NAIZ

Gizon batek salatutako sexu-erasoa ikertzen ari da Ertzaintza Barakaldon

Ertzaintzak Barakaldon atzo gertatutako eraso bat ikertzen ari da, gizon batek salatutakoa. Udalak Erasoen Aurkako Mahaia deitu du.

Zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, gizon batek salatutako sexu-eraso bat ikertzen ari da Ertzaintza Barakaldon. Salaketa bi gizonen aurkakoa da, salatzailearen etxean izandako gertakariengatik. Honek esan duenez, beste biak etxean sartu eta sexu erasoa egin zioten.

Barakaldoko Udalak udalerriko hainbat eragilek osatzen duten Erasoen Aurkako Mahaia deitu du ostiral honetan. Salaketa-protokoloa martxan jartzeko biktimaren onespenaren zain dago, tartean gertatutakoa gaitzesteko kontzentrazio bat deitzeko.

Argitan Barakaldoko emakumeentzako aholku etxeko bozeramaile batek adierazi du herrian izaten ari diren eraso gorakada «kezkagarria» dela. Halaber, gaineratu du erakundea kolektibo feminista den heinean, eraso guztiak salatzen dituztela.