Joseba Iturria
Periodista deportivo. Real Sociedad y ciclismo
Entrevista
Igor Zubeldia
Realeko jokalaria

«Gaur bertan zergatik ez pentsatu Champions League helburu izan daitekeela»

Anoetan Realak Osasunaren kontrako derbia jokatu bezperatan, azkoitiarrak Jagoba Arrasateren lana eta jokalarien jokoa azpimarratzen du, baina espero du gautik aurrera taldeak geldialdiaren aurretik emandako maila berreskuratzea.

Igor Zubeldia.
Igor Zubeldia. (Jon URBE | FOKU)

Geldialdia ondo etorri zaiela dio Zubeldiak eta horren adibide da Oyarzabal gaurko Osasunaren kontrako partidarako deialdian dagoela (16.15, Anoeta) bederatzi hilabete luze bajan egon ondoren.

Nola bizi duzue geldialdia?

Nik deskantsatzeko eta arnasa hartzeko aprobetxatu dut. Nahiko justu zebiltzanei fisikoki ondo etorri zaie, baina horren aurretik, ekipoa oso ondo zegoen. Inoiz ez duzu jakingo geldialdi honen ondoren nola egongo zaren, baina nik uste dut puntuan jartzen ari garela eta lehen geneukan mailara bueltatuko garela.

Belaunaldi kidea, Oyarzabal, zelaian ikusteko inork baino gogo handiagoa izango duzu.

Nik bakarrik ez, talde guztiak eta zale denek. Horrelako lesio luze baten ondoren, garrantzitsuena ondo sendatzea da. Egunero ikusten genuen, barruko lan asko egin behar delako ezkutuan, ahalik eta ondoen bueltatzeko. Oso ondo ikusten dut, gurekin hasi da pixkanaka, oso pozik gaude bai bera eta bai gu.

Ondo etorri al zaizu geldialdia? Iazko pubiseko arazoak kontrolatuta al dauzkazu?

Pubisarena arraroa izaten da, egun batzuetan mina daukazu, besteetan hobeto zaude. Ariketa berezi batzuekin hasi nintzen prebentzio lanean, eta ariketa hauekin oso ondo daramat lesioa. Igual partida baten ondoren zeozer nabaritzen dut, baina aurreko urtearekin konparatuz ezer ez daukat. Orokorrean oso ondo sentitzen naiz. konfiantzarekin, lan txukuna egin dudala uste dut eta geldialdi honen ondoren gogo bera daukat berriz lehenagoko mailara bueltatzeko edo hobetzeko.

Luis Enriqueren aurrezerrendan zeundela jakin genuen. Lana baloratzen den seinale. Zeozer komentatu zizuten?

Zurrumurru horretaz ni ez nintzen konturatu, jende batek esan zidan zerrenda horretan nengoela. Kasu handirik ez nion egin, baina poza ematen dizu halako maila daukan selekzio baten zerrendan egoteak.

Taldearen hasiera denok sinatuko zenukete abuztuan?

Dudarik gabe. Hasiera oso ona egin dugu. Ligan postu onean gaude, Europa Leaguean ere, Kopa ilusio handiz jokatzen dugun txapelketa da. Taldeak maila oso altua eman du, baina futbola nolakoa den badakigu. Egindako lanak ez du balio, jarraipena eman behar diogu, pentsatu bahar dugu berriz zerotik hasi behar dugula.

Champions League helburutzat jar daiteke?

Gaur bertan zergatik ez pentsatu hori posible dela, hirugarren postuan gaude lehia horretan. Hau oso luzea da, aukerak badauzkagu postu horietan amaitzeko, baina aurrerago ikusiko dugu helburua zein den.

Gaur Osasunaren aurkako partida inportantea da?

Guk puntuak batzen hasi nahi dugu. Ligara bueltatzen gara, Anoetan jokatzen dugu eta oso partida garrantzitsua da. Osasuna denboraldi txukuna ari da egiten, baina guk gure lana egiten badugu eta beti bezala ateratzen bagara, hiru puntuak etxean geldi daitezke.

«Osasunarena ez da kasualitatea, Jagobarekin denbora asko daramate, elkar ondo ulertzen dute, eta aurkariak inkomodatzen asmatzen dute»

Nola ikusten duzu Osasuna? Zergatik dago hain goian?

Ez da kasualitatea, entrenatzaile berarekin denbora asko daramate, elkar ondo ulertzen dute, baloiarekin gehiago ausartzen dira, presionatzen fuerte joaten dira gora, aurkariak inkomodatzen asmatzen du. Erdiraketetan eta baloi geldian arazo asko sortzen dute, oso aurkari deserosoa da. Pixka bat aldatu dute jokoa, barruko joko gehiago egiten saiatzen direlako, baina bai, askotan baloi luzeekin jokatzen dute, hegaletatik erdiraketa asko botatzen dute, eta ez guretzat bakarrik, talde osoarentzat izango da partida zaila.

Ze meritu dauka Jagoba Arrasatek martxa horretan?

Meritu oso handia. Entrenatzailearen lana ez da batere erraza, denbora dezente darama taldean lan txukuna egiten, urtetik urtera hobetzen ari dira eta ikusten da aurten ze denboraldi egiten ari den eta asko antzematen da bai Jagobaren bai Bittorren lana.

Imanolek ere lau urte bete ditu, ze meritu dauka berak?

Imanol egiten ari den lana ikusgarria da. Emaitzak ez daudenean lehenengo seinalatuak beti entrenatzaileak dira, eta horregatik kargutik kentzen dute. Imanol hasi zenetik ikusten da taldeak egin duen bilakaera, urtetik urtera taldea nola hobetzen ari den eta ze denboralditan egiten dituen. Ikusgarria da eta egonkortasuna lortu du gurekin; gu bai pertsonalki bai talde bezala oso gustura gaude Imanolekin eta staffeko denekin. Ea urte askoan jarraitzeko aukera dugun bai guk bai berak.

Batez ere, astero bi partida jokatuta ere taldeak beti lehiatzea lortu du?

Astean bi partida jokatzen hasi ginenean gehiago kostatzen zitzaigun erritmo horretara ohitzea. Denbora aurrera joan ahala, denok moldatzen joan gara. Besterik egiterik ez dago, partidak jokatzea, errekuperatzea, deskantsatzea, hiru egunetara beste partida jokatzeko. Garrantzitsuena da ahalik eta jende gehien jokatzeko moduan egotea, denon beharra baitago. Jokatzen dutenek nekatuta bukatzen dute eta freskotasuna sartzeko beste jokalariak behar dira. Denak gaude inplikatuta, zentratuta. Badakigu datorrena ere oso gogorra izango dela, partidak hiru egunera datoz, baina hori da nahi duguna eta ea denbora luzerako den.