NAIZ

Asteazken iluna euskaldunentzat: Bera Berak, Beti-Onakek eta Zuazok galdu egin dute

Donostiarrek 33-31 galdu dute bikain aritu den Valladoliden aurka; nafarrak 19-17 irabazten joan dira bigarren zatian, baina Rocasak 3-8ko partzial bat sinatu du 22-25 irabazteko; eta bizkaitarrak azken-aurreko postutik atera ezinik dabiltza Xixonen 22-19 galdu ostean.

Zuazok eta Beti-Onakek burua ezin altxa jarraitzen dute.
Zuazok eta Beti-Onakek burua ezin altxa jarraitzen dute. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Nolakoak diren gauzak. Eskubaloizko Ohorezko Mailak hiru euskal talde ditu ligan, hirurek jokatu dute asteazken honetan eta hirurek galdu dituzte euren partidak. Super Amara Bera Bera liderrak tartea du oraindik sailkapeneko posturik gorenean mantentzeko nahiz eta gaur Valladoliden aurka 33-31 galdu duen. Baina gauzak zailago jarri zaizkie Beti-Onak eta Zubileta Evolution Zuazori, beheko postuetan jarraitu beharko baitute beste jardunaldi bat bigarren ipini den Rocasa (22-25) eta Xixonen (22-19) aurka galtzeagatik, hurrenez hurren.

Bera Berarekin hasiz –hiruetatik amaitu den azkena izan da, kasualitatez–, donostiarrek aurkari sendoa izan dute aurrean. Valladolid denboraldi apala egiten ari da, baina gaur liderra zuen aurrean, eta hasieratik pilak kargatuta atera dira pistara.

Egia da Bera Berak lehenengo aldeak lortu dituela, baina 5-5ekoa sinatu ondoren, etxeko taldeak aurre hartu du markagailuan eta lau goleko abantailarekin aritu da (12-8) momentu batzuetan. Gipuzkoarrek ez diete alde egiten utzi eta atsedenaldira 17-17 joan dira.

Bigarren zatian lehenengo abantailak ere donostiarrenak izan dira (17-19 eta 19-21), baina Valladolidek 21na berdintzea lortu du, 22na ere joan dira bi taldeak, baina Bera Berako bi jokalariren kanporatzeaz baliatu dira etxekoak 23-22 eta 24-22koa egiteko.

Bera Berari ezinezkoa egin zaio berriro berdintzea eta Valladolidek sekulako garaipena erdietsi du.

Beti-Onak eta Zuazo, beheko postuetan oraindik

Beti-Onak eta Zubileta Evolution Zuazori ez zaie hobeto joan gaua. Bera Berak oraindik puntu batzuen aldea du lidergoan mantentzeko, baina nafarrak eta bizkaitarrak beheko postuetan jarraitzen dute eta garaipenak ezinbestekoak dituzte. Gaur ez dute lortu eta beheko postuetan mantendu beharko dira beste jardunaldi batez.

Beti-Onakek gertu izan du garaipena. Behintzat aurkariak urduri jartzeko aukera izan dute. Izan ere, lehenengo zatiaren minutu batzuetan aurretik joan dira markagailuan. Pentsa, 12-13tik 15-13ra pasa dira lehen zatiari amaiera emateko.

Eta bigarren 30 minutuetan gauzek ondo jarraitu dute. Izan ere, 42. minutuan Nafarroako taldeak 19-17 zuen bere alde markagailuan. Baina hor amaitu dira esperantza guztiak. Kanariarrek 3-8ko partzial bat sinatu dute amaiera arte eta garaipena eraman dute Atarrabiatik.

Azkenik, azken-aurren doan Barakaldoko taldeak zortzigarren den Xixonen pistan jokatu du. Zortzi puntuko aldea zuten bi taldeek norgehiagoka jokatu aurretik, baina oraingoan handitu egin da aldea bizkaitarrek 22-19 galdu ostean.

Hasierako gola Zuazorena izan da, eta 4-5 ere aurretik ipini dira Barakaldokoak, baina atsedenaldira 11-8 joan dira atzetik eta bigarren zatian ezinezkoa izan zaie markagailuari buelta ematea.