Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

«Herri honen erregenerazioa bultzatzea» du helburu EH Bilduk hauteskundeetan

«Herri honek erregenerazioa eta errehabilitazio sakonak behar ditu eta hauteskundeak horretarako aukera bat dira», nabarmendu Arnaldo Otegik EH Bilduren hautagai nagusienekin gaur Iruñean egin duten bileraren ondoren.

EH Bilduren hautagia nagusienak Arnaldo Otegirekin gaur Iruñean.
EH Bilduren hautagia nagusienak Arnaldo Otegirekin gaur Iruñean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Datozen udal eta foru hauestundeetako hautagaiekin bilera egin du gaur Iruñean EH Bilduren koordinatzaile orokor Arnaldo Otegik.

«Hauteskundeak guretzat aukera bat dira. Ez dugu eztabaida antzuetan erori nahi, aukera hori gure herriaren arazoetaz eta konponbideetaz aritzeko nahi dugu. Aukera hori ideiak herriarekin kontrastatzeko erabili nahi dugu. Gure ustez, herri honek erregenerazio eta errehabilitazio sakon bat behar du. Arlo ekonomikoan, arlo kulturalean, arlo politikoan, baloreetan», nabarmendu du Otegik komunikabideen aurrean egin duten ekitaldian.

Gauzak horrela, «herri honek ilusioa berreskuratu behar duela» gaineratu du Otegik, EH Bilduren helburua jendearetzat alternatiba hobeak eraikitzea dela erantsiz. «Herri honetan aukera aprobetxatu behar da jendeari oinarri sendoetatik abiatuta ditugun erronka guztiei aurre egiteko», esan du, jendeak «segurtasuna» behar duela azpimarratuz. Eskubide gehiago, beldur gutxiago eta justizian bizitzea ezinbestekotzat jo ditu.

Erregenarazio hori gidatzeko ekipoa aurkeztu du gaur Iruñean Otegik. «Ekipo itzela da, zer esango dut ba nik», bota du. Harago joanez, jendearen beharrei erantzuteko lanean eskarmentua dutela azpimarratu du. Mediku bat, irakasleak, gizarte laguntzaile bat, abeltzain bat, gazteriaren eskubideen alde lan egin duen militante bat dira ekipo hori osatzen dutenak. Laura Aznal (Nafarroa), Joseba Asiron (Iruñea), Juan Karlos Izagirre (Donostia), Maddalen Iriarte (Gipuzkoa), Maria del Rio (Bilbo), Iker Casanova (Bizkaia), Rocio Vitero (Gasteiz) eta Eva Lopez de Arroyabek (Araba) osatzen dute talde hori. «Pertsona konprometituak dira», azpimarratu du.

«Gauzak egin ditugu»

EH Bilduren eta beste indarren artean desberdintasun nagusienetako bat, Otegiren arabera, «guk gauzak egiten ditugula da». «Gauzak egingo genituela hitza eman genuen eta egin ditugu. Jendearentzat hobekuntzak ekarri ditugu. Orain jendearen aurrean jarri behar gara beraiek hitza dutela esateko», esan du.

EH Bilduk akordioak lortzen dituenean jendearen mesederako dela gaineratu du Otegik, «jendearentzat, ez EH Bildu bozkatzen duen jendearetzat, jendearen gehiengorentzat baizik». Pentsioen igoera horretan kokatu du, adibidez. Baita Nafarroan Gobernua sostengatzeko akordioak. Balantzea gazigozoa izan badaiteke ere, aukera ona izan zela nabarmendu du, horretaz gain eskubia erakundeetatik kanpo utzi zutelako. Etorkizunean ere hautu hori egingo duten ala ez galdetu diote kazetariek. Hauteskundeen emaitzei itxaron beharko zaiela erantzun du. «Nafarroan ere hauteskundeak irabaztea da gure helburua», gaineratu du.

Nafarroari dagokionean, jendearen beharrei erantzuten dien indar baten eta eskuinaren proiektuaren artean dela hautua esan du Laura Aznalek. EH Bilduk Nafarroa osorako (Beratik Cortesera) eta Euskal Herri osorako eta jendearen beharrei konponbideak eskaintzeko proiektua duela gaineratu du.