Andoni Arabaolaza

Erik Weihenmayer estatubatuarra, Paineko Dorreak (Txile) eskalatu duen lehen itsua

Erik Weihenmayer estatubatuarra Paineko Dorreak (Txile) eskalatu duen lehen itsua izan da. Bien bitartean, eskuineko besaurrea ez duen Solenne Piret frantziarrak izotzezko bide bat eskalatu du lehen aldiz.

Erik Weihenmayer estatubatuarra Paineko Dorreak (Txile) eskalatzen lehen itsua bihurtu da. Hain zuzen ere, Cristobal eta Juan Señoret anaiak eta Felipe Tapia sokakide zituela, Iparraldeko Dorrea eta Aleta de Tiburon izeneko murrua igo ditu. Solenne Piret frantziarrak, berriz, eskuineko besaurrea ez du, baina gai izan da izotzezko bide bat lehen aldiz eskalatzeko. Jarduera hori sokaburu sinatu du Ceillac-en (Frantzia): “Sombre Heros” (WI5).

Weihenmayer aski ezaguna da eskaladaren eta alpinismoaren munduan. Eskarmentu handia du, eta zalantzarik gabe aitor genezake kurrikulum itzela duela. 2001. urtean, adibidez, Everest mendia (8.848 m) igotzen lehen itsua izan zen. Urtebete beranduago, “Zazpi gailurrak” izeneko proiektua biribiltzen lehen itsua bihurtu zen. Azpimarratzekoa da ere, duela bederatzi urte beste itsu batekin, Lonnie Bedwell-ekin, Coloradoko Arroila Handian 450 kilometro egin zituela kayakean.

Abenturazale estatubatuarra beti egon da prest bere mugak gainditzeko, eta protagonistak berak onartu duenez Patagonia bisitatzea helburu zuen. Hain zuzen ere, Txileko Paineko Dorreetara bidaiatu du, eta Iparraldeko Dorrean eta Aleta de Tiburon horman egin dituen igoeretan hiru sokakide izan ditu: Felipe Tapia eta Cristobal eta Juan Señoret anaiak.

Azken hauek Weihenmayer-ek lortutako arrakastaren inguruan honako hausnarketa egin dute: «Erikek 54 urte ditu, eta hamalaurekin itsu geratu zen. Aukera ederra izan dugu gure lagunarekin bi tontor eta 20 egun partekatu ahal izateko. Ez dugu zalantzarik: inoiz ezagutu dugun gizabanako zoragarriena eta gehien inspiratu gaituena da. Burua oso sendo edukitzeaz gain, egoerak aurrera ateratzeko borondate ikaragarria du! Argi eta garbi utzi digu mugarik ez dagoela, eta Eriken eskaladek betiko markatu gaituzte. Bi xede horiei nola egin dien aurre ikustea sinestezina da».

Lehen helburua Iparraldeko Dorrea izan zen. Leiho on bat iritsi zenean, estatubatuarra eta gidari txiletarrak “Monzino” bidean (V+, 400 m) sartu ziren. Logistika bikaina antolatu zuten, eta txiletarrek esan dutenez Weihenmayer eta Tapia sokaren beste puntan joan ziren elkarrekin: «Feliperen lana Erik-i informatzea zen: nondik joan behar zuen, heldulekuen berri eman… Marra horrek bost orduko lana eskatu zigun. Klima perfektua zenez, tontorrean 45 minutu igaro genituen. Lau orduko jaitsieran ez genuen arazorik izan. Erik-ek eskaladan duen gaitasunak zur eta lur utzi gaitu; inoiz ez zen sokatik zintzilikatu! Izan duen motibazioak eta Patagoniako horma nahasi hori eskalatzen erakutsi duen trebetasunak markatu digute».

Bigarren erronka Aleta de Tiburon murru estetikoan izan zen. Ohiko bidea aukeratu zuten. Eremu alpino horretan estatubatuarrak ertzak, artesi perfektuak… eskalatu zituen. Hamabi luze izan ziren, eta joan-etorri osorako hamaika ordu behar izan zituzten.

Solenne Piret izotzean

Solenne Piret da bigarren protagonista. Ez du eskuineko besaurrerik, baina, haatik, horrek ez dio mugarik ezarri maite duen eskalada praktikatzeko. Gurasoak eskalatzaileak ditu, eta oso gaztetik blokean zein kirol eskaladan murgilduta egon da. Ondoren, hamar urte igaro zituen arroka ukitu gabe, baina 2017. urtean berriro itzuli zen. Azken urteotan egundoko progresioa izan du. Adibidez, kirol eskaladan 7b mailara heldu da. Hortaz gain, frantziarra aski ezaguna da paraeskaladako lehietan: 2018an eta 2019an Munduko Txapelketak irabazi zituen.

Baina Piret-ek “arantza” bat zuen askatzeko. Izotzaren mundu bertikala ezagutu nahi zuen, eta duela pare bat aste Ceillac-era (Frantzia) bertaratu zen: «Nire lehen bidea sokaburu egin berri dut. Oso-oso harro nago egin dudan lanarekin! Berez, hasieran soka gainetik eskalatzea pentsatu nuen; izan ere, izotzean eskalatzea oso korapilatsua da. Baina, azkenean, sokaburu joatea erabaki nuen».

30 urteko eskalatzailea “Sombre Heros” gainditu du; hots, 1980. urtean Jacques Perrier eta Jean-Marc Troussier eskalatzaile handiek zabaldutako bide klasikoa. WI5 zailtasuna du, baina Piret-ek onartu du egin berri duen jardueran maila horrek ez duela inportantziarik: «Izotzean lehen aldiz eskalatu dut, eta horri azpimarra berezia jartzen diot. Ohituta nago arrokan, baina izotza beste mundu bat da».

Adierazpen horiek ulertzekoak dira, besteak beste, kranpoiak eta pioletak erabili dituelako. Gai honen inguruan, frantziarrak zera adierazi du: «Askok galdetu didate nola konpondu naizen besaurrerik gabe bi pioletekin eskalatzeko. Eskuineko beso horrekin ezin dut kolperik eman; hortaz, ukondoarekin hartzen dut. Soilik zulotxo batzuk bilatzen saiatzen naiz. Eta izotza oso gogorra bada, pioleta eskuineko besotik ezkerrera aldatzen dut eta kolpea ematen diot. Batzuetan nahasia izan daiteke, baina egundoko erronka da!».