Erdibidean geratu da emakumezkoen futboleko lehen kromoen bilduma

Liga F-ko jokalarien kromoen albuma egin dute aurreneko aldiz, baina erdibidean geratu da emandako urratsa: 150 jokalari baino gehiago geratu baitira bildumatik kanpo. Gainera, zenbait futbolari kromoetan ez agertzeko hartu dituzten irizpideak –minutu gehien jokatu dituztenak– ez dira beti betetzen.

Emakumezkoen futboleko albumeko zenbait kromo, tartean Irene Paredesena, Nerea Eizagirrerena eta Ane Azkonarena.
Emakumezkoen futboleko albumeko zenbait kromo, tartean Irene Paredesena, Nerea Eizagirrerena eta Ane Azkonarena. (PANINI)

Pasa den martxoaren 7an kaleratu zuten lehen aldiz Liga F-ko jokalarien kromoen album ofiziala, emakumearen nazioarteko eguna baino egun bat lehenago, hain zuzen. «Historiaren zati bat duzu eskuetan; gainditzeak, indarrak eta umiltasunak markatutako istorio bat, zeinean parte hartzen duzun», irakur daiteke Beatriz Alvarez Mesa Liga F-ko presidenteak idatzi duena kromoen albumaren lehen orrialdean. Historia egin bai, baina erdibidean geratu da emandako aurrerapausoa: 150 jokalari baino gehiago geratu baitira bildumatik kanpo.

Polemika askoren iturri izan da Paninik hartu duen erabakia zenbait jokalari albumetik baztertzeko. Izan ere, talde bakoitzetik hamasei jokalarik dute lekua kromoen bilduman, entrenatzaileaz gain. Orduan, zergatik murriztu dute kopurua hamaseira bakarrik? Eta, are gehiago, zein irizpide erabili dituzte jokalari bat edo bestea baztertzeko?

Galdera horiek erantzun gabe geratu dira, horren erakusle baita Lluis Torrente Paniniko zuzendari nagusiak esandakoa: «Coca-Colaren sekretua inork esaten ez duen moduan, kromo bildumak egiteko moduaren sekretua ere ez dugu esango, gauza bera baita».

Torrenteren adierazpenak gorabehera, Paniniren bertsio ofiziala da hautaketa irizpidea jokatutako minutuetan oinarritzen dela –Alexia Putellas izan ezik, uztailetik lesionatuta baitago–, eta hala jakinarazi omen ziela klubei.

Irizpidea ez da beti betetzen

NAIZek kontsultatu dituen zenbait iturriren arabera, jokalarientzat berri ona izan zen albuma estreinako aldiz egitea, baina bilduma jaso eta konturatu zirenean hamasei jokalari bakarrik agertzen zirela, harrituta eta haserre geratu ziren, aldi berean. Itsusia baita kromoetan batzuk agertzea eta beste batzuk ez.

Euskal taldeen artean, minutuen irizpidea kontuan hartuta, kromoetan egon behar luketen eta ez dauden jokalariak dira, besteak beste, Clara Pinedo Athleticeko erdilaria, eta Ane Etxezarreta Realeko atzelaria. Kontrara, talde zuri-gorrian Amaia Peña atezaina eta Garazi Murua atzelaria albumean daude, ligan ez dutenean ezta minutu bat bera ere jokatu.

Horiez gain, deigarria da esaterako Yulema Corres Athleticeko jokalari mitikoa ez agertzea, ezta ere
Marta San Adrian Alaveseko aurrelari eta taldeko goleatzaile nagusia, laurekin.

Bestalde, talde txuri-urdinean huts larriena da Michaela Specht atzelaria kromoetan dagoela, jada klubean ez dagoenean –urte hasieran Donostia utzi baitzuen Hoffenheim Alemaniako taldera itzultzeko–. Realaren kasuan deigarria da ere, Amaiur Sarriegi, Nerea Eizagirre, Elene Lete eta Mirari Uria ez beste euskaldun guztiak kanpoan geratu direla. Hala nola, Iraia Iparragirre, Maddi Torre, Izarne Sarasola eta Cecilia Marcos.

Gainerako taldeetan zenbait jokalari esanguratsu ere falta dira, aipagarrienak dira Bartzelonako jokalari diren Caroline Graham Hansen norvegiarrarena eta Ana-Maria Crnogorčević suitzarrarena. Izan ere, Gram Hansen txapelketako eta munduko jokalari onenetako bat da –pasa den urritik min hartuta egon da, baina hilabete hasieran jokatu zuen lehen aldiz lesioaz geroztik, Villa-Realen aurkako partidan, hat trick bat eginda, gainera–, eta Crnogorčević hegaleko jokalariak 1.000 minutu baino gehiago jokatu ditu ligan, eta taldetik minutu gehien jokatu dituzten hamar jokalarien artean dago, zazpi gol sartuta.

Horiez gain, ligako zenbait jokalari mitikoen hutsunea ere sumatzen da, hala nola Bartzelonako Marta Torrejonena, eta Sevillako Amparo Delgadorena.

Jokalarien ezinegona Twitterren

Graham Hansen berak txio bat argitaratu zuen Twitterren bere nahigabea modu ironikoan adierazita: «Nire Paniniko kromoa aurkitzen duenak opari bat jasoko du!».

Harez gain, Patri Guijarro norvegiarraren taldekideak –zeina albumean agertzen den– ahotsa altxatu zuen bildumatik kanpo geratu diren taldekideei elkartasuna adierazteko: «Emakumezkoen futbolak badugu lehen albuma! Beste pausotxo bat, baina pena da nire lagun guztiak ez ateratzea... B Kromoak atera daitezke bilduma osatzeko?».


Guijarrok airean utzitako galdera erantzunda zuen jada Paniniko zuzendariak, irmoki adierazi baitzuen bilduma kaleratu berritan ez zela kromoen «eguneratzerik» egingo, ez zegoelako «astirik».

Joan den abenduan Liga F-k Paninirekin lortutako akordioari esker, emakumezkoen lehen mailako futbolak kromoen album bat izango zuen aurreneko aldiz, –2026-2027ko denboraldira arte sinatu dute–. Espainiako Estatuan ez ezik, Europan ere lehenengo aldia da zaleek herrialde bateko emakumezkoen futboleko txapelketa gorenaren bilduma monografiko bat egiteko aukera dutela kluben mailan.

Emandako pausoa historikoa den arren, zenbait jokalari albumean ez egoteak urratsa erdibidean uzten du. Gainera, bestelako akatsak ere aurkitu dira bilduman. Esaterako, Calorine Weir Real Madrileko izarraren izena ez dagoela kromoan ondo idatzita, Caroline ordez Carolina agertzen delako.