Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Rita O'Hare zendu da, «Sinn Feinen motorra» eta bake-prozesuaren funtsezko bultzatzailea

Rita O'Hare (Belfast, 1943) militante errepublikanoa ostiralean hil zen Dublinen, 80 urte zituela. 1998tik aurrera Sinn Feineko zuzendaritzako kide izan da eta alderdiaren ordezkari gisa aritu da AEBn. Ostiral Santuko Akordioak lortzeko negoziazioetan eginkizun garrantzitsua izan zuen O'Harek.

Rita O'Hare (Belfast, 1943) 80 urte zituela zendu da.
Rita O'Hare (Belfast, 1943) 80 urte zituela zendu da. (@sinnfeinireland)

«Abertzale sutsua izan zen, Sinn Feinen eta Irlandako borroka errepublikanoaren motorra». Horrela definitu du Mary Lou McDonald Sinn Feineko presidenteak Rita O'Hare, azken hamarkadetan mugimendu errepublikanoaren kide garrantzitsuenetako bat izan dena. Alderdiaren modernizazioan eginkizun garrantzitsua izan zuen O'Harek. Bake-prozesuan bere lana giltzarria izan zen, besteak beste, AEBko Administrazioko goi-ordezkarien artean babes handia lortu zuelako.

Lau seme-alabaren ama zen, amona eta birramona, O'Hare Dublingo bere etxean hil zen ostiral gauean, 80 urte zituela.

Bizitza osoa militatzen

Rita O'Hare Belfasten jaio eta hazi zen. Bere ama, Maureen, Belfast Ekialdeko Ballymacarett (Short Strand) eremu nazionalistatik zetorren, eta bere aita, Billy, protestante sozialista zen, aita ingelesa eta ama galestarra zituela.

O'Harek eskubide zibilen aldeko kanpainan parte hartu zuen eta, geroago, Gobernu britainiarraren errepresioaren aurkako erresistentzian. 1970eko hamarkadaren hasieran, Belfastetik ihes egin behar izan zuen bere militantzia errepublikanoagatik.

Izan ere, O'Hare 1971ko urrian atxilotu egin zuten Frazer Paton britainiar armadako ofizialordea hiltzen saiatzea leporatuta, eta fidantzapean aske geratu ondoren, Dublinera ihes egin zuen bere senarrarekin, Gerry O'Hare, Belfasteko IRAko kide ohia eta kazetaria. Ordurako hiru seme-alaben gurasoak ziren. Dibortziatu ondoren, Brendan Brownlyrekin ezkondu zen, Dublinen bizi zen errepublikano batekin.

Irlandako hiriburuan irlaren batasunarekin konprometitutako ekintzaile errepublikanoa izaten jarraitu zuen. Gainera, O'Harek hiru urteko zigorra bete zuen Limericken, lehergaien kontrabandoa leporatuta, eta 1979an askatu zuten. Estraditatzeko britainiar saiakera bat blokeatu zuen Irlandako Auzitegi Gorenak 1978an, eta ustezko delituak argi eta garbi politikoak zirela ebatzi zuen epaian.

AEBtan eragina

Belfastera itzuli ordez, O'Hare Washingtonera joan zen, Sinn Feinek AEBetan zuen ordezkari nagusi gisa. ‘An Phoblacht’ aldizkariaren editorea izan zen ere, Sinn Feineko publizitate zuzendaria eta idazkari nagusia.

Rita O'Hare (eskuinean), Sinn Feineko ordezkaria Hegoafrikan 1995ean, Nelson Mandela Hegoafrikako presidentearekin batera.

Funtsezko figura izan zen O'Hare AEBen babesa lortu eta mantentzeko, batik bat bake prozesuaren urte erabakigarrietan. Demokrata nahiz Errepublikar administraziotako ordezkariekin eskuz esku lan egin zuen. O'Hare oso errespetatua zen irlandar diasporan, eta agintari ohi askok bisitatu zuten azken asteetan zehar.

Nazioartean Sinn Feinek ateak itxita zeuzkan garaian, O'Harek bide berriak zabaltzeko lan egin zuen. Adibidez, bake akordioen aurretik Gerry Adams AEBetara sartu ahal izateko lan diplomatiko handia egin zuen. 1994an lortu zuten lehendabizikoz, Bill Clinton lehendakari zenean. Gerry Adamsek mundu osoko agintariekin izandako bilera askotan O'Hare zen giltza. Buruzagi errepublikanoak bien artean zegoen kidetasuna eta maitasuna azpimarratu du.

Jazarpena, etenik gabe

Nazioartean lan egin arren, O'Hareren aurkako jazarpen politikoa ez zen eten. Errepublikanoek «sekurokrata» deitzen zituzten horiek beti izan zuten buruan bera atxilotu eta kartzelara sartzea. O'Hare Belfastetik ihes egin zueneko auziak itxi gabe zeudela salatzen zuten unionistek.

Adibidez, Jonathan Powellek, bake-prozesuan britainiar ordezkaria zenak, Ritari Belfastera ez itzultzeko iradoki zion, atxilotzeko arriskua zegoelako. Horregatik unionistek Powell bera jazarri zuten. Negoziatzaile britainiarrak, ordea, argi erantzun zuen, O'Hare negoziazioetan errepublikanoen ordezkaria zela eta hori babestu behar zela. Atxilotuz gero, Adams eta enparauek ziria sartu zietela pentsatuko zutela gaineratu zuen, eta hori ez zela bidezkoa.

Errepublikanoen miresmena

«Egun tristea da Irlanda osoko errepublikanoentzat eta Ritaren lagun ugarientzat muga hauetatik haratago, bereziki Estatu Batuetan. Baina, batez ere, galera ikaragarria da Ritaren senarrarentzat, Brendenentzat, Terry, Frances, Rory eta Ciaran seme-alabentzat, bilobentzat, birbilobentzat, Alan anaiarentzat eta, oro har, familiako kideentzat», nabarmendu du Mary Lou McDonald-ek ohar batean.

«Rita O'Hare eragin handiko ekintzaile errepublikanoa izan da hamarkadetan, eta figura garrantzitsua Irlandako bake-prozesuan. Sinn Feinen zuzendaritzako kide izan zen alderdiaren garapenaren etapa garrantzitsuetan eta bake prozesuaren etapa erabakigarrietan, eta Ritak bultzada, energia eta gaitasun handiz lan egin zuen Irlandaren batasunaren alde, gizarte bidezkoago baten alde eta bakearen alde», gaineratu du errepublikanoen buruzagiak.

Alderdiko presidentearen arabera, «Rita pentsalari politiko argia eta estrategikoa izan zen», baita «komunikatzaile bikaina eta publizista trebea» ere. «Lehen lerroan egon zen, Sinn Fein gaur egungo alderdi politiko moderno, arrakastatsu eta herrikoia izan zedin ahalbidetuz. Ritak bilakaera horretan izango duen funtsezko papera bere ondare politiko iraunkorra izango da», azpimarratu du McDonald-ek.