Urtzi Urrutikoetxea

Hilzorian daude AEBetako jatorrizko hizkuntzak, errepresioaren ondorioz

Niagarako ur-jauzietara bidean, nekazari herrien artean, oso urrun dirudite New Yorkek eta Filadelfiak. Halako batean, muinoak eta basoa atzean dituela, kasino handi bat ageri da. STOP trafiko seinalearen azpian, «Sáë’he’t» irakurri dugu. Dozenaka hiztun geratzen zaizkion seneca hizkuntzan dago.

Afixak jatorrizko hizkuntzan.
Afixak jatorrizko hizkuntzan. (Urtzi Urrutikoetxea)

Kasino handiaren magalean, autobidearen beste aldean eta Allegheny ibai ederraren aldamenean, seneca nazioaren erreserba dago. Haudneosanee edo Irokesen Konfederazioa osatzen zuten herrietako bat da seneca, eta hamar mila lagun inguruk osatzen dute gaur egun. Oso larri dago hizkuntza, geratzen diren jatorrizko hiztunek 70 urte baino gehiago dituzte. Zorionez, baina, gaiari oso serio heldu dio seneca herriak, azken hiztun horiek joaten direnerako seneca hiztunen belaunaldi berriak sortu direla bermatzeko.

Herriko institutuan seneca irakasleekin egin dugu topo. Derise Waterman gazteenetakoa da, 22 urte ditu. «Derise nire ingeles izena da, Jagodawë:h dut seneca izena, ‘igerian ari dena’ esan nahi du. Etxetik senecazko hiztegi pixka bat jaso nuen, eta hitz horiek nirekin nituen, baina haur eskolan seneca hizkuntzan hazi nintzen. Orduan adineko hiztun nahikotxo genituen. Gero, gaztexeagotan, hemeretzi geratzen ziren, handik gutxira hamabi, eta graduatu nintzenerako, zortzi baino ez. Beraz, bai, larri gabiltzala sentitzen nuen; erraz ikasi nuen hizkuntza eta hor sakondu behar nuela ikusi nuen».

Haurrentzako eskola martxan ari zen ordurako, baina kontatzen digunez helduen murgiltze eredurik ez zeukaten. «Erabaki nuen ez joatea unibertsitatera, hemen geratzea eta hizkuntzan trebatzea, zaharrekin ikastea. Murgiltze programarekin, hasi eta hilabetera hitz egiten ari zara, eta urtebetean ondo dakizu hizketan. Bigarren urterako gramatika eta hizkuntzalaritzan sakondu genuen, grabaketak egiten eta abar».

Mohawk herria

Gawenyoste aldamenean dauka, mohawk herrikoa da jatorriz; Irokesen Konfederazio historikoko nazioetan hiztun gehien dituen herria da, eta hala eta guztiz, hiru-lau mila dira AEBetan eta Kanadan. «Orain hasi dira AEBetako eta Kanadako gobernuak aitortzen; ‘egia da, dena kendu genizuen’, aitortzen hasi dira eta kendutakoa itzultzen».

XIX. mendean hasitako politiken ondorioz, familietatik urrundutako barnetegietara eraman zituzten milaka indigena, zurien gizartean asimilatzeko. Eragin izugarria izan zen, ez hizkuntzan soilik, baita tratu txar fisiko eta psikologikoetan ere. Baina hizkuntzan eragin zuen hondamendia erabatekoa izan zen, eta AEBetako hizkuntza gehienetan geratzen diren hiztunak oso zaharrak dira.

Seneca irakasleak (U.U.)

Tuscarora (sei irokes nazioetako bat) ama hizkuntza zeukan azken hiztuna 2020an hil zen. Berdin ez gertatzeko buru-belarri ari dira senecak, haurren eta helduen murgiltze eskoletan. «Belaunaldiko trauma dago, eta senecaz mintzatzen entzuten dizutenean harritu eta urduritu egiten dira. Ez gara asko ondo dakigunak, topaketak egiten ditugu, badago haurrei transmititzen hasi den familiaren bat ere».

