Indarkeria matxista prebenitzearren, erasotzaileari baliabideak eman

Bikote barruko bortizkeria prebenitzeko erasotzailea laguntzearen alde mintzo den dokumentala, ‘La Source’, aurkeztu zuten joan den astean Donibane Lohizunen, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunarekin bat eginez. Uztaritzeko Gizarte Hezkuntzako eskolako hiru ikaslek egin dute.

Dokumentala Uztaritzen Gizarte Hezkuntza ikasi duten hiru ikaslek egin dute, Maixan Nobliak, Anna Lasfarguek eta Julie Pecastaings-ek (lehen biak argazkian). Filmaren zuzendaria Florian Miot-Bruneau da.
Dokumentala Uztaritzen Gizarte Hezkuntza ikasi duten hiru ikaslek egin dute, Maixan Nobliak, Anna Lasfarguek eta Julie Pecastaings-ek (lehen biak argazkian). Filmaren zuzendaria Florian Miot-Bruneau da. (GARA)

Biktimak babestu, erasotzaileak lagunduz» ideiatik abiatuta, Ipar Euskal Herrian, bortizkeria matxista erauzteko, eremu ezberdinetatik aurre egiten dioten eragileen hitzak bildu dituzte dokumentalean. Solaskide guztiak bat datoz dauden azpiegiturak eta laguntzak ez direla aski. Prebentzioa funtsezkoa dela nabarmendu dute filmean, eta horretarako erasotzaileei baliabideak eskaintzea beharrezkotzat jotzen dute.

Frantses Estatuan bikotekideak edo bikotekide ohiak erasotako 219.000 lagun daudela kalkulatzen da, eta erasotako pertsonen %87 emakumeak dira. 2021ean aurreko urtean baino %20 hilketa matxista gehiago izan ziren bikoteetan. Barne Ministerioak emandako datuen arabera, 122 emakume hil zituzten iaz.

Erasotzaileekin lan egiteko zentroak 2020an sortu ziren, eta geroztik 6.000 erasotzaile inguru hartu dituzte, %94ren kasuan epailearen aginduari jarraituz. Florian Miot-Bruneauk zuzendutako filmaren egitasmoaren jatorrian dagoen Maixan Nobliak hau nabarmendu du: «Hizketa taldeak, bakarkako laguntza psikologikoa, premiazko aterpea, laguntza soziala, eta presondegira joaten direnean ateratzean gizartean berriz integratzeko bideak eskaini beharko litzaizkieke».

Arazoari heltzeko bide hori jada beste herrialde batzuetan erabiltzen dela jakinarazi du: «Harremanetan sartu ginen Quebeceko elkarte batekin; haiek erraten zuten han indarkeria kasuak gutxitu direla, gauza anitz sortu dituztelako prebentziorako, eta bortitzak diren pertsonei laguntza jasotzeko aukera ematen dietelako». Hala ere, prebentzio neurriak lehenagotik, haurtzarotik, hartu behar direla dio.

Nobliarekin batera, Julie Pecastaingsek eta Anna Lasfarguek hartu dute parte egitasmoan, eta azken honek hau aipatu du: «Bikotearen barruko bortizkeria aipatzen dugularik, biktima laguntzen dugu, eta hori beharrezkoa da, baina bikotean bi pertsona dira, eta pertsona biolentoa judizialki zigortua da, baina gero gehienetan ez zaio laguntzarik ematen, eta, gure ustez, bortizkeria gelditzeko derrigorrezkoa da hori ere egitea» .

Biktimek pairatzen dutena ez dutela ahazten adierazi du Lasfarguek: «Emazteki biktima baten elkarrizketa bada dokumentalean, eta bera da hari nagusia. Bere istorioa kontatzen du, eta esaten du, bere ustez, zergatik den inportantea erasotzaileak egiten duen bidean segitzea». Hau gaineratu du: «Dokumentalean emaztekiak aipatzen dira gehienbat, horiek baitira gehien pairatzen dutenak, baina biktimak diren gizonak ere badirela ez da ahantzi behar, bortizkeria tratatzea baita inportanteena».

Aurten egoera aldatu egin da erasotzaileei laguntza eskaintzen dieten egiturei dagokienez. Badira bide horretan eremu eta ardura ezberdinak dituzten erakundeak, baina ez dago zentrorik, ezta inolako koordinaziorik horien artean, bakoitza bere aldetik ari da. Alta, hori laster aldatuko da, proiektu bat abian baita eta laster bere osotasunean izanen baita martxan.

Gobernuaren politikari kritika

Erasotzaileak laguntzeko egituren harrera hobetzeko aurten %28 handitu da aurrekontua. Estatuan dauden 30 zentroek jasotzen duten finantzaketa lau milioitik sei milioira pasatu da. Ipar Euskal Herrian aldaketa nabaritu dutela eman dute jakitera: «Gure proiektuarekin ari ginelarik, ez zen egiten, baina orain proiektu oso bat bada, non koordinazioa landuko den; Euskal Herriko Hiritartasun-Justizia Elkarteak jarraipen globala eginen du».

Prebentzioan lan egiteko erasotzaileak laguntzearen prozedurarekin bat egiten badute ere, elkarte feministak Gobernu frantsesak hartu duen erabakiarekin haserre agertu dira, finantzamendu hori Emakume eta Gizonen Arteko Berdintasunerako Ministeriotik heldu delako eta horrek biktimen laguntzari zuzendutako aurrekontua txikitzen duelako.

Feministek oroitarazi dute, gainera, finantzamendu txikiena jasotzen duen Ministerioa horixe bera dela, urtean 50 milioi eurokoa. Erasotzaile gehienak egitura juridikoetatik pasatzen direla kontuan izanik, Justizia Ministeriotik heldu beharko litzatekeela diote.

Bestalde, bikoteetan erasotako pertsonei hiru hilabetez urgentziazko laguntza ekonomikoa emateko legea tramitatzen ari da. Familientzako dirulaguntzak kudeatzen dituen zentroak emandako mailegua izanen litzateke. Senatuak lehen irakurraldian aho batez onartu zuen urriaren 20an, eta orain Parlamentura iritsiko da bigarren irakurraldirako.