Ane Azkonak zuri-gorriz jarraituko du beste hiru urtez

Aurrelari nafarrak 2026ra arte luzatu du kontratua Athleticekin. Klubak azken asteotan gauzatu duen laugarren berritzea da.

Ane Azkona eta Jon Uriarte Ibaiganen.
Ane Azkona eta Jon Uriarte Ibaiganen. (Athletic Club)

Ane Azkonak 2026ra arte jarraituko du Athleticen, ekainaren 30ean amaitzen zitzaion kontratua beste hiru urtez luzatu ondoren. Klubak izugarrizko lana zuen aurretik, jokalari askoren kontratua denboraldi amaieran amaitzen baita, eta poliki poliki arrakastaz ari da aurrera ateratzen. Azkonarena azken asteotan gauzatu duen laugarren berritzea da, aurretik Nerea Nevadorekin, Clara Pinedorekin eta Bibi Schulzerekin adostu ondoren.

Azkonak azaldu duenez, «zuzendaritza-batzar hau sartu zenetik, emakumezkoen aldeko apostu garrantzitsua egiteko asmoa duela helarazi digu, indar asko egingo duela, eta egia esateko, bilerak oso errazak izan dira». Badira ia zazpi urte iruindarra Lezamara heldu zela, 18 urte zituela, «eta ilusio handia egin zidan». Behin baino gehiago onartu duen bezela –NAIZi emandako elkarrizketa honetan, adibidez–, aurreko urteak bigarren taldean eman zituen eta «alde batetik zailak izan ziren baina, beste alde batetik, azkenean gaur egun atzera begiratzen duzu eta lanak bere fruituak ematen dituela ikusten duzu». Azken finean, «beste klub batetik etorri nintzen, lana beste era baten egiten zen, eta egokitu behar izan nintzen». Baina ez du ahazten Athletic izan dela «Lehen Mailan debutatzera eta jokatzera ekarri nauen kluba. Lehen unetik eman didate konfiantza». Orain ere sentitu du eta «horregatik erabaki dut beste hiru urtez jarraitzea».

Proiektua ere erabatekoa izan da. «Ikusi dut nolako proiektua egin nahi duten eta zelako konfiantza duten gure taldean», esan du. «Azken urteotan jokalari garrantzitsuak joan dira –gaineratu du–. Jendeak bere erabakiak hartzen ditu eta alde egitea erabaki dute baina ikusten ari gara berritze garrantzitsuak egiten ari direla eta konfiantza osoa daukat jokalari horiek hurrengo urte hauetan hazi egingo direla».

Azkonak Gazte Berriak taldean eman zituen lehen urratsak eta Ardoitik pasa ondoren, Athleticekin fitxatu zuen 2016an. Heldu eta lehen taldearekin lehen denboraldi horretan bertan debuta egin arren, hiru urte eman zituen bigarren taldean behin betiko jauzia egin aurretik. Gazi-gozoa izan zen hau ere, lehen deboraldia amaitu berri –denboraldi erdia, pandemiaren ondorioz–, kontratua 2023ra arte luzatuz ospatu eta bi astetara lotailu gurutzatua hautsi baitzuen entrenamendu batean. Baina guztiz osatu eta jokalari garrantzitsua bilakatu da. Joan den urtean Ligako partida guztiak jokatu zituen, hamar gol sartuz, eta aurten meniskoko lesio batek bi hilabete zelaitik kanpo mantendu badu ere, Iraia Iturregiren konfiantza osoko futbolarietako bat izaten jarraitzen du.