New Yorkeko estatuak maiatzean omendu zituen 31 emakumeen artean Sandy Dowdy zegoen. Duela mende laurden institutuko irakasle postua utzi eta etxean seneca hizkuntzako haur eskola sortu zuen. Dowdyk esana du bere haurtzaroko egunik txarrena eskolan hasi zenekoa izan zela: «Ingelesez egin behar zenuen, eta nik ez nekien, gure etxean senecaz egiten baitzen; osterantzean, zigorra eta burla jasaten zenituen». Mende bat baino gehiago iraun zuten asimilazio politiken garaia zen. Halaxe, etxean hasitako eskola erreserbak utzitako lursail batera igaro zen. Hogei urte beranduago, fruituak begi bistan daude, badira hizkuntza dakiten belaunaldiak, eta oro har, eskola arruntean baino emaitza hobeak dituzte Faithkeepers-eko murgiltze eredutik pasatzen direnek.

10 urteko plana

Estatu Batuetako hizkuntza gehienen egoera senecaren oso antzekoa da. AEBetako zentsuen arabera, 370 mila lagunek hitz egiten dute herrialdeko hizkuntza indigenaren bat; ia erdiak navajo hiztunak dira. Hala, hizkuntza bakarrak gainerako 100 hizkuntza indigenek beste hiztun ditu. Edo bestela esanda, gainerako hizkuntzek oso hiztun gutxi dituzte, eta ia beti XX. mendearen erdialdean -edo lehenago- eten zen familia transmisioa. Hawaiiera izan zen hizkuntzaren galera berehalakoa izan zitekeela ikusi eta murgiltze ereduari ekin zion lehenetakoa, 1980ko hamarkadan. Ordutik, hawaiierazko eskolen sarea Ipar Amerikako herri indigena askorentzako eredu bihurtu da.

Txerokia da kide gehien erregistratuta dituen herri indigena Estatu Batuetan. 440 mila baino gehiago dira, baina haietako bi milak baino ez dakite txerokieraz. 2019an larrialdi egoera deitu zuten, eta 16 milioi dolarreko aurrekontua zeukan biziberritzeko ekimenari ekin zioten. Joan den azaroan Durbin Feeling Txerokieraren Zentroa ireki zuten Oklahoman, besteak beste, murgiltze eskolei eta hizkuntzari buruzko gainerako bulegoei aterpe emateko. Chuck Hoskin txeroki herriko buruak gogorarazi zuenez, «etorkizuneko belaunaldiek ez gaituzte epaituko gure kasinoen tamainagatik. Txeroki izateak esan nahi duenari bizirik eusten diogun ala ez epaituko du historiak; ea txerokiera salbatu ez ezik, jendearen bizitzen erdiguneraino biziberritzeko gai izan garen».

Ume lakotak murgiltze ereduan (U.U.)

Hoskinek berak ez daki txerokiz, «gaur egungo txeroki gehienak beren buruzagia bezalakoak dira: ez dute txerokiz egiten. Baina Durbin Feeling Language Centerrera sartu naizenean, txerokiz ari ziren gazteez inguratuta, inoiz baino harroago sentitu naiz. Badakit etxe handi honetan ikasten duen haur hauetako batek gidatuko gaituela egunen batean, txeroki hiztun gisa».

Biden eta indigenak

Joe Bidenen Gobernuak Deb Haaland ekintzaile indigena dauka Barne idazkari. Iaz egitasmo berria iragarri zuen hizkuntzak biziberritzeko, eta horretan zentratutako goi bilera berezia egin zuten Oklahoman urrian. Gero, Etxe Zurian egindako herri indigenen bilerako lehen lan saioa ere hezkuntza eta hizkuntzari eskaini zioten. Washingtoneraino joandako 300 buruzagi indigenaren aurrean mintzatu zen Biden. Unescok deitutako Hizkuntza Indigenen Hamarkadarekin batera, AEBetako Gobernuak ere hamar urteko planaren zirriborroa aurkeztu du, ekarpenak jaso eta 2023an behin betikoa izateko asmoz.

