NAIZ

Zubietako erraustegiko isuriei buruz GuraSOSek zabaldutako informazioa «gezurra» dela dio GHK-k

Zubietako isuriak Zurriolara botazeko Lakuaren baimena bertan behera geratu zela zabaldu zuen atzo GuraSOS elkarteak. Erraustegia ustiatzen duen GHK erakundeak hori «gezurra» dela erantzun du ohar batean.

Zubietako erraustegia 2021eko urtarrilean hartutako irudi batean.
Zubietako erraustegia 2021eko urtarrilean hartutako irudi batean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Zubietako isuriak Zurriolan botatzeko Lakuaren baimena legez indargabeturik geratu zela zabaldu zuen GuraSOSek atzo. Gaur, berriz, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak (GHK) informazio hori «gezurra» dela adierazten duen ohar bat igorri du komunikabideetara.

«GHK-k adierazi du gezurra dela administrazioaren isiltasuna negatiboa dela eta, beraz, funtsezkoa ez den baimena emanda dagoela», dio oharrean.

GHK-k azpimarratu du «guztiz faltsua dela balorizazio energetikoko instalazioak ingurumen araudiaren ez-betetze larriak dituela; izan ere, ingurumenari buruzko legeria guztiz betetzeaz gain, haren gas kutsatzaileen emisioak araudiak ezarritako mugen oso azpitik daude, bai Espainia mailan, bai Europan», gaineratzen du.

Horrekin batera, GHK-k dio «gezurra dela Zurriolako hondartzara ur kutsagarriak isuri behar dituenik». Azaldu duenez, «izapidetzen ari dena prebentzio eta segurtasun obra gehigarri bat egitea da, egunen batean beharrezkoa balitz instalazioko hondoko draineko ura tratamendu instalazio batera ponpatu ahal izateko».

«GHK-k baieztatu du prebentzio eta segurtasun jarduera hutsa dela, segurtasun sistema gehigarri eta erredundantea, instalazioen segurtasuna are gehiago handitzeko», erantsi du.

GHKren oharrean, beste behin, GuraSOS elkartearen kontra jotzen du eta «bere tratamendu azpiegiturei dagokienez gipuzkoarrengan sortu nahi duen alarma sentsazioa» leporatu dio.

«Gipuzkoan azken bi legegintzaldietan zerotik eraikitako hondakinen tratamendu guztiek nazioarteko estandar guztiak betetzen dituztela eta nazioko eta nazioarteko erreferentziazko eredu bihurtu direla», aldarrikatu du Zubietako errauste-planta goraipatzeko.