Arnaitz Gorriti

Endesa Liga denboraldiaren bigarren laurdenera bidean jartzera doa

Ostegunean eta igandean jardunaldi bana jokatuko dute euskal taldeek. Hasteko, Lointek Gernika Bizkaiak Roberto Iñiguezen Perfumerias jasoko du Malosten, IDK Euskotrenek Lugoko Ensinoren bisita izango du eta Kutxabank Araskik Gironan jokatuko du.

Andrijana Cvitkovic itxura baten sano itzuli da Gernikara.
Andrijana Cvitkovic itxura baten sano itzuli da Gernikara. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Atsedena hartu ahal den neurrian, beren selekzioekin jokatzera joan diren jokalariek minik ez hartzeko errezatu –ezin besterik egin-eta–, bertan geratu direnekin lana jarraitu eta, azkenean, denak itzuli eta gero, hurrengo neurketak prestatzera. Endesa Liga bigarren laurdena jokatzera doa, nolabait esatearren. aurreneko itzulia amaitzeko zazpi jardunaldi falta dira eta hauen bukaeran jakingo da zein zortzi taldek jokatuko duten Kopa.

Uneotan hiru euskal taldeak zortzi onenen barruan daude. Baina hain dago estu sailkapena! Uneotan laugarren postuan doan Lointek Gernika Bizkaiak azken-aurrekoa den –hamabosgarren– Innovca Leganesekiko bi garaipeneko aldea baino ez dauka, eta lehenengo hiru postuetan berdinduta dauden Zaragoza, Girona eta Perfumerias Avenidak, berriz, bizkaitarrek baino garaipen bat gehiago dute bakarrik.

Hain zuzen, Perfumerias Avenida jasoko du Malosten talde bizkaitarrak ostegun honetan 20.00etan hasita. «Laugarren postuan aurreneko itzulia amaitu dezakegula esanez gero, odolez sinatuko nuke», zioen Anna Montañana gernikarren entrenatzaileak duela gutxi hedabide honi emandako elkarrizketan. Valentziako entrenatzailearen aburuz, «orain helburua taldea hobetzea eta talde jokoa eraikitzea da. Azken baten irabazteko jokatzen dugu eta hori eskatuko zaigu, baina uneotan nahiago dut taldearengan hobekuntza ikusi hoebuntzarik gabeko garaipena baino», azpimarratu zuen.

Perfumerias Avenida honek ez du aurreko urteetan ia aurkari guztiak hankapean erabili zituen harekin, baina ez da hankamotza eta are gehiago, Kanadako selekzioarekin pasa den Munduko Txapelketan laiugarren postua eskuratu duen Bridget Carleton hegalekoa fitxatu dute Roberto Iñiguez de Heredia eta enparauek. Bada, kosta behar zaio lehenaz beste Lointek Gernika Bizkaiari abenduari behar bezalako ongietorria ematea.

Itxura baten behintzat, Anna Montañanak Spreafico, Da Silva, Cvitkovic eta Meskonyte osorik jaso ditu bueltan eta, bada, gutxienez aurre egiteko aukera izango du.

Liderraren etxean

Kutxabank Araskik ere 20.00etan jokatuko du, Spar Girona liderraren etxean jokatu ere. Made Urieta bera «FIBA Leihoak» direla-eta espainiako selekzioarekin izan zen pasa den astean, Holopainen eta Van den Adel izan ziren bezala. Etenaldia baino lehen Tenerifen irabazi ahal izateak etxean ezustean jaso dituen belarrondokoak goxatu zituen, baina ostegun honetan oso lan txarrak egitea dagozkio talde arabarrari, Gironan irabazteko partida borobila jokatu beharko baitu.

Perfumerias Avenidak egin duen bezala, geldialdi hau jokalari bat fitxatzeko baliatu du talde katañanak. Brittney Sykes eskolta estatubatuarra ekarri du Gironak, 28 urte eta 1,75 metroko garaiera. Aurrez Gironan badu eskarmentua eta Hundaria Soprom taldean 16 puntu ari zen sartzen batez beste. Alegia, nahikoa buruko min izan behar dutela Madelen Urietarenek Gironaren erasoko etorria murrizten.

Bere aldetik, 19.30etan Ensino hartuko du Josean Gascan IDK Euskotrenek. Etenaldi aurreko azken norgehiagokan 48-90 galdu zuten Azu Muguruzarenek Zaragozaren aurka, hain justu hiru egun aurretik Asvel Lyoni irabazteko puntuan izan eta gero. Atsedenaldia eta erreflexioa ongi etorriko zitzaizkion talde donostiarrari, oraindik ere Endesa Ligan ez ezik, Eurocupean zereginik badauka-eta.

Ensino sailkapenean uste baino beherago dago, 3-5 balantzearekin, gipuzkoarrek baino garaipen bat gutxiago pilatuta. Gernikan urte dexente emandako jokalari batzuek ditu talde galiziarrak: dela Brittany Miller, dela Margaret roundtree edo dela Paula Ginzo. Horrez gain, Blanca Millan hegaleko espainiarrarekin, defentsan lan ona egin beharko dute Azu Muguruzarenek.

izan ere, donostiarrek erasoan dute bertuterik nagusiena, ez baitira alperrik Endesa Ligako erasorik oparoena batez beste 72 puntu pasatxo saskiratuz, baina pekatua defentsan dute, batez beste 75,5 puntu jasotzen baititu. Uneotan IDK Euskotren zortzigarren postuan dago, behetik datozenak nola eutsi asmatu nahian gorantz begira jartzeko bidean baino. Defentsan asmatuko balu, asko aurreratuko luke.