Sentsibilizazioa, aitormena, integrazioa eta babesa dira planaren lau zutabeak. Lehenengoak hizkuntzen garrantziaz jabetzea eta egoeraren larriaz ohartaraztea du helburu, eta bigarrenak egoera horretan AEBetako Gobernuaren erantzukizun historikoa aitortzea dakar.

Horri lotzen zaio integrazioa, hizkuntzen biziberritzea gizarteratzea, alegia, politika federaletan txertatzeko, «jatorrizko hizkuntzak biziberritzeko ekosistemak sortzeko beharra azpimarratuz», eta babesa, finantziazioan hasi eta baliabide federal eta filantropikoak hizkuntza indigenen zerbitzura jarriz.

Lakota Language Summit ekitaldiaren irudia (U.U.)

 

MICHAEL CARLOW, SENECA IRAKASLEA: «GAZTE LAKOTAK HIZKUNTZA IKASTEKO IRRIKAZ DAUDE»

Michael Carlow lakota irakaslea da eta Toscowe Tioscawe elkarteko burua. Hamabost urtez topaketak antolatu dituzte siux herriko mintzairetako hizkuntza eta hezkuntza arduradunekin. Zaldi Ero eta Zezen Eseri borrokalari historikoek hitz egiten zuten hizkuntzaren egoera gaur egun oso larria izanda ere, itxaropentsu ageri da Michael Carlow lakota irakaslea GAUR8rekin hizketan.

Lakota, dakota… zein alde eta ezberdintasun daude?

Lakota, dakota eta nakota denboran eta espazioan bereizitako herriak dira, eta euren hizkeretan zenbait aldaketa egon ziren, baina oro har elkar uler dezakegu. Arazoa da geratzen diren hiztun gehienak zaharrak direla, eta gure lana da hurrengo belaunaldiak ere hizkuntza jasoko duela bermatzea. Hizkuntzari bizirik eustea.

Zerk eragin zuen hizkuntza transmisioan etena, eta zelan egin diozue aurre?

‘Boarding school’ edo barnetegien ondorio da, errepresioaren ondorio, Elizaren jardueraren ondorio, umeak zigortu egiten zituzten euren hizkuntzan egiteagatik. Ni neu hizkuntzaren inguruan hazi nintzen, aitona-amonak hiztunak ziren, ulertzen nuen, baina hizketan ikasi behar izan nuen, beldurra gainditu. Orain, ahal dudan guztietan erabiltzen dut, haur, zahar, senide, lagun… eta poz handia ematen dit niri ere lakotaz zuzentzen zaizkidanean, hitz bat izan arren. Aldaketa handia gertatu da, ulertu da hizkuntza dela nortasuna, hiztunik gabe, alferrik dela, Gobernuak tribu gisa aitortu arren.

Hizkuntzaren inguruan lanean dabilen Toscowe Tioscawe elkarteko buru zara, eta topaketen antolatzaile.

Baneraman denbora bat lakota hizkuntza irakasten, eta ohartzen nintzen komunitatean genituen arazo ugarietako batzuk kolonizazio horren ondorio zirela. Hala sortu nuen Tusweca Tiospaye, hizkuntza indartzeko gazteen artean. AEBetako zenbait erreserbatara joan nintzen, hizkuntzan egiten ari zirena ikastera eta trebatzera. Gauzarik garrantzitsuenetakoa haur eskoletatik, txiki-txikitatik erabateko murgiltzea izatea da, eta horrekin batera, bigarren hizkuntza gisa jasoko dutenak, heldu gazteak bereziki, haurren gurasoak, kasu. Horrela eratu ahalko dugu komunitate bat, hizkuntza ofiziala lakota duena, era naturalean erabiliko duena.

