
Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko azpikontratetako langileek greba ziklo berri bati ekin diote astelehen honetan, LABek, UGTk, CCOOk eta ESK-k deituta, eta apirilaren 2ra arte iraungo dute, hitzarmen berri bat eskatzeko. Sindikatu horien grebaz gain, ELAk otsailaren 27tik apirilaren 3ra arte deitutako lanuzteari eutsi dio negoziazioaren «desblokeoa» eskatzeko.
Greben hasiera dela-eta, mobilizazioak izan dira lurralde guztietan. Zehazki, goizeko hamarretan manifestazioa egin dute Donostia Ospitaletik, 10.30ean beste martxa bat Arabako Unibertsitate Ospitaleko kanpo-kontsultetatik, eta eguerdian, aldiz, Galdakao-Usansoloko ospitalearen aurrean egin dute protesta.
Greba horiek lan-hitzarmenaren negoziazioa «desblokeatzea» eta Osakidetzako langileekin homologatzea lortzeko egiten ari diren mobilizazioen esparruan deitu dira, joan den ostegunean negoziazio-mahaian aurrerapausorik eman ez ostean.
Greba eskubidea urratzea egotzi dio ELAk Lakuari
ELAk salatu du Donostiako Ospitalean ostiralean egindako ezohiko garbiketak grebarako eskubidea «urratu» eta erabaki politiko bati erantzuten diola.
«Osakidetzak eta Optima garbiketa enpresak langileen grebarako eskubidea urratu dute sistematikoki, greban zeuden bitartean euren lana egin dutelako. Izan ere, Lan Sailak ezohiko garbiketa agindua eman zuenean, ospitalearen zati handiena garbi zegoen, aldez aurretik Optima enpresak eta Osakidetzak ospitaleko eremuak garbitzea erabaki baitzuten. Hori guztia, gainera, Lan Sailak inoiz bilera batera deitu ez dituenean langileen ordezkariak, ezta instalazioen egoerari buruz hitz egiteko ere.», adierazi du sindikatuak.
ELAk argi du Lan Sailak agindutako ezohiko garbiketa hori «erabaki politiko baten emaitza» dela eta helburua «grebalarien motibazioa zapuztea eta zigortzea» dela.
Sindikatuak gogorarazi du gatazka ez dela aparteko garbiketen bidez konponduko, «ez gutxieneko zerbitzuen gehikuntzarekin, ez poliziaren presentziarekin». «Osakidetzak garbitzaileei karrera profesionala ordaintzea erabakitzen duenean konponduko da», nabarmendu du.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»
