Jon Ormazabal

Larrazabalen ausardiak Altunaren senarekin egin du talka Zallan (22-19)

Lehen zati luzean erasoan deseroso xamar aritu bada ere, azken txanpan amezketarrak asko asmatu du eta Urrutikoetxea-Albisuri asko zaildu zaizkie hirugarren edo laugarren postuetan amaitzeko aukerak.

Beste behin Altuna erabakigarria izan da azken txanpan.
Beste behin Altuna erabakigarria izan da azken txanpan. (Iñigo URIZ/FOKU)

Larunbatean Labriten eta igandean Astelenan ematen diren emaitzen zain geratu beharko dute Urrutikoetxea-Albisuk play offera zein posiziotan sartzen diren jakiteko, baina horren preziatuak diren hirugarren eta laugarren postuak asko zaildu zaizkie ataundarrak eta Larrazabalek Altuna eta Tolosaren aurka Zallan 22-19 galdu ostean. Egungo aurrelaririk onenetakoren baten aurka jokatu duen lehen partida, amurrioarrak ausart jokatu du, tarteka amezketarra soken aurka ere izan du, baina honek bere ohiko sena berreskuratu duenean, ez dio ligaxkari garaipen berri batekin agur esateko aukerari ihes egiten utzi nahi izan.

Jokoan askoz gehiago izanagatik, kosta egin zaie Larrazabal eta Albisuri partidan sartzea. Eraman gabe utzitako hiru sake, Altunaren gantxo bat eta Tolosak ondo baztertutako pilotakada batekin, berehala 6-0 aurreratu dira Aspekoak, ezer askorik egin beharrik gabe. Hala ere, amurrioarrak eta ataundarrak berehala orekatu dute partida, arabarraren erasoko erakustaldi baten ostean. Parean Jokin Altuna izateak ez du kikildu aurrelari gaztea eta era guztietako tantoak lortu ditu, gehienak pilotari abiadura sartuz, baina baita txokoan goxo utzitako bakarren batekin ere.

Albisu, indartsu

Atzean ere, hasierako zalantzak uxatuta, Jon Ander Albisu ere asko dominatzen hasi da eta markagailua berdintzeaz harago, aurretik ere jarri dira (8-11). Xabi Tolosak ere jo ditu pilotakada on batzuk eta agian Jokin Altuna izan da bere mailatik behera aritu dena, ohikoak ez dituen pilotak galduz.

Hala ere, nekez kateatzen ditu amezketarrak bi partida txar segidan, astelehenean ez zen finegi aritu Tolosan eta, hasieran kosta bazaio ere, nekearen erruz edo sartzeko aukera gehiago izan dituenean, ohiko irabazle sena berreskuratu eta partida irauli du. Sakea izan du lehen arma, binakako partida baterako asko (6) sartu dizkio bestela pilota bakarra galdu duen Albisuri. Hala lortu dute gipuzkoarrek bigarren atsedenaldi luzera aurretik heltzea (18-16) eta azken txanpan bere erasoko jokaldien bildumatik ale ederrak atera ditu garaipena ziurtatzeko.

 

FITXA TEKNIKOA:

Altuna III.a-Tolosa: 22

Larrazabal-Albisu: 19

Pilotakadak: 513. Iraupena: 58,12 minutu. Markagailua: 6-0, 6-1, 7-1, 7-6, 8-6, 8-11, 11-11, 11-12, 13-11, 13-15, 17-15, 17-16, 21-16, 21-19, 22-19. Sakeak: 6 Altuna III.ak eta 1 Larrazabalek. Egindakoak: 9 Altuna III.ak, 2 Tolosak, 10 Larrazabalek eta 2 Albisuk. Galdutakoak: 5 Altuna III.ak, 1 Tolosak, 5 Larrazabalek eta 1 Albisuk. Gorabeherak: Sarrera polita Zallako Mimetiz pilotalekuan.