Jon Ormazabal

Indar erakustaldi bat emanda lotu dute Peña-Mariezkurrenak play offerako txartela

Partida oso lehiatu batean 22-18 irabazi diete aukerarik gabe geratu diren Ezkurdia-Martijari.

Jon Ander Peñak partida borobila jokatu du Tolosan.
Jon Ander Peñak partida borobila jokatu du Tolosan. (Jon URBE/FOKU)

Hirugarrenetik seigarrenerako postuak zein ordenetan beteko dituzten jakitea da aurtengo Binakakoari geratzen zaion bakarra, Peña eta Mariezkurrenarren aurka 22-18 galduta, inolako aukerarik gabe geratu baitira Ezkurdia eta Martija, 2020ko txapeldunak. Tolosarra eta Berriozarkoarekin batera, Urrutikoetxea-Albisu, Laso-Imaz eta Peio Etxeberria-Rezusta seina punturekin berdinduta daude eta azken jardunaldian erabakiko da zein ordenetan amaituko duten.

Azken partida horretara indarberriturik helduko dira Peña eta Mariezkurrena, partida erabakigarrian oso itxura ona eman baitute Tolosan. Piloteoan oso nagusi izan dira eta larunbateko huts kopurua zertxobait gutxituta, aukerarik gabe utzi dituzte sakandarrak. Hasieratik oso indartsu ekin diote lehiari Baikokoek eta 4-0 aurreratu dira, gero partidan zehar etorriko zenaren aurrekari gisa.

Ezkurdia eta martija ez dira gaizki aritu, tarteka defentsa ikaragarria erakutsi dute, baina txapelketa osoan zehar bezala, jarraikortasuna falta izan dute euren jokoan eta euren akatsa ez da gaurkoa izan, aurreko asteetan izan duten lehiakortasun ezarena baino. Bainaren bat jartzekotan, Ezkurdiari ezker gantxoarekin gehiago asmatzea falta izan zaio, orain arte bezala, baina saiatu da partidaren erritmoa aldatzen, aurkariek zuzen jokatuta asko dominatu dutelako.

Peñaren egun handia

Kontua da, Jon Ander Peñak sekulako partida jokatu duela etxean Inauteriei agur esateko jaialdian. Mariezkurrenak ere asko, ikaragarri eman dio pilotari, baina tolosarrak gaurkoan defentsan lan ikaragarria egin du, baita batzutan hainbeste kostatzen zaion zabalean ere. Lehendik ere erakutsia zuen tolosarrak egun handietan hazi egiten dela, eta gaurkoan uste hori berretsi du, partida handia jokatuta.

Egia da, tarteka, hein handi batean Baikokoek egindako hutsak medio, Ezkurdia eta Martija markagailuan gerturatu direla, baina partisa osoa defentsan aritu behar izan dute eta ezinezkoa egin zaie.

FITXA TEKNIKOA:

Ezkurdia-Martija: 18

Peña-Mariezkurrena: 22

Pilotakadak: 549. Iraupena: 67 minutu. Markagailua: 0-4, 2-4, 2-5, 5-5, 5-6, 6-6, 6-9, 7-9, 7-11, 9-11, 9-12, 10-12, 10-13, 11-13, 11-15, 14-15, 14-17, 15-17, 15-19, 17-19, 17-21, 18-21, 18-22. Sakeak: 2 Ezkurdiak eta 1 Peñak. Egindakoak: 6 Ezkurdiak, 1 Martijak, 11 Peñak eta 1 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 6 Ezkurdiak, 2 Martijak, 5 Peñak eta 5 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Sarrera bikaina, ia beteta, Tolosako Beotibarren.