NAIZ

Oronoz-Goietnetxe, Gordon-Betegi eta Etxegarai-Zabala txapeldun Arrigorriagan

Laboral Kutxa Masterrak baditu bere lehen txapeldunak. Senior mailako pilota goxoan Oronoz-Goietnetxe izan dira onenak, gazteen pilota mistoan Gordon-Betegi eta lehen mailako pilota mistoan Etxegarai-Zabala. Eliteko finala datorren igandean jokatuko dute Arrizabalaga-Oses eta Aldai-Mendizabalek.

Finalista eta babesleak, sari banaketa ekitaldiaren ostean.
Finalista eta babesleak, sari banaketa ekitaldiaren ostean. (EMAKUME MASTER CUP)

Laboral Kutxa Masterrak baditu dagoeneko bere lehen txapeldunak, Arrigoarriagan jokatutako hiru finaletan garaile irten ostean. Senior mailako pilota goxoan Oronoz-Goietnetxe izan dira irabazleak, gazteen pilota mistoan Gordon-Betegi eta lehen mailako pilota mistoan Etxegarai-Zabala.

Pilota goxoarekin hasiz, Oronoz-Goietnetxeren ahaleginak eta indarrak txapelak Iparraldera eraman ditu, Etxaniz eta Aramendi bezalako bi espezialista gaindituz. Jaialdiko lehen finala oso gogorra izan da, oso piloteatua, ordubete baino gehiago iraun du eta markagailuan gorabeherak etengabeak izan dira 10-10 berdindu duten arte. Une horretatik aurrera, Iparraldeko bikoteak ihes egin du markagailuan, garaipena nagusitasunez eskuratzeko (12-18).

Gazteen pilota mistoan, Gordon-Betegi neurketan oso sartuta irten dira hasieratik, eta garaipen sendoa lortu dute (22-14). Biliyak errioxarrak txapelketa bikaina jokatu du, baina gaur ez da ezkerrarekin fin ibili, pilota dezente huts egin ditu eta hortik egin die ihes partidaren zati handi batek Gisasola-Bilyaki.

Eta lehen mailako pilota mistoan, Etxegarai-Zabala Beitia-Bergara baino askoz gehiago izan dira, txapel preziatuak (11-22) janzteko. Txapeldunek erakutsitako fidagarritasunaren aurrean, Beitiak nahiko partida apala egin du, eta Bergarak ez du bere egunik onena izan eta erraztasun dezente eman ditu.

Gaurko jaialdiaren ostean, aurtengo Binakako Laboral Kutxa Masterrari bere egunik garrantzitsuena baino ez zaio falta, datorren igandean Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan Arrizabalaga-Oses eta Aldai-Mendizabal bikoteek jokatuko duten eliteko finalarena.