NAIZ

Txinako zero covid estrategiak herria sutu eta agintariei zepoa jar liezaieke

Alderdiaren apustua zen, ustez, «erabateko garaipena» baino onartzen ez zuena. Zero covid, itxialdi masiboak, heriotza tasa oso baxuak... Baina apustuak, agian, ez du gehiagorako ematen. Ekonomian kalteak, kutsatzeak goraka eta pazientzia galtzen ari den jendearen sumindura.

Zero covid politikak ezarritako murrizketa drakoniarren aurkako protesta, Pekinen.
Zero covid politikak ezarritako murrizketa drakoniarren aurkako protesta, Pekinen. (Noel CELIS | AFP)

Xakean bada kontzeptu bat «zungzwang» deiturikoa. Baimenduta dauden mugimendu ororekin zure egoerak okerrera baino ezin du egin, aukera guztiek daukazuna gaiztotu egiten dute. Erabaki bat hartzea, mugimendu bat egitea, beharrezkoa da, baina egiten duzuna eginda ere, okerrera egingo duzu. Hainbat analista Xi Jinping Txinako liderra zugzwang politikoan harrapatuta dagoela aipatzen hasi dira. Eta covidak jarri diola zepoa. Neurri murriztaileak arindu nahi dituela, baina horrek kutsatzeak biderkatuko dituela eta txertatze tasa baxuak dauzkala. Eta ekonomia dardarka hasi zaiola, negua datorrela eta, orain, herritarrak sutu egin zaizkiola.

Normaltasun itxurako egoera munduko bazter askotara bueltatu da, jendeak koronabirusarekin bizitzen ikasi du, gaixoaldi larriak, ospitaleratzeak eta heriotzak gutxituz. Txinak, baina, –hasiera batean Zeelanda Berriak, Hego Koreak, Singapurrek eta Australiak egin zuten bezala– beste bide baten alde egin zuen: zero covid; itxialdi zorrotzak kutsatze bakar bat baieztatu bezain pronto, ahalik eta azkarren desagerraraziko zelakoan.

Erreta, pazientzia galtzen

Zero covid estrategiaren aldeko hautu politikoa zaharkitua geratu dela dirudi, agian ez duela gehiagorako ematen, behingoz alboratu beharko litzatekeela. Milioika biztanle dituzten hiriak hiri mamu bilakatu ditu, hiruzpalau kasurekin milaka bizilagun berrogeialdi gune masiboetan ganadua bezala itxita, milioka pertsona asteetarako isolatuta, askotan janaria eta sendagaiak lortzeko komeriekin. Dozena bat kasu atzeman ondoren, Zhengzhouko iPhone faktoriako –munduko handiena– 200.000 langile bertan, fabriketatik atera gabe, egotera behartu dituzte. Bistan da, eta ulergarria, jendea sufritzen ari dela eta egoerarekin erretzen hasia dela, pazientzia galtzen ari dela.

Mobilizazioak ugaritzen ari dira, sare sozialetan gero eta ikusgarriagoak dira. Kostaldean eta barnealdean, enpresa eta unibertsitateetan, orri zuri bat sinbolo hartuta batzuetan, ‘Internazionala’ abesten besteetan, nonahikoak dira sumindura sozialaren adierazpenak. Ezohikoak dira Txinan; hori ere egia da. Baina ez dirudi Tiananmeneko sarraskia errepikatzeko arriskurik dagoenik, edo protestok Txinako sistema politikoa kolokan jartzeko ahala dutenik. Aldiz, badago, errealitatea eta desira nahasiz protesta hauen zentzua eta mezua parametro horietaraino puzten ari denik.

Baina, bai, Txinako egonkortasun sozialean arrakalak agertzen hasi dira, ekonomiari egindako kalteak handitzen doaz. Eta, bitartean, edadetuak birusaren mutazio berrien aurrean ahul izaten jarraitzen dute. Eta zenbat eta transmisio gehiago eta kutsatze ugariagoak, mutazio eta birusaren aldaera berrietarako aukera handiagoak, mundu mailako arrisku handiagoa.

Erantzun perfekturik ez

Zergatik Txinaren tema hori? Zein da herrialdeak zero covid politikarekin hain temati segitzeko arrazoia, kostu politiko eta ekonomikoak hain handi eta agerikoak direnean? Beharbada, arrazoi bat izan liteke herritar adinduen parte handi batek ez duela txertoa hartu nahi izan –ez baita derrigorrezkoa–, antzinako medikuntzan gehiago sinesten duelako. Txinan pentsamendu kolektiboa oso indartsua den arren (alegia, taldearen onerako norbanakoak bere autonomiari uko egitea), bada horren gainetik dagoen kontzeptu konfuzianista: edadetuen autoritateari zor zaion errespetua. Eta txinatarren ikusmoldetik, edadetuak ezin dira behartu. Herrialde osoan kutsatze orokor bat gertatuko balitz, nahiz eta asko txertatuta egon, hildako asko egongo lirateke, Txinan ez dutelako ARNm motako txertorik –aditu askoren ustez, onena– garatzerik izan.

Hori bai, munduko heriotza-tasa ia baxuena izan du eta covidaren aurrean garaipen «erabatekoa» lortuko duela aldarrikatu du. Alabaina, inork ez dauka covidaren aurka borrokatzeko erantzun perfektua, horretan eredugarria izan den herrialderik ez dago –are gutxiago, orain Txina kritikatzen ari direnetako asko– baina Txinak ezinbestean «zugzwang» horretatik atera beharra dauka.