Lakotaz murgiltze eskola asko daude?

Murgiltze ereduak 1990eko hamarkadaren erdian sortu ziren, baina aparteko enfasirik gabe. Azken urteotan izan du gorakada, urtez urte eskola gehiagok hartzen dute murgiltzea, eta ikasturteak gehituz doaz, mailaz maila, lehendik dutenari bat gehituz, graduatu arte. Gure lana guztiz boluntarioa da, hasi ginenean familiako talde bat ginen, senideei eskolak ematen, haurrei, ilobei, eta haziz joan da. Egun dena dago eskuragarriago. Talde txikiak ditugu, gogor lanean hizkuntza biziberritzeko; asko izan dira, baina era autonomoan, besteek zer egiten zuten jakin gabe. Nire ametsetako bat da erreserbetako elkarte eta eskola horien guztien indarrak batzea.

Horrela sortu zen lakotari buruzko konferentzia antolatzeko ideia duela hamabost urte?

Batez ere lakota, dakota eta nakota herriak bisitatu ditut, baita Kanada aldekoak ere, ikusi dut erronka berdintsuak ditugula; hizkuntzaren galerari aurre egitea, azken batean. Batuta bagaude, elkarrekin partekatzen badugu esperientzia, aukera handiagoa izango dugu.

Pandemia ostean berriz elkartu ahal izan zarete.

Pandemia oso gogorra izan da, zaharrekin batez ere, hiztun asko galdu ditugu, kulturaren eroaleak, eta horrek are gehiago utzi du agerian zeinen larria den egoera, zahar horietako asko benetako iturri aberatsak zirelako, eta ez dira itzuliko. Gure azken konferentzia oso inspiragarria izan da, orain arteko handiena, jende gazte askorekin, oso hunkigarria. Orain bertan teknologia da erronketako bat, nola erabili eta partekatu, zein aplikazio landu.

Tresna horietako asko ez daude komertzialki eskuragarri, eta onena da material horiek sortzen ari direnak partekatzeko gogoz daudela. Kanadako hiztun bat izan dugu bere ikasketa planak doan eskaintzen; denek nahi dute euren esperientzia banatu, metodoak eskaini, hor daude baliabide horiek. Eta garrantzitsuena jendea da, baliabide onena gure zaharrak dira, jatorrizko hiztunak, eta hizkuntza ikasi duten eta ikasten ari diren gazteak.

Elkarlan horretatik, programak egokitu litezke, eredu eta estrategiak partekatu. Zorionez, oso ondo dago dokumentatuta gure hizkuntza, eta baditugu etxetik hizkuntza dakiten hiztunak, alde handia da hori beste hizkuntza batzuen aldean. Eta batez ere, hizkuntza ikasteko irrikaz dauden haur eta gazteak ditugu.

Gobernuan ere jarrera aldaketa nabaritu duzue?

Gobernua hasi da dirulaguntzak ematen, baina ez da nahikoa mugimendu honen neurria eta programa kopurua aintzat hartuta, gehiago egin behar dute.

Baina itxaropentsu zaude.

Itxaropen handienetakoa gazteek ematen didate. Hizkuntza nahi dute, mintzatzen eta garraiatzen ari dira, oso jarrera ona dago. Badakite eurena den zerbait dela, hizkuntza etxean jaso ez arren, askok izan dute harremanen bat, gurasoek zerbait ulertzen dute, eta badago itzulera moduko bat praktika izpiritualetara ere. Baina hizkuntza da kulturaren oinarria. Zeremonietatik hasi eta kirol ekitaldietaraino, umeak gose dira hizkuntzan sakontzeko. Badakit hamar urte barru hizkuntza erabiliko duen belaunaldi berri hori izango dugula. Aldaketa handia izango da.