NAIZ
Andoain

Miel A. Elustondo eta Enpresabidea.eus, Rikardo Arregi Kazetaritza sarietan garaile

Ohorezko bi mugarri ere izan dira hogeita hamalaugarren aldi honetan; Patxi Baztarrikak eta Elixabete Garmendiak ohorezko aipamen bana jaso dute.

Miel A. Elustondo, saria jaso osteko hitzartzean.
Miel A. Elustondo, saria jaso osteko hitzartzean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Rikardo Arregi Kazetaritza sariek beren hogeita hamalaugarren aldia ospatu dute gaur arratsaldean Andoaingo Bastero Kulturgunean. Euskarazko kazetaritza saritzea helburu duen ekitaldian, Miel A. Elustondo kazetaria izan da sarituetako bat, ‘Berria’ egunkarian argitaratutako ‘Tonban ehortzirik’ serieagatik.

Ez da, ordea, saridun bakarra izan. Komunikazioaren alorrean Esnpresabidea.eus webguneak eskuratu du saria.

Biek ala biek, maila bereko saria jaso dute. Hau da, 9.000na euroko ordaina eta Xabier Lakak sarietarako berariaz egindako oroikurra.

Ohorezko aipamenak

Aurtengoan, bi ohorezko aipamen eskaini dituzte Rikardo Arregi euskaltzale andoaindarraren izena daramaten sariek. Batetik, Elixabete Garmendiaren ibilbide profesionalari egin diote gorazarre, eta, bestetik, Patxi Baztarrikak egindako lan eskergari, besteak beste, sarion hasiera hauspotu, landu eta bultzatzeagatik. 

Arratsaldeko 19.00etan abiatu den ekitaldian hainbat aurpegi ezagun ikusi ahal izan dira, horien artean, Mikel Arregi, Rikardo Arregiren anaia gazteena.