Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Miró, Picasso eta zenbait artista aktibisten aurkikuntza, Guggenheimeko aurtengo uzta

Joan Miró eta Pablo Picasso interes handia pizten duten egileak dira. Bi izen nagusi hauetan sustatzen da Bilboko Guggenheimek aurtengo prestatu duen egitaraua baina, era berean, Yayoi Kuama bezalako emakume apurtzaileen edo Oskar Kokoschka aktibistaren lanak ezaugutu ahal izango ditugu.

Yayoi Kusama japoniarraren atzer begira handia prestatu da. Irudian. bere ‘urrezko zapatak’.
Yayoi Kusama japoniarraren atzer begira handia prestatu da. Irudian. bere ‘urrezko zapatak’. (Guggenheim Bilbo)

2022 urtean, hain zuzen ere 25 urte bete zituen urtean, Bilboko Guggenheimek bere historiako hirugarren urterik onena izan zuen: 1.289.147 bisitari pasa ziren bertatik. Halere, ez da nahikoa, Juan Ignacio Vidartek, museoaren zuzendariak astelehenean aitortu duenez, pandemiaren aurreko egoerara itzultzea duelako xede Bilboko museoak.

25. urteurrenaren urte osoko ospakizunen ostean, espero zitekeen ‘bestondo’ antzeko baten menpean egongo zela Bilboko museo handia; baina ez dago betarik horretarako: zazpi erakusketa nagusi atondu dituzte urtean zehar erakutsi ahal izateko.

Asteburu honetan bertan itxiko ditu ateak ‘Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak’, 2022 urte osoan zehar museoaren funtsak ikusgai jarri dituen erakusketa handiak. Ondoren, eta urteko sasoiei lotuta, horrela banatuko du urtea Guggenheimek; neguan Joan Miróri buruzko erakusketa zabalduko da (‘Joan Miró. Errealitate absolutua’, otsailak 10etik maiatzak 25era); udaberrian, Oskar Kokoschka austriarraren atzera begirakoa (martxoaren 17tik irailaren 3ra), Lyneette Yiadom-Boakye britaniar idazle eta artistaren erretratuak (martxoaren 31tik irailaren 10era) eta Yayoi Kusama (ekainaren 27tik urriaren 8ra) japoniar artista ikonikoak erakutsiko duen punta-puntako lagina.

Udazkenarekin hauek iritsiko dira: Picassoren eskulturak (irailaren 29tik 2024ko urtarrilaren 14ra), Marine Hugonnier artista frantziarraren lan interesgarriak (urriaren 27tik 2024ko urtarrilaren 21ra) eta Gego edo Gedtrud Coldschmidt artista alemaniar-venezolarraren lana berreskuratuko duen atzera begirakoa (azaroaren 3tik 2024ko otsailaren 4ra).

Neguan, Miró

Otsailean, seguruenik bisitari ugari erakarriko duen erakusketa zabalduko da: ‘Joan Miró. Errealitate absolutua. Paris, 1920–1945’ izenekoa. Lucia Agirrek lagundu dio Enrique Juncosari komisario lanetan, eta haren hitzetan, XX. mendeko artista gailenetakoa den honi buruzko erakusketa anitz egin dira, baina gutxi Parisen 1920 eta 1945 urteen artean eman zituen urte zehatz horiei buruzkoa.

Pariseko arte garaikidearen mugimenduak gertutik ezagutu zituen Mirok sasoi horretan, eta haiek bere «urte eferbeszenteenak» izan zirela aipatu du Agirrek. Orduan idatzi zuen kataluniarrak: «Pintura akabatu nahiko nuke». Erakusketak biltzen dituen 25 urteetako ibilbidean Mirok etengabe landu zituen ideia berriak, bere hastapenetako errealismo magikoarekin hasi eta konstelazio itxuran ageri diren zeinuz osatutako lengoaiarekin buka.

Udaberriarekin, Oskar Kokoschka-ren arte iraultzailea

Martxoak 17tik irailak 3ra egongo da ikusgai Oskar Kokoschkari (1886–1980), Vienako modernismoaren aitatzat hartzen den artista austriarrari, espainiar Estatuan eskainitako lehen atzera begirako handia. Pariseko Musée d’Art Moderne eta Bilboko Guggenheim museoaren elkarlanetik sortutako lagin honi esker, artista aktibista honen ibilbide osoa gertutik ezagutu ahal izango dugu.

Vienan ospea lortu zuen artista errebelde honek –orduan Gustav Klimten laguntza jaso zuen, eta Kokoschkak berak eragin nabarmena izan zuen Egon Schiele gaztearengan– garai oso intentsoak bizi izan zituen, bi mundu gerren eraginak pairatu zituelako: lehenengoan soldadu egon zen, bigarrenean, erbesterako bidea hartu behar izan zuen nazien garaierarekin. Artista errebeldeak –‘basatitzat’ ere jo izan zuten– pintura tresna iraultzaile legez ikusten zuen. Artisten konpromiso politikoa defendatzen zuen, artea politikoa zen erabat beretzat, bere ustez kontzientziak piztea baitzen artearen eginbeharra.

Jarduera ugaritan aritu bazen ere —antzerkitik hasi eta aktibismo politikoraino, idazketatik pasatuz—, artea izan zen bere bizitza osoko hari nagusia. Izan ere, bere burua artista gisa etengabe berrasmatzeari utzi gabe, maisulanen ‘corpus’ artistiko iraultzailea sortu zuen: aktibismo politikoaren testuinguruan ekintzaile gisa, bai eta arte figuratiboaren bultzatzaile nahiz ‘arima-margolari’ gisa ere.

