NAIZ

Alaskan petrolioa erauzteko proiektu polemiko bat onartu du Joe Bidenek

Estatu Batuetan kritikatua izan den petrolioa erauzteko ‘Willow’ proiektua onartu du Joe Biden presidenteak. 17.000 milioi dolarreko etekina nabarmentzen dute, baina, ohartarazi dutenez, ingurumenean eragin handia izango du Alaskan 239 milioi tona berotegi efektuko gas airera askatuko dituelako.

Zundaketa ‘Willow’ proiekturako proposatutako gunean.
Zundaketa ‘Willow’ proiekturako proposatutako gunean. (@COP_Alaska)

Joe Biden AEBko presidenteak Alaska estatuan petrolioa erauzteko proiektu polemiko bat onartu du astelehen honetan. ConocoPhilips petrolio-enpresa erraldoia izango da ‘Willow’ bezala ezagutzen den proiektuaren buru eta talde ekologistek gogor kritikatu dute.

Proiektua Alaskako Petrolio Erreserba Nazionalaren barruan egingo da, Gobernu federalaren lur publikoetan, eta zirkulu polar artikotik 200 bat milia iparraldera, biodibertsitatean aberatsenetako bat eta Estatu Batuetan gutxien esploratutako lekuetako bat.

Oraingoz, Bidenen Gobernuak ConocoPhillipsek petrolioa ateratzen hastea hiru eremutan baino ez du baimenduko. Enpresak zulaketa-lanak beste bi puntutan hastea eskatu zuen, baina Gobernuak erabakia atzeratu du, proiektuaren berri ematen duen txostenean agertzen denez.

250.000 lanpostu eta 17.000 milioi dolarreko etekina

ConocoPhillips-en arabera, proiektuak egunean 180.000 petrolio-upel ekoitzi ahal izango lituzke errendimendu gorenean dagoenean, 250.000 lanpostu sortuko ditu eraikuntza-fasean, eta beste 300 lanpostu modu iraunkorrean funtzionamenduan dagoenean.

Halaber, ‘Willow’ proiektuak 8.000 eta 17.000 milioi dolar artean sortuko ditu Gobernu federalaren, Alaskako estatuaren eta inguruko tokiko gobernuen zergen bidez, ConocoPhillipsek bere webgunean adierazi duenez.

‘The Guardian’ egunkariaren arabera, enpresak esan du urtzen ari den permafrosta berriro izoztu nahi duela erabiliko duen ekipamendua egonkortzeko, baina proiektuak AEBetako «karbono-bonba» handienetako bat sortuko luke. Horrela, 2030erako energia berriztagarrien proiektu guztiek batera murriztuko lituzketen emisioen bikoitza baino gehiago sortuko luke proiektuak.

Hitzemandakoa ez du betetzen

Ingurumenaren aldeko dozenaka taldek, hala nola Baliabide Naturalen Defentsarako Kontseiluak (NRDC, ingelesez), Bidenen erabakia kritikatu dute, berotegi-efektuko gasak murrizteko eta energia garbia sustatzeko egindako promesak ez dituela betetzen iritzita.

«Administrazio honek klimaren eta ingurumen-justiziaren alde egin duen guztiaren ondoren, lazgarria da Artikoko komunitateak pozoituko dituen eta hainbat hamarkadetako kutsadura pilatuko duen proiektu baten onarpena ezagutzea. Ezin dugu onartu», jaso du ‘The Guardian’ek Lena Monffitt Evergreen Action taldeko zuzendari exekutiboaren adierazpenetatik.

Horrela, klimaren aldeko hainbat taldek ohartarazi dute aukera desberdinak aztertuko dituztela, Bidenen Gobernua auzitara eramatea barne, proiektua geldiarazteko.

Seinalatu dutenez, ‘Willow’k 239 milioi tona berotegi efektuko gas airera askatuko ditu proiektuaren 30 urteko bizitza baliagarrian, hogei bat erakundek, tartean ‘Alaska Wilderness League’k, ohar bateratu batean adierazi dutenez.

Proiektuaren iragarpena Bidenen Gobernuak Ozeano Artikoan eta Alaskako Ipar Maldan petrolio-zulaketari mugak jarriko dizkiola aurreratu eta biharamunean egin dute, talde ekologistak pozik uzteko ahaleginean.

Natibo batzuk, alde

‘The Guardian’ek zabaldu duenez, Alaskako tribuen erakunde batzuek, besteak beste, Iñupiat Community of the Arctic Slope eta Alaskako Natiboen Fundazioak, proiektuaren alde agertu dira.

Nagruk Harcharek Arctic Iñupiat taldeko presidentearen arabera, akordioari esker «gure komunitateak gure tradizioekin jarraitzea posible egingo du, eskualdearen oinarri ekonomikoak datozen hamarkadetan sendotuko baititu».