NAIZ
Errenteria

‘Erriola’ lelopean, Kilometroak 23 jaiaren urteko egitaraua aurkeztu du Orereta Ikastolak

Urriko lehen igandean, hilaren 1ean, hartuko du Errenteriak Kilometroak 23 jaia. Ordea, aurretik egitarau oparoa antolatua du, hiru zutoinetan oinarritua izan dena: komunitatea, euskara eta errelatoaren bidez egindako eskertza. Otsailaren 20tik 24ra izango dira lehen ekimenak.

‘Erriola’ lelopean antolatu du Orereta Ikastolak aurtengo Kilometroen edizioa.
‘Erriola’ lelopean antolatu du Orereta Ikastolak aurtengo Kilometroen edizioa. (Maialen ANDRES | FOKU)

Kilometroak jaiaren barruan, «Euskal Herri osora» begirako ekitaldiei ere tokia egin nahi izan die Errenteriak eta horri men eginez antolatu du Orereta Ikastolak 2023ko edizioaren egitaraua. ‘Erriola’ lelopean, lanerako hiru zutoin nagusi hartu dituzte sustatzaileek: komunitatea, euskara, eta errelatoaren bidez egindako eskertza. Asteazken honetan egin dute Lekuona fabrikan aurkezpena.

Itziar Navarro Orereta Ikastolako lehendakariak azaldu duenez, aurkeztutako programa ez da egitarau itxia; aitzitik, «egitarau irekia eta bizia da, eragileekin elkarlanean osatzen joango garena, bereziki herriko eragileekin», nabarmendu du.

Jaia egituratzeko hautatu diren ardatzen inguruan solastatu da, horien zergatiaz: «Orereta Ikastola 1963an sortu zen, 60 urte bete ditu aurten, beraz, 60 urte hauetan bidelagun izan ditugunei eskerrak emateko erabili nahi ditugu ekimenetako batzuk», aurreratu du.

Etorriko direnei ere, «euskaratik eta euskaraz», eskerrak eman nahi izan dizkie. Hala, euskara eta euskal kultura «erdi-erdian» jarri nahi izan dituzte «euskarak, euskal kulturak, Euskal Herriak ematen baitiote zentzua egiten dugun guztiari». Eta, azkenik, hirugarren zutoina «komunitatea» da: «Erriola, errioaren magaleko faktoria. Uraren gazi-gozoak, gorabeherek eta zubiek josten duten komunitatea», zehaztu du.

Nabarmendu nahi izan du zer erabilera izango duten lortuko diren etekinek ere. «Herriko eragileekin elkarlanean herrian euskara eta euskal kultura sustatzeko proiektu bat abian jartzeko, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako hainbat ikastolarekin abian dugun Zubiak Eraikiz egitasmoa sendotzeko, eta Orereta Ikastolako ikur den Añabitarte baserria eta inguruak biziberritzeko erabiliko dira».

Otsailetik uztailera

Egitaraua otsailaren 20an hasiko da, hain zuzen, ‘Euskaldunon Egunkaria’ itxi zeneko 20. urteurrena beteko denean. «Eskertzaren» helburuari atxikita, euskalgintzan eta euskararen garapenean funtsezkoak izan diren gertaerak oroitu nahi dira, aurreratu du. «Eta aurten, urteurrenei begiratuta, badira horretarako helduleku aski sendoak», esan du, ‘Egunkaria’ri erreferentzia eginez. Aipatu egunean ‘Egunero behar genuen’ liburuaren aurkezpena egingo da Lekuona fabrikan.

Lehen kolpe honi lotutako ekimenak otsailaren 24ra arte luzatuko dira. Zehazki, Jon Maiaren ‘Kantu bat gara’ emanaldiarekin itxiko da sorta hau, Lekuona fabrikan.

‘Eskertzaren’ helburua gogoan, Euskal Herri osora begira egingo den beste ekitaldietako bat izango da ‘Milimetroak: Batasunaren bidea’. Elkarlanaren emaitza izango da hau ere, besteak beste, Euskaltzaindiarekin antolatuko baita. «Euskara batuak euskararen bilakaeran iragan hamarraldietan izan duen garrantzia nabarmentze aldera, ‘batasunaren bidean’ ekarpena egin zuten hamabost lagunen lana goraipatuko da, eta omenaldia egingo zaie».

«Zentzuz betetako ekitaldia» dela adierazi dute. «1963an urrats erabakigarriak egin ziren Baionan euskara batuaren oinarriak jartze aldera; justu urte horretan hasi zuen bidea Orereta Ikastolak ere: 60. urteurrena du aurten. Ordutik prozesu jarrai bat izan da euskara batuarena, eta bide osoari erreparatu nahi zaio omenaldi ekitaldi honetan».

Hala, lurraldez lurralde, omenduak izango dira. Araban Raimundo Olabide eta Henrike Knörr; Bizkaian Resurrección Maria de Azkue, Luis Villasante, Julia Berrojalbiz, Gabriel Aresti eta Xabier Kintana; Gipuzkoan Julene Azpeitia, Koldo Mitxelena, Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’ eta Arantxa Urretabizkaia. Lapurdin Pierre Broussain, Zuberoan Jean-Louis Davant eta Nafarroan Arturo Campion eta Jose Maria Satrustegi.

Martxoaren 24an izango da omenaldia. Giza kate bat egingo da Errenteriako Zumarditik Donostiako Parte Zaharrera. «8.000 lagun inguruk bat egingo dute bidea osatzeko», aurreratu dute. Era berean, egun horretan bertan Errenteriako udaletxean egingo du Euskaltzaindiako zuzendaritzak bilera eta arratsaldean ekitaldi instituzional bat egingo da; «batasunaren bidean nabarmendutako hamabost pertsonak omentzeko izango da, bereziki. Hilda daude horietako asko, eta haien familiei adieraziko zaie esker ona».

Ikastolen Elkartearen izenean, Nekane Artolak nabarmendu du «gorazarrea» elkarlanaren fruitua izango dela:«Orereta Ikastolatik sortu den ideia honetan Euskal Herriko ikastolen aldeko bost jaialdiek hartuko dugu parte antolakuntzan, Ikastolak Herriari izeneko ideiaren baitan».

Programazio oparoa fasez fase garatuko da eta ekimenak antolatuta daude martxoan, maiatzean eta uztailean zehar. Jaialdiaren gunean informazioaren xehetasunak daude eskuragarri.