Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Euskal Herrian eskaladarekiko dagoen «kulturari zor zitzaion rokodromoa» ireki dute Berangon

Berangon kokatutako Sputnik Climbing eskalada gunearen irekiera ofiziala larunbat honetan izango da. Euskal Herriak eskaladarekiko eduki duen kultura oparoak zor zuen eremu bat dela aitortu dute eremuaren sortzaile eta bertan batu diren kirolariek. Larunbat honetan irekiko dute publiko osoari.

Berangoko Sputnik Climbing eskalada-gune berria.
Berangoko Sputnik Climbing eskalada-gune berria. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

«Eskalada eta mendizaletasunean erreferentea da Euskal Herria», aitortu du Dani Castillok, Sputnik Climbing gune berriaren zuzendari berriak, eta bere ustetan Euskal Herriari «zor zitzaion horrelako eskalada eremu bat». «Arrakala handia zegoen kultura eta instalazioen artean», eta hori betetze asmoz irekiko ditu ateak gune berri honek.

Berangon ireki dute rokodromo berria –Errementeriena kalean, merkatal zentroan–, punta-puntako teknologia eta material berritzaileekin eraikitako 1.800 metroko kuadroko azalerakoa. Madrilen Sputnik Climbing enpresak dituen bi rokodromoak –lehena 2016an sortua eta bestea duela apenas urtebete– hartu dira oinarri honen eraikuntzarako.

Rokodromo berriak boulder-gune bat –sokarik gabe eskalatzeko prestatutako gunea– eta ostalaritzako gune zaindu bat uztartzen ditu, eskaladako komunitate osoa elkartzeko. Era berean, eskalada eremuan ere egoteko guneen presentzia nabaria da, nahita diseinatua, «kirol guneaz gain egoteko eta elkartzeko gunea» izatea baitu helburu. «Egiaztatuta dago pertsona bat eskalatzen dagoen bakoitzean, sei daudela lurrean, esperientzia partekatzen eta kontu kontari», adierazi du Castillok.

Ostiral honetan eginiko irekieran halaxe ikusi zen. Zenbait eskalatzaile batu ziren, presa eta horma berriak probatu asmoz eta bat eskalatzen zegoen bitartean, bospasei pertsonek koltxonetan jarrita elkarbanatu dituzte esperientziak. Tartean izan dira Mikel Linazisoro eta Ainhize Belar eskalatzaile gazteak. «Beharrezkotzat» jo dute horrela zentro baten irekiera, Euskal Herrian rokodromo gutxi baitaude eta kasik «horma guztiak ezagutzen» dituztelako. Berritasuna da hau beraientzat, berritasun baliotsua datorren urterako helburuetan trebatzeko.

Gune ilun eta hezeetan entrenatutakoak dira hauek, nahiz eta duela urte batzuetatik Bilbon dagoen PiuGaz rokodromoan aritu izan diren. Donostian kokatzen den Factory ere bisitatutakoak dira eta orain, beste gune bat gehiago daukate, «eskalada dibertigarriagoa» egingo duena, adierazi du Belarrek, 18 urte azpiko Espainiako Kopako txapeldunak. 

Mikel Linazisoro Sputnik Climbing gune berrian, bere kide eskalatzaile bati begira, aho zabalik. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Hurrengo urtera begira, Munduko Kopan esperientzia pilatzen jarraituko du Linazisorok eta 2024ko Olinpiar Jokoetarako sailkapenean gerra ematen saiatuko dela ere aurreratu du.

Aurreko hitzordu olinpikoa, hain zuzen ere, mugarri izan zen eskaladan. Lehendik ere hazkuntza prozesuan zegoen –«covid-19aren eraginez, konfinamendua bukatu ostean jendea kirol ezberdinak praktikatzen hasi zen», zehaztu dute zentroko langileek– baina Olinpiar Jokoek are gehiago azkartu dute hazkuntza prozesua. «Albert Ginesek irabazi zuen gainera, Caceresekoa, euskal eskalatzaileekin harremana duena, Iruñean entrenatzen zebilena», zehaztu du Patxi Usobiaga eskalatzaileak.

