da bolada kontua. Nik uste dut apur bat lotsatu egiten dela bere buruaz aritu behar badu, baina Jokin Etxaniz egiten ari dena boladez harago doa», azaldu zigun gaiaz galdetuta Jokin Altunak.

Igandekoa bezalako finalen atarian, ohikoa izaten da enpresako zuzendari teknikoa edo arduradunen bat finalisten inguruan hizketan jartzea, baina Jokin Etxanizek azken hilabete luzeetako ezohiko emaitza bolada honetan eragin zuzena duela sinetsita, paperak aldatu ditugu eta amezketarra eta Joseba Ezkurdia jarri ditugu Bergarako jakintsuari buruz hizketan, bere agurrean, Juan Martinez de Irujok esandakoak gogoan. «Eskerrak eman nahi dizkiot Jokin Etxanizi, bera baita munduan esku pilotaz gehien dakiena».

Eta pilota jakintza hori zenbakiz neurtzeko modurik ez den bitartean buru adina aburu egon daitekeen arren, bada gutxienez bere eskuetatik pasatu diren gehienen, guztien ez bada, adostasuna sortzen duen uste edo sentipen bat: bergararrak konexio berezi bat lortzen du pilotariekin. «Ikusten diodana da sekulako ilusioa egiten diola eta asko motibatzen duela gertatu denak. Berak ilusio handiarekin lan egiten du. Niretzat gakoa da asko gustatzen zaiola egiten duen lana: gustura etortzen da, gurekin harreman oso ona dauka eta badaki bati nondik adarra jo, besteari nondik sartu...», azaldu zigun Altuna III.ak.

Konexioa

Joseba Ezkurdia bat dator bere kide eta igandean arerio izango duen pilotariarekin. «Asko daki pilotaz, baina hortik harago, konektatzen daki pilotarekin; eta hori oso zaila da. Pilotariari duen onena ateratzeko garrantzitsuena konektatzea dela uste dut, ulertzea. Niretzat pertsona oso garrantzitsua izan da debutatu nuenetik, konexio ona izan dut berarekin. Sekulako konfiantza transmititzen du, niri behintzat bai, eta uste dut denei ere antzera. Nik behin baino gehiagotan esan dut pilota munduan aita bat bezala izan dela niretzat. Izan ditudan zalantza guztiak berari galdetu izan dizkiot, pilotakoak eta frontoitik kanpokoak ere bai. Konexio polita egin genuen hasieratik, eta niretzat pertsona oso garrantzitsua izan da. Dudarik ez dut, beragatik ez balitz, ni ez nintzela nagoen tokian egongo. Asko erakutsi dit. Partida txar eta onen ondoren barrena askotan hustu dut berarekin, negar eta dena egin dut berarekin. Niretzat pertsona garrantzitsua izan da, pilotatik kanpo ere betiko eramango dudan lagun horietako bat», aitortu zuen arbizuarrak.

Jokin Etxaniz, Juan Martinez de Irujorekin, entrenamendu ostean Iberokoa lasaitzen. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Igandeko partida prestatzen ere biek izan dute alboan, behar izan duten guztietan laguntzeko prest izan baitute. «Inoiz ez duzu ikusiko alde egin behar duela presaka, edo esanez "gaur ordu erdi bakarrik daukat" edo "alde egin behar dut"; pilotariak behar duen denbora guztian han dago. Eta asteko edozein egunetan. Altzoko frontoian ere entrenatuta nago ni Jokinekin, berak potoa hartuta. Ez dakit nola esan... Da langile bat, pasioa duena egiten duen horrekin. Eta, gero, berak asko atsegin du jendeari laguntzea. Pilotari asko gaude Jokinekin lan berezia egin dugunak, eta emaitzak hor daude. Adibidez, Lau eta Erdiko honetan Elordiren eta Peioren balioa handitu egin da», azaldu zuen. Baina izaera berezi horrez harago, bergararraren jakintza teknikoa ere ekarri nahi izan dute analisi honetara. «Pentsa, Jokin Altuna bati, den artistarekin, errematatzen oraindik eta gehiago erakusteak sekulako meritua dauka. Nik ez nekien gantxo arrunt bat jotzen, eta hor goran jarri nau. Txantxetan askotan esan dit, "esan nizun txapeldun egingo zintudala", eta lortu zuen. Beti dago posturei bueltak ematen: zer egin, nola joan pilotara errazago», aipatu zigun arbizuarrak.

«Nik askotan esaten diot, “ze pisua zaren posturekin”, beti gainean, horrela edo bestela sartzeko; baina azkenean ikusten duzu, kasu eginda, berak entrenatzen esandakoa kantxan lehiatzen ari garenean gertatzen dela, eta orduan egundoko konfiantza ematen du. Batzuetan entzuten da zorte kontua dela, bolada kontua, baina nik uste Jokinen lana sekulakoa dela eta, bolada hori hainbeste urtetan luzatzea, Jokinen Meritua dela», gaineratu zuen Ezkurdiak.

Eta umorea eta txantxek ere beti izaten dute tarte bat entrenamenduen ostean. Nola da posible bere garaian gantxo bat sartzea horrenbeste kostatzen zitzaion pilotari ohi batek gantxoak jotzen erakustea? «Beti esaten digu brometan: “ni artista nintzen, baina nerbioso jartzen nintzen; artista nintzen, baina entrenamenduetan, zuriz jantzita kosta egiten zitzaidan”. Nik uste bera joan dela gauzak probatzen pilotari askorekin, postura hauek eta besteak aztertzen; eta duen metodologia guztiz ona da. Eta egokia da, ze berak esaten dizuna eginez gero, ikusten baituzu asko hobetzen duzula eta hortik datorrela hobekuntza», amaitu zuen Jokin Altunak.