Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Euskal Selekzioak Txileren aurka jokatuko du Mendizorrotzan, Juanjo Arregi hautatzaile dela

Euskal Selekzioak Txileren aurka jokatuko du Mendizorrotzan hilaren 20an, NAIZek aurreratu legez. Juanjo Arregi hautatzaile berria izango dela ere aurreratu dute prentsaurrekoan, Iñigo Juaristi egun Alaveseko teknikaria baita. Ainhoa Tirapu eta Sandra Ramajoren laguntza izango du urnietarrak.

Juanjo Arregi, ezkerrean, Euskal Futbol Federazioko, Arabako Foru Aldundiko, Gasteizko Udaleko eta Lakuako Gobernuko ordezkariekin.
Juanjo Arregi, ezkerrean, Euskal Futbol Federazioko, Arabako Foru Aldundiko, Gasteizko Udaleko eta Lakuako Gobernuko ordezkariekin. (Raul BOGAJO | FOKU)

Euskal Selekzioak Txileren aurkako lagunartekoa jokatuko du abenduaren 20an, 19.00etan, Mendizorrotzan. Informazio hau NAIZek aurreratu zuen duela aste batzuk eta asteazken honetan, iragarpena berretsi du Euskal Futbol Federakundeak prentsaurreko baten bitartez.

Partida iragartzearekin batera, selekzioak hautatzaile berria izango duela ere aurreratu du, Iñigo Juaristi egun Alaveseko teknikaria baita. Hala, bizkaitarraren lekukoa Juanjo Arregi urnietarrak hartuko du. Esperientziadun teknikaria da. Urnietan eta Añorgan eman ditu urte gehien, ondoren Realarekin fitxatu zuen arte, 2017an. Talde txuri-urdinean ez zuen nahi bezalako ibilbidea egin, hasierako zazpi jardunaldietan partidarik irabazi ezinda egon ostean, kaleratua izan baitzen. Gonzalo Arconadak hartu zuen lekukoa. Euskal selekzioko beheko mailetan ere aritua da, 18 urtez azpiko eta 12 urtez azpiko selekzioetan, alegia.

Arregirekin batera, erreferente izan diren Ainhoa Tirapu eta Sandra Ramajo batzen dira talde teknikora, baita June Mendizabal ere, prestatzaile fisiko lanetan. Honen inguruan, urnietarrak adierazi du «ibilbide luzeko bi jokalari handi» direla eta beraiekin, batez ere, jokalarien balio-aniztasuna aztertuko dutela, «ahalik eta deialdirik lehiakorrena» osatzeko.

«Bi jokalari erreferente dira eta gure aldetik, eskertu egin nahi diegu gure proposamena onartu izana», nabarmendu nahi izan du Landetak. Hauek talde teknikoan egotearekin, abenduaren 20an jokatuko duten partidara begira, «gizartean oihartzun gehiago» izatea ere espero dute.

«Hiru baldintza gure alde»

«Partida hau munduko ilusio guztiarekin iragartzen dugu, eta euskal gizarteak guk bezala jasotzea espero dugu», adierazi du Javier Landeta presidenteak Mendizorrotzako prentsa aretoan.

«Beti esan izan dugu Euskal Selekzioaren partida bat antolatzeko hiru baldintza eman behar zirela: lehen mailako zelai bat izatea, selekzio handi baten aurka lehiatu ahal izatea eta talderik onena biltzea. Bada, denbora asko igaro ondoren, hiru baldintza horiek gure alde izatea lortu dugu», azaldu du.

Dena dela, Arregik aurreratu legez, Txapeldunen Ligako partidak jokatzen dira aste horretan eta beraz, Bartzelona, Real Madril eta Olympique Lyonnais taldeetan jokatzen duten euskal jokalariek (Irene Paredes, Nahikari Garcia, Maite Oroz, Damaris Egurrola) ezin izango dute defendatu Euskal Selekzioaren elastikoa.

«Emakumezkoen futbolak hazkunde esponentziala izan du azken urteetan, prestatzeko modutik hasita. Oso jokalari onak dauzkagu. Maila onenean dauden horiek ekartzen saiatuko gara», adierazi du Arregik.

«Ofizialtasuna lortzeko zelai askotan jokatu behar dugula uste dut», adierazi du Landetak, Txileren aurkako partida «Euskal selekzio ofiziala nahi dugula aldarrikatzeko modua» izango dela azpimarratuz.

Partida astearte iluntze batean, oraindik ere Gabonetako oporraldien aurretik izanda, jokatzearen inguruan itaun eginda, Landetak onartu du ez dela egunik onena baina ezin zutela aukera hau «desaprobetxatu». Txileren aurka, Amerika Kopa prestatzen dabilen selekzioa izanik, eta Mendizorrotza bezalako estadioan jokatzeko aukera «ezinhobetzat» jo du Federazioko presideteak.

Gizonezkoen Kopako partida bat ere jokatzen da Sestaon, 21.00etan, Sestao River eta Athleticen arteko dema erakargarria, hain zuzen ere. Landetan esanetan, partida horrek ez du zertan eragin Mendizorrotzara hurbilduko diren zale kopuruan. Kontuan hartu behar da, jada bost urte pasa direla emakuzmekoen euskal selekzioak azkenekoz zaleen aurrean jokatu zuenetik (2-1 Txekiar Errepublikaren aurka, Ipuruan). Iaz jokatu zen torneoa, Argentina eta Venezuelaren aurkakoa, zalerik gabe jokatu zen.

Munduko sailkapenean, 38. postuan

Txileko selekzioa egun 38.ena da FIFAren mundu sailkapenaren arabera. Christiane Endler atezaina, egun Olympique Lyonnais taldean dabilena da taldeko giltzarria eta kapitaina. Bestalde, Gasteizen ondo ezagutzen duten Camila Saez ere partida gehien jokatu dituzten jokalarien artean aurkitzen da. Egun, Jose Letelier txiletarra da hautatzailea.

2018ko Amerika Kopan txapeldunordea izan zen Txile eta aurtengoan, bosgarren postuan bukatu zuen.