NAIZ
Washington

Silicon Valley Bank-en porrota argitzeko ikerketa abiatu du AEBk

Ameriketako Estatu Batuetako Justizia Departamentuak ikerketa abiatu du SVB Silicon Valley Bank-en kolapsoaren inguruan izan daitezkeen erantzukizunak argitu asmoz.

Silicon Valley Bank-en egoitza bat, Arizonan.
Silicon Valley Bank-en egoitza bat, Arizonan. (Rebecca NOBLE | AFP)

Prentsa estatubatuarrak aipatutako Justizia Saileko eta Balore eta Burtsa Batzordeko iturriek adierazi dutenez, SBV banketxearen kolapsoari buruzko ikerketak hasierako fasean daude oraindik.

‘The Wall Street Journal’ egunkariaren arabera, ikerketak SVBren finantza-erakundeko bi goi-zuzendari seinala ditzake, Greg W. Becker kontseilari delegatua eta Daniel Beck finantza-burua, konpainia kolapsatu baino astebete lehenago akzioak saldu baitzituzten.

Bezero sare ez oso dibertsifikatua eta oso interkonektatua izanik, kapital ihes handi batek erregulatzaileak esku hartzera eta bankua ixtera derrigortu zituen iragan ostiralean, kalteak mugatzeko.

Izua beste enpresa batzuetara zabaldu zen, eta iganderako New Yorken egoitza zuen eta azken urteetan kriptomoneten sektorearen aldeko apustu garrantzitsua egin zuen Signature Bank ere aurretik eraman zuen.

Agintarien esku-hartzeak eztabaida handia sortu du Estatu Batuetan, 2008ko krisian gertatu zen bezala, bankuen erreskate berri bat den ala ez erabakitzeko.

Joe Biden AEBko presidenteak astelehenean esan zuen krisiaren kudeatzaile arduradunek lana galduko dutela eta inbertitzaileak ez direla babestuta egongo: «Jakinaren gainean arriskatu ziren eta arriskuak huts egiten duenean inbertitzaileek dirua galtzen dute. Horrela funtzionatzen du kapitalismoak».

Euriborrean eragina

Astelehenean izandako beherakada handien ondoren, Europako burtsek gora egin dute astearte honetan, eta, gainera, SVBren krisiak beste ondorio bat ere utzi du: 12 hilabeterako euriborra, espainiar Estatuko hipoteka aldakor gehienen indizea, %3,509ra jaitsi da astearte honetan eguneroko tasan, nahiz eta hileko tasak %3,8tik gora jarraitzen duen.

Martxoaren 1etik 9ra, euriborraren eguneroko bilakaerak goranzko joerari eutsi zion, eta 2008ko azarotik gorenera iritsi zen, %3,978an kokatu arte. Hala ere, martxoaren 10ean (ostirala), adierazlea jaisten hasi zen, Silicon Valley Bank-en inguruko lehen alarma-seinaleekin bat eginez.