Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Aukerak egiteko eskuliburua

Beren hizkuntza eskubideak aldarrikatuz harrapatu zituen Irulegiko aurkikuntzak euskararen transmisioa bermatzeko kosta ahala kosta ari diren gazteak. Azterketak euskaraz idazteko eskubidea beste behin ere karrikan aldarrikatuz banderolari eskuak lotuak zituztela munduratu zen Nafarroako aztarnategi batetik heldutako 'sorioneko' berria. Beharrik, Irulegi eta Bordele arteko haria josi zuten Bernat Etxepare lizeoko ikasleek beraiek sare sozialen bidez. @SelauruaBetez Twitter kontutik hauxe adierazi zuten: «#Sorionekuak K.a. euskaldunak, hauek idazten ahal zuten euskaraz. K.o. 2022. urteko euskaldunok debekatua duguna».

Iraganari begiratzea ez da beti erraza. Horren frogarik onena, norberak nahierara antolatzen duela sarritan memoriaren biltegia, eguneroko bizitzan traba handirik egin ez dezan. Kontraesanez beteriko gizakiak garenez, gaur memoriaren beharra aldarrikatzen dugu, eta bihar ahanzturaren eskubidea. Dagoeneko itzuliko ez den denborarekin dugun harreman konplexua aitortuz.

Tarteka, orainaldiari neurria hartzea aldapa gora egiten zaigunean, iragana aterpe bilakatzen zaigu, jakinik ere pasatutako urak ez duela errotarik mugituko.

Brontzezko eskuak agur goxoa egin digu urrutiko iraganetik, desagertzeko beldur atabikoari bizirik irauteko determinazioa etengabe berretsiz aurre egiten dion herri beterano honen bihotzari taupada berria emanez.

Bat-bateko zoriontasuna izan da, azaleko sentsazio bat, barnetik ahoraino dantza egin duen irribarrea.

Bordeleko protestarekin batera soilik ez, ahozkotasunaren olinpiar jokoak ospatzen ari direnean heldu da hizkuntzalarietatik hasita Akademiako bertze jakintsu anitzen burua borbor jarri behar lukeen lan hipotesia.

Bide luzea egiteko badute ikerlariek, baina haien lan giro isila trabatzeko asmorik gabe, utz diezaiogun behingoz Euskal Herriko txapelketa nagusiaz gozatzen –zein sufritzen– ari den bertsozale orori pasadizo zirraragarri horren gainean oholtzan harilkatuko diren kontakizunen kontura irriak eta malkoak isurtzen.

Aukerak orainaldian jokatzen badira ere, tartean, atzera begiratzen dugu dagoeneko gurekin ez daudenek aurre egin dezagun ematen diguten bultzadaren esperoan.

Bestearen eskua sentituz egoera ezezagunek sortzen dizkiguten hotzikarak urtzea errazago baita.

Nahiz eta jakin badakigun geroari egotzitako itzalak guztiz argitzea ezinezkoa izanen dela, hurbileko laguntasunaren bertsio alfabetatu den eskuliburua xerkatzen dugu, etsipenaren aldeko apologia interesatuaren garaian katilua konfiantzaz berriro ere betetzea ezinbestekoa delako.

Gaur zortzi, bertsolariak Baionan eskuetako hatz jokoekin hasi aitzin, mugimendu abertzaleak, hamabost urteko ibilbideak utzitako irakaspenak aintzat hartuta, esku zarta emango du frantses Estatuak ezarritako kaiolatik irtenbide demokratikoa aitzineratu nahian.

Herri hitzarmena eguneratzeko proposamena mahai gainean ezarriko du Euskal Herria Baik. Etapa berria irekitzeko eskuliburuaren idazkera konpartitua gizarteari eskainiz. Eskumen banaketatik harago, erabakimena Euskal Herrian kokatuko duen prozesua aitzinera eramateko orduan Euskal Elkargoaren bilakaerari buruzko eztabaida «ordenatua» abiatzea lagungarria izanen da. Eskua ez ezik begirada ere zabaltzeko tenorea baita. •