Ane Urkiri

Jokin Altuna garaipenarekin estreinatu da Binakako Txapelketan (14-22)

Jokin Altuna eta Xabier Tolosak osatutako bikoteak bigarren puntua eskuratu du Ezkurdia-Martija mendean hartu ostean. Partida oso parekatua izan da, azken txanpan apurtu egin den arte. Altunak Martija enbarazu egin izanaz kexatu dira gorriak (14-14) eta ordutik, urdinak markagailuan joan egin dira.

Jokin Altuna sasoi betean itzuli da.
Jokin Altuna sasoi betean itzuli da. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Lehia zeharo parekatuaz disfrutatu ahal izan dute larunbat honetan Iruñeko Labrit pilotalekura gerturatu diren zaleek. Lastima izan da urdinen 14. tantoan, Altunaren enbarazua zela edo ez zela, sortu den zalaparta eta ordutik, Ezkurdia-Martija bikotea partidatik atera izana. Jokin Altuna berak onartu du tantoak ez zukeela markagailura igo behar baina ez dela bere

Lan txukuna egin dute gorriek. Gauzak txarrenean jarri direnean ere aurpegia eman eta partidan berriro sartzea lortu baitute: 7-13 atzetik joatetik, zazpi tanto jarraian egin eta markagailua irauli dute, Ezkurdiak protagonismoa berreskuratuta. Arbizuko aurrelariak eginak izan dira zazpi tanto horietatik bost.

Lehia zirraragarria eskaini dute Lau eta Erdikoan finalista izan ziren bi aurrelariek, baina esanguratsua izan da baita ere Martija eta Tolosaren arteko dema. Oso indartsu aritu dira biak ala biak, nahiz eta pare bat tantotan erratu egin diren. Anoetako atzelariak, esaterako, bi pilotakada gora bota ditu eta Etxeberrikoak ezin izan ditu eraman Tolosak intentzio guztiz atzera bidalitako beste pare bat tanto. Dena dela, biak ala biak, oso gutxi erratu dira –hiru hutsegite egin ditu Martijak eta lau, Tolosak–.

Lehen errenta handia urdinen aldekoa izan da, 6-8koa. Ordura arte, tanto bateko aldeaz gozatu du bai bikote batek eta baita besteak ere. Altuna nola itzuliko zenaren zalantza ere bazegoen, are gehiago gorrien hasierako sendotasuna ikustean. Baina urdinek ondo erantzun dute gorriek eginiko lehen tantoa eta beraiena izan da errenta handiena, arestian aipatu 7-13koa.

Lehen atsedenaldi luzera sasoi betean iritsi dira eta bazirudien partida puskatzetik gertu zeudela. Gorriek, baina, atzetik aurrera joan eta 13-13ko berdinketa ezartzea lortu dute, tanto zinez lehiakor batean. Inork ez zuen nahi huts egin. Urdinek 14.ena eginez gero, partida apurtzeko arriskua zegoelako eta, bestalde, gorrien berdinketak partida hutsetik hastea zakarrelako.

Ezkurdiaren bertsio onena agertu da eta 14. tantoa egindakoan, geldiezina zirudien. Orduan iritsi da polemika. Altunak justuan eraman du ezker paretera bidalitako pilota eta hau eraman ostean eginiko mugimenduak, Martijaren lasterketa oztopatu du. Kexa askorako eman du jokaldiak, bikote gorria haserretu ez ezik, pilotalekuko zenbait ikusle txistuka hasi dira.

Tanto horretatik bukaeraraino, urdinenak izan dira tanto guztiak, sei orotara, partida 14-22ko emaitzarekin bukatzeko. Azken txanpa horretan pilota aldatu dutela onartu du Altunak, pilota bizixeago bat bilatuz, eta saria lortu dute, gorriei ezinezko egin baitzaie partida beraien alde jartzea. «Ez dut uste partidatik atera naizenik, kosta egin zaigu berriro tantoa egitea, ez dakit ongi zergatik», adierazi du Etxeberriko atzelariak.

Hala, Altuna III.enak eta Tolosak osatutako bikoetak txapelketako bigarren puntua erdietsi dute eta Amezketakoaren ustetan, bi partidetan merezimendu osoa Tolosarena izan da. Anoetako atzelaria «berme» izugarria dela adierazi du. Azaldu du hasieran kosta zaiola konfiantza hartzea –eskuan izan duen lesioarengatik– eta beldurrez aritu dela ere onartu du.

Fitxa teknikoa:

Pilotakadak: 594. Markagailua: 1-0, 1-1, 1-2, 2-2, 2-3, 3-3, 4-3, 4-4, 4-5, 5-5, 5-6, 57, 6-7, 6-8, 6-9, 7-9, 7-10, 7-13, 13-13, 14-13, 14-14, 14-22. Jokoan egindako tantoak: 6 Ezkurdiak, 1 Martijak; 11 Altunak, 2 Tolosa. Sakez: 0 Ezkurdiak, 1 Altunak. Hutsak: 6 Ezkurdiak, 3 Martijak; 3 Altunak, 4 Tolosak. Gertakariak: Iruñeko Labrit pilotalekuan jokaturiko partida, Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldikoa. Lehen sakea, gorrientzat.