Andoni Arabaolaza

Matias Sergok beste «itzuli» bat eman dio Aconcaguari

Mendizale argentinarrak hamaika ordu baino gutxiago behar izan ditu kanpaleku nagusia, Poloniarren glaziarra eta gailurra lotzeko. Jaitsiera, berriz, hiru orduan egin du.

Matias Sergok ondo baino hobeto ezagutzen du Aconcagua. Uda iristen denean, Amerikako mendi garaienean zama eramaile lanetan jarduten du. Hortaz gain, mendizale eta korrikalari aparta da.

Duela hiru urte, argentinarrak Amerikako mendi altuenari itzulia eman zion. 25 ordu eta 23 minutu (gailurra zapaldu zuen) behar izan zituen “360º” izeneko proiektua sinatzeko. Duela astebete, berriz, Aconcaguari beste «itzuli» bat eman dio.

Literalki ez zuen inguratu, baina bai, ordea, beste ekarpen bat egin du. Poloniarren glaziarretik igo da. Bakarrik. Eta eskalada horretan 10 ordu eta 50 minutuko denbora egin du. Ziztu bizian egin zuen jaitsiera: hiru ordu. Joan-etorri guztia 11 kilometrokoa izan zen.

Abiadura errekorrei dagokienez, esan behar dugu Aconcaguan saiatzen direnek ohiko bidea aukeratzen dutela. Igoera horri Sergok beste plus bat gehitu nahi izan dio, eta Poloniarren glaziarra eskalatzea helburu izan du: «Aspalditik nuen amets hori. Bigarren kanpalekura arte mantso joateko asmoa nuen; izan ere, glaziarra indarrez zeharkatzea zen xedea. Lau ordu eta erdi egin nituen tresneria garraiatzen. Onartu behar dut ez naizela alpinoan joan. Zama gehiegi eraman nuen: 15 kilo! Eta horregatik denbora gehiegi galdu nuen. Baina eremu hori arriskutsua da, eta akatsek ez dute lekurik. Bigarren kanpalekura iritsi baino lehen elurezko xafla bat dago, eta arriskatzeak ez zuen zentzurik. Hurbilketa bidea bota arinekin egin nituen, eta ondoren alpinismorako tresneria jarri nuen: bota bikoitzak, beroki egokiagoak, kranpoiak… Goizeko 7etan glaziarra igotzen hasi nintzen. Erritmo oso onean joan nintzen; gainera, eguraldiak asko lagundu zidan. Bederen, ez zuen haizerik egin».


Glaziarra

Alpinista argentinarrak baieztatu du Poloniarren glaziarra baldintza egokietan zegoela. Lehen 200 metroetan azkar joan zen, baina hortik penitenteek (lurretik altxatzen diren izotzezko zutabeak) buruhauste bat baino gehiago eragin zizkioten. Batzuk oso txikiak ziren, eta elurrarekin estalita zeudenez orekari eustea zaila egin zitzaion.

Sekzio hori gainditu bezain pronto, «Botila lepoa» izeneko tarteari aurre egin behar zion: «Hara heltzeko dagoen errimaia txiki bat saihestu behar nuen. Nire kide batek jarritako soka finko bat erabili nuen zati arriskutsu hori segurtasunarekin igarotzeko. Bakarrik joan nintzenez, neure burua ahalik eta hobekien babestu behar nuen. Zuhurtzia jardueraren giltza zen. ‘Botila lepoa’ arazorik gabe gainditu nuen. Ondoren, tximinia aurrez aurre nuen. Ordurako, nekeak abisua eman zidan. Tximinian sartu eta han zegoen sokara lotu nintzen. Baina soilik metro gutxi batzuk izan ziren. Tximinia hori eskalatzea oso atsegina izan zen. Izotz gutxi zegoen, eta ia dena arrokan igo nintzen».

Sekzio horretatik atera baino lehen elur sakonarekin egin zuen topo. Berriro soka finkoan lotu zen; alabaina, izotz kristala zuen tarte bat (20 metro) librean joan zen. Ordurako, Sergo oso nekatuta zegoen, eta onartu du energia ia guztiak xahutu zituela: «Banekien Poloniarren glaziarra amaitzeko azken zatia zela. Eguerdiko 12etan, berriz, telefonoa hartu eta kideei esan nien glaziarra gainditu eta ondo nengoela. Gainera, zailtasun teknikoak hor amaitzen ziren. Tontorra zapaltzeko ordu erdi bat falta zitzaidala aurreikusi nuen, baina, ez, ordubete eta hogei minutu izan ziren. Lur jota nengoen! Uste dut Aconcaguan inoiz egin dudan jarduera gogorrenetarikoa izan dela. Erabat hustu ninduen!».

Tontorrean zela, lagunekin hartu-emanetan jartzen saiatu zen. Denbora galdu gabe, bide normalak duen hirugarren kanpalekura jaisten hasi zen. Garaiera galtzen hasi zenez, argentinar hori energia berreskuratzen hasi zen: «Kanpaleku horretan atseden pixka bat hartu nuen. Botak aldatu, hidratatu… eta oso azkar jaisten hasi nintzen. Denera, hiru ordu izan ziren».

Lerrootako protagonistak onartu du Aconcaguan bertan egin dituen beste igoerekin alderatuta, azken hori ezberdina izan dela. Aurrekoetan oinez joan da, baina duela astebete egin zuen horretan eskalatu du: «Muturrekoa izan da, ’360º’proiektua baino gogorragoa eta zailagoa. Nahiz eta ‘Botila lepoa’ izeneko sekzioan hustu nintzen, ez nuen etsi. Ez dakit energia nondik atera nuen! Denboraldi honetan helburu hori egiteko gogo handiz nengoen, eta arrakasta horrekin erabat pozarren nago. Igoera hori garbiagoa (alpinoago) egin daiteke. Agian, berriro saiatuko naiz».