Horrelako guneekin, eskari horri erantzuna emateaz gain, gero eta gazte jende gehiago harrapatzeko aukera dagoela adierazi du. Gainera, gurasoentzat ere erakargarri izan daiteke, «kafetegia ere badagoelako eta horrela, errazagoa da seme edo alabari rokodromora laguntzea», azaldu du Linazisorok.

Euskal Herri osoan egon badaude rokodromoak baina guztiak elkarte txikiek autofinantziatutakoak dira, beraien afizioz. Horretan dabil aspaldidanik Patxi Usobiaga eta ez du uste horrelako proiektu batek gainontzeko herrietan dauden rokodromo txiki horiei traba egingo dienik, «leku gehiago behar dugu».

Hasi berri eta espezialista 

Larunbat honetan zabalduko ditu ateak publiko osoarentzat –10.00etatik aurrera, prezio murriztuekin eta esperientzia osoa bilatu asmoz, kontzertu eta guzti–.

Berangoko zentro honetan eraiki duten boulderrean 150 «eskalada-ariketa» baino gehiago daude, zailtasun eta tipologia ezberdinetakoak; publiko, adin eta edozein egoera fisikotako pertsonentzat diseinatuak». «Aurrean daukagu horma erraz bat, hasi berri batentzat, eta alboan trebatuago dagoen batentzat; esaterako, ni, eskasa naizela, aritu naiteke batean eta alboan eduki Ainhize Belar bezalako eskalatzaile bat», azpimarratu du zentroko zuzendariak, ezaugarri hau hauspo izan daitekeela sinetsita.

Gainera, mugimendu sekuentzia horiek egunero berrituko ditug ekipatzaile talde batek eta beraz, bost astero zentro guztiko hormen diseinuak eta ariketak ezberdinak izango dira.

Sputnik Climbing rokodromoan 150 eskalada-ariketa aurkitu daitezke. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Kirol eskaintza osatzeko, hamaika bide labur daude sokarekin eskalatzeko, errendimendu handiko eremu bat (Killer Board, helduleku anitzeko taulak, campus board...), haur rokodromoa duen familia gunea eta fitness gela. Era berean, fisioterapiarako gune bat ere badago.

Bigarren gunea tabernarentzako da, «Sputnik Climbing-en nortasun ezaugarrietako bat». Guztira, 180 metro koadro dituena. «Jatetxean hamaika profesional ditugu, astean lau egunez lan egiten dutenak, gainerako taldekideek bezala –orotara, 33 profesionalek egingo dute lan–. Bateratze neurri hori gure zentro guztietan dugu, guretzat funtsezko baita gizartean eragin positiboa izatea, bai erabiltzaileengan bai langileengan», nabarmendu dute sortzaileek.

Berangoko zentro hau eraikitzeko, 1,8 milioi euroko inbertsioa egon da. Puntako materialarekin eraiki da eta «txoko bakoitzak abangoardiako joeretan oinarritutako arkitektura proiektu zehatz bati erantzuten dio». Besteak beste, argien konbinazioarekin ere jokatu da: «Heldulekuen formei, koloreari eta ehundurari dagokionez, harmonia bilatu da». «Leku armonikoa» bilatu dela, alegia, «eskaladaren inguruan esperientzia oso bat sortuz». 

«Ez dugu kirol gisa bakarrik ulertzen, baita gainditze-baloreei, balore sozialei, kulturalei eta ingurumenekoei lotutako bizimodu gisa ere». Arlo horretan, Castillok xehetu du beste kirol askotan irabazi edo galdu dagoela eta eskaladan, batek lortu dezake horma bat igotzea edo ez, eta besteak ere berdin, «eta gero bion lorpena edo lorpen eza partekatu daiteke garagardo baten bueltan, lehiakortasunik gabe».