Lynette Yiadom-Boakye eta Yayoi Kusama

Artearen historian emakume gutxiren izenak aurki daitezke, beti bigarren mailan edo erabat ahaztuta egon direlako. Udaberriko bi erakusketa hauetako protagonistak emakumeak dira, gaur egungoak, baina belaunaldi desberdinetakoak.

Lynette Yiadom-Boakye (Londres, 1977) gaztea da, artista eta idazlea era berean. Pertsonaia atenporalen erretratuengatik da ezaguna. Denborarekin eta lasai begiratu behar diren lanak egiten ditu, poesiaz beteak. Jendaurrean lehenengoz aurkeztuko diren 2020 eta 2023 urteen artean sortutako margolanez eta ikatz-zirizko marrazkiz osatua egongo da maiatzak 31an zabalduko den erakusketa.

Yayi Kusama japoniarrak (Matsumoto, Nagano, 1929), ia 94 urte ditu, ordea. Artista eta idazlea da bera ere, eta XX. mendeko abangoardiaren ikono global bihurtu da. Hori bai, 90. hamarkadara arte ezezaguna izan zen erabat, orduan hasi baitzen artearen munduan ikusgarritasuna izaten. Azken zazpi hamarkadetan, sendotasunez jarraitu du bere ikuspegi abangoardista, estetika pertsonal berezia eta bizitzaren filosofia nagusia jorratzen. Haren lanak mugarik gabeko espazioekin eta birsorkuntzaren ziklo naturalei buruzko hausnarketekin liluratuko gaitu.

Erakusketak bere bizitzaren eta obraren historia kontatzen du. Azken hamarkadan artistak Estatuan izan duen atzera begirakorik handiena da: 200 bat obraz osatua —pinturak, marrazkiak, eskulturak, instalazioak eta haren happening-ak eta perfomanceak dokumentatzen dituen artxiboko materiala—, Kusamaren lana hartzen du aztergai, nerabe zela, Bigarren Mundu Gerran, egin zituen lehen marrazkietatik hasi eta murgiltze-artelan berrienetara bitarte.

Kronologikoki eta gaika antolatuta dago, eta sortzailearen gai nagusiak jasotzen ditu: Infinitua, Metaketa, Konektibitate erradikala, Natura kosmikoa, Heriotza eta Bizitzaren Energia. Yayoi Kusamaren unibertso obsesiboaren ikuspegi sakona eskaintzen du, ‘gizateria osoa sendatu’ nahian hamarkada luzez bere obrarekin gure unibertsoa astintzeko ahaleginean diharduen artistarena.

Udazkenean, Picassoren mendeurrena

2023a Pablo Picassoren urtea da, zalantzarik gabe. Bere jaiotzaren mendeurrenaren karira, hainbat erakusketa prestatu dira mundu osoan zehar eta, batez ere, Estatu espainiarrean eta frantziarrean. Horregatik ez zen erraza zerbait berria atontzea, ezta maileguan hainbat lan jasotzea ere, museoak berak aitortu duenez.

‘Picasso. Materia eta gorputza’ erakusketa irailaren 29an zabalduko da eta museoaren bigarren solairu osoa hartuko du. 45 obra inguru erakutsiko dira, Malagako Picasso Museoarekin elkarlanean prestatutako laginari esker. Eta zergatik eskultura? Pablo Picassok bere ibilbide artistiko zabalaren hasieratik landu zuelako eskultura, Malagako artistarentzat eskultura ez baitzen bigarren mailakoa bere ekoizpenean.

Bi emakume: Marine Hugonnier eta Gego

Marine Hugonnier (Paris, 1969) Londresen bizi den artista eta zinemagile frantsesa da, eta haren obrak munduaren interpretazio-baliabideak aldatzea bilatzen du etengabe. Horretarako, dokumental- eta fikzio- estrategiak erabiltzen ditu. Bere lanetan, esaterako, beroketa globalaren inguruko hausnarketa sakona egiten da arte munduaren ikuspuntutik. ‘Field Reports’ erakusketak urriaren 27an zabalduko ditu ateak eta udako unibertsitateko ikastaro bati egongo da lotuta, bertan artistak berak eta zenbait zientifikok parte hartuko dutelarik.

Azaroaren 3an, ibilbide zabalago baten parte den lagina iritsiko da, orain Mexiko Hiriko Jumexen Museoan, ondoren New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museumen eta udazkenean Guggenheim Bilbao Museoan aurkeztuko baita ‘Gego: Infinitua neurtzen’. Atzera begirako erakusketa honek Gego (Gertrud Goldschmidt, Hanburgo, 1912–Caracas, 1994) artista germaniar-venezuelarraren obrari ikusgarritasuna emango dio.

Gego Latinoamerikan XX. mendearen bigarren erdialdean izan den artistarik esanguratsuenetarikoa da. Arkitektura eta ingeniaritzako ikasketak egin zituen Alemanian, eta 1939an Venezuelara joan zen nazien jazarpenetik ihesi; han hasi zuen bere karrera artistikoa. Erakusketak agerian jarriko ditu Gegok arte moderno eta garaikideari egindako ekarpen formal eta kontzeptual garrantzitsuak, eta nabarmendu egingo ditu abstrakzio geometrikoa, arte zinetikoa, minimalismoa eta postminimalismoa bezalako mugimendu artistiko transnazionalekiko izan zuen interakzioa.