NAIZ

Surf egokituak eta ingurumenaren babesak garrantzia izango dute Zarautz 4Teens txapelketan

Datorren apirilaren 1ean eta 2an ospatuko da berriz 14 urtetik beherakoentzako txapelketa hau. Bertan, adin-tarte horretako eta surf egokituko 100 haur baino gehiagoren parte hartzea aurreikusten da. Surf egokituak eta ingurumenaren babesak garrantzia izango dute.

Aritz Aranburu surflari eta sustatzailea antolatzaileekin batera.
Aritz Aranburu surflari eta sustatzailea antolatzaileekin batera. (ZARAUTZ 4TEENS)

Aritz Aranburu surflariak sustatzen duen 14 urtetik beherako gazteentzako Zarautz 4Teens txapelketaren VII. edizioa aurkeztu dute astearte honetan. Aurtengo ekitaldia apirilaren 1ean eta 2an ospatuko da Gipuzkoako kostaldeko herrian. Helburua belaunaldi berriei babesa eskaintzea eta lehiaketarako aukera berriak sortzea izanda, bertan, aipaturiko adin-tarte horretako eta surf egokituko 100 haur baino gehiagoren parte hartzea aurreikusten dute antolatzaileek. Partaide horietako asko Espainiar estatutik datoz, baina baita Estatu frantsesetik, Italiatik, Alemaniatik, Irlandatik edo Erresuma Batutik.

Aritz Aranbururentzat, Zarautz 4Teens aukera bikaina da, mota guztietako surflariak eta surfarekiko sentitzen duten pasio bera duten leku desberdinetako gazteak asteburu batean elkartzeko aukera ematen duena. Surflari profesionalak gaurko aurkezpenean azpimarratu duenez, «Zarautz 4Teens hondartza honi eskerrak emateko nire modua da, surfarekiko grina piztu baitzuen nigan. Ez zait modu hoberik bururatzen kirol honek eman didan guztia itzultzea baino, gazteak lehiaketan sartzea ahalbidetzen duen txapelketa baten moduan».

Aipatu behar da nazioarteko ospea lortzen ari diren surflari gazteak, Adur Amatriain zarauztarra, Odriozola anaiak, Kai eta Hans edota Annete eta Janire Gonzalez-Etxabarri surflariak, besteak beste, aurreko Zarautz 4Teens-etik datozela.

Aurtengo sari nagusia honako hau izango da: Aritz Aranbururekin batera lau eguneko kanpamentu batean parte hartzea. Zortzi irabazleek, neskak eta mutilak, entrenamendu funtzionaletaz, Wavegardenen praktika batez eta surf teoriokoaz gozatuko dute Camp honetan, Zarautzen eta inguruetan ospatuko dena.

Bestalde, surf egokitua eta ingurumenaren babesak garrantzia handia izango dute aurten. Hala, dibertsitate funtzionala duten kirolariek beren espazioa eta protagonismoa izango dute lehiaketa honetan. Surf egokituaren kategorian, Laboral Kutxaren lankidetza bereziarekin, urte osoan Zarautzen Shelter Surf-ek eta Kind Surf-ekin jarraitutasun- programan parte hartzen duten gazteak izango dira parte hartzaileak. Surfaren saio jarraituek aurrerapen terapeutiko handiak erakutsi dituzte.

Lehiaketarekin eta kirolari lotutako balioekin batera, hau da, talde-lana, zailtasunak gainditzea, iraunkortasuna eta ahalegina, deialdi honetan tailerrak eta hondakin-bilketak antolatuko dira Zarauzko hondartzaren inguruan. Mater Museoaren laguntzarekin batera, gazteak kontzientziatu nahi dira ozeanoak eta itsasbazterra babestearen inguruan.

Jarduera ugariz beteriko programa

Surf lehiaketa apirilaren 1ean eta 2an bada ere, programa egun bat lehenago hasiko da. Ostiralean, martxoaren 31n arratsaldean, desgaitasuna duten pertsonentzako surf saioa izando da, Laboral Kutxaren eskutik. Era berean, Aritz Aranburu eta beste gonbidatu berezi batzuk bertