Arnaitz Gorriti

Eskuetatik ihes egin dio garaipenak Saski Baskoniari Kaunasen (79-75)

Azken bi minutuetara 73-75 aurretik sartu dira gasteiztarrak, baina azken bi minutu horietan 6-0eko partziala jaso dute, saskiratzeko aukera garbiak pasatzen utzita, batez ere hiruko jaurtiketetan. Top 8an sartzeko borroka asko nahasten da porrot honen ondorioz.

Steven Enoch bikain aritu da Kaunasen, baina ez da nahikoa izan.
Steven Enoch bikain aritu da Kaunasen, baina ez da nahikoa izan. (@EUROLEAGUE)

ZALGIRIS KAUNAS 79 - CAZOO BASKONIA 75

«Irabazten badugu, ihes egingo dugu sailkapenean. Galduz gero, Top 8an sartzeko tropelean murgilduko gara», esan zuen Joan Peñarroyak Zalgirio Arenan jokatu bezperan. Bada, bigarrena aukera egokitu zaio talde gasteiztarrari eta are amorragarriago dena, azken bi minutuetan ez du puntu bakar bat ere lortu. 73-75 aurretik iritsi da Baskonia azken bi minutuetara, baina Zalgiris Kaunasen eskarmentuak erabaki du. Hasteko, Ulanovas eta Rolands Smitsen bitartez berdindu dute, eta ostean, Butkevicius eta Dimsak jaurtiketa libreen marratik erabaki dute Zalgirio Arenako partidaren zoria.

«Azken bi minutuetan sartu ezik, ez dago irabazterik», gogorarazi du Pelarroyak berak partida amaitu berritan. Marinkovicek, Tadas Sedekerskisek eta Markus Howardek –azken honek birritan– partida erabakitzeko moduko aukerak izan dituzte, baina beste egun batzuetan sartu duten moduan, ostiral honetan kale egitea egokitu da.

Azpimarragarria da, izan ere, atsedenaldiaz geroztik Baskoniak 16 hirukotik 2 bakarrik sartu dituela, eta tarteka gertatzen diren bolada txar horiek bitarte, zorterik ez du izan partida erabaki den une horietan; garaipenak eskuetatik irrist egin dio. Rasheed Wallace handiak esan ohi zuen moduan, «Ball don't lie!»; alegia, baloiak ez dio gezurrik, eta partidaren azken egia puntu fakta horrek ezarri du gasteiztarren aurka.

Abiada bizian

Arrapaladan ekin dio norgehiagokak, talde biek erasoan sekulako etorria erakutsiz. Etorriaz gain, Hayes Zalgirisen pibot titularra bi pertsonalekin berehalako baten jarri dute gasteiztarrek eta horri esker jokoan eta markagailuan ekimena eramatea lortu dute hasieran.

Dena den, Lituaniako taldeak Rolands Smits aurkitu du eta letoniarraren eskutik, gehi erasoko errebotean egin duen erasana dela-eta, Zalgirisek arabarren erauntsia eutsi ez ezik, aurreneko laurdena 20-18 aurretik amaitu du, nahiz eta hirukorik bate ere sartu ez.

Hain zuzen, Zalgiris hirukoetan hain eskas aritzea abantaila handia izan da Saski Baskoniarentzat, Howard eta Rokas Giedraitiasen hirukoekin erantzun ahal izan baitu bigarren laurdenaren aurreneko minutuetan. Alabaina, bigarren laurdeneko protagonista Steven Enoch izan da, aspaldiko partez pibotak maila oso ona erakutsi baitu. Defentsan ohiko hankasartzeren bat izan badu ere, sendotasun eder askoa eman dio uztaipeko jokoari eta erasoko errebote pare bat ere harrapatu ostean puntu bikainak lortu ditu. Hala, unetxo baten lau puntuz atzetik ibili bada ere, 28-32 aurreratu da talde gasteiztarra.

Zalgirisek, hala ere, ez du atzera egin. Brazdeikis eta Smits beste behin maila bikainean azaldu dira neurketa berriz ere berdintzeko. Nolanahi, Saski Baskoniak erasoak errazago egin ditu talde lituaniarrak baino eta jaurtitzeko aukera errazago aurkitu du gehienetan, Darius Thompson kantxara itzuli denez geroztik batik bat.

Bestalde, Lukas Lekavicius antolatzaileak oso aurreneko erdi eskasa duelako, pare bat opari eder egin dizkio Zalgirisek Baskoniari. Bada, gasteiztarrak atsedenaldira 38-42 aurretik iritsi dira.

Eutsi bai, baina...

Hirugarren laurdenean aurkitu du Zalgirisek hirukoen bidea. Bost jaurtiketa sartu ditu 6,75 metroz haratago eta Baskoniak, aldiz, bakarra.  Hala, bost puntuz ere aurretik jartzea lortu dute etxekoek, Zalgirio Arenaren zoramenerako.

Edonola ere, Saski Baskoniak eutsi dio lituaniarren erauntsiari. Markus Howard, Kotsar edo Enoch lako jokalariek kate motzean lotu dute Zalgiris, nahiz eta markagailuan atzetik ekin  azken laurdenari: 61-60.

Marinkovicen bitartez, gasteiztarrek aurrea berreskuratu dute azken laurden horren hasieran, baina ihes egiteko aukeretan kale egin dute. Bada, amaiera estu-estuan erabaki behar izan da azkenean Zalgirio Arenako dema.

Besterik ezean, Ulanovas bilatu dute behin eta berriz etxekoek eta honek neurketa berdintzea lortu du, baina aurretik jarri gabe. Baskoniak pare bat aukera garbi galdu ditu berriz ere aurrea hartzeko, Hayesek Sedekerskisi jarri dio txapela tarteko, edo Markus Howardek 40 segunduren faltan eta 75na markagailua dela kale egin duen hirukoa, esaterako.

Eta hiruko horretan kale egitean Kotsarri Butkeviciusi eginiko falta adierazi diote. Azken hoinek ez du jaurtiketa libreen marratik hutsik egin, partida ordurako azken minutu erdian sartuta.

Markus Howardek berdintzeko azken aukera bat izan du, baina estatubatuarrak ez du asmatu, eta Dimsak jaurtiketa libreen marratik partidari azken errematea jarri dio. Gehiago merezi izan du Saski Baskoniak, baina azkenean baloia uztaitik pasa behar da merezimenduak gorabehera eta Zalgirio Arenan ez du pasatzerik nahi izan.

Berdinketa laukoitza

Baskoniaren porrotaren ostean, 13-11 balantzearekin berdindu dute bai gasteiztarrek eta baita Zalgirisek ere. Zorionez, puntu aldea kasu honetan arabarren alde dago, Buesa Arenan 93-73 nagusitu zirelako.

Alabaina, 13-11 balantzearekin beste bi talde ere badaude: Partizan eta Valentzia Basketek. Zeljko Obradovicen taldeak ostegunean jokatu zuen Munichen eta 71-82 nagusitu zitzaion Bayerni, Kevin Punter, Mathias Lessort eta James Nunnallyren lan bikainari esker.

Belgradoko «ehorzleak» 33-39 aurretik iritsi ziren eta hirugarren laurdenean erabaki zuten norgehiagoka 12-21eko partziala erdietsi ostean. Partixzanen kasuan, gainera, Baskoniarekiko puntu aldea beren mesederako da, Gasteizen luzapenean galdu baitzuten –irabazita zeukaten dema, bide batez– eta Stark Arenan, aldiz, 93-75 nagusitu ziren Obradovicenak.

Valentzia Basketek, bestalde, joan zen astean Maccabiren aurka Fontetan izan ez zuen zortea izan du ostiral honetan Atenasko OAKAn. Alex Mumbruren mutilen 91-92 irabazi diiote Panathinaikosi, partidako azken segunduan Chris Jonesek hirukoa saskiratu eta gero.

Ia beti atzetik joan dira valentziarrak, baina atsedenaldira 49-42 galtzin irisi eta gero, hirugarren laurdenean partida berdintzeko kapz izan dira, batez ere, Kyle Alexanderren 16 puntuei esker.

Dena dela, talde taronjak heroirik izan badu, hori Chris Jones izan da, baina ez azken hirukoagatik bakarrik, bereak izan baitira Valentzia Basketen azken 9 puntuak, guztira 24 saskiratzeko. Azken jokaldian, partida 91-89 zela, Derrick Williamsi iskin egin dio, eta erlojua azken segundua xahutzen ari zela ikusi arren, estutu gabe ¡, jartuketa libre bat bailitzan bota du azken hirukoa. Garbi asko sartu du eta PAO erantzuteko denborarik gabe laga du.

Baskoniarekiko, ez da arerio txarra Valentzia Basket, nolanahi. Euroligako aurreneko jardunaldian 71-81 nagusitu ziren Joan Peñarroyarenak Fontetan eta martxoaren 3an jokatu behar dute bueltako partida Buesa Arenan.

PARTIDAKO FITXA:

ZALGIRIS: Lekavicius (7), Butkevicius (4), Smits (20), Ulanovas (16) eta Hayes (2) –hasierako bostekoa – Birutis (4), Dimsa (7), Brazdeikis (15), Polonara (1) eta Dovydas Giedraitis (3).

BASKONIA: Darius Thompson (7), Markus Howard (15), Rokas Giedraitis (9), Matt Costello (6) eta Maik Kotsar (12) –hasierako bostekoa – Max Heidegger (3), Vanja Marinkovic (7), Tadas Sedekerskis (6), Sander Raieste (2), Steven Enoch (6) eta Daulton Hommes.

Partzialak: 20-18, 18-24, 23-18, 18-15.

Epaileak: Ryzhyk, Jovcic eta Peerandi. Sedekerskis egotzi dute.

Gorabeherak: Baskoniaren 700. partida Europan, horietatik 576, Euroligan. Arturs Kurucs utzi du Joan Peñarroyak deialditik kanpora. Turkia eta Siriako lurrikaran hildakoen omenezko isilunea gorde dute. Estoniatik 2.000 zale inguru joan dira Zalgirio Arenara, Kotsar eta Raieste animatzeko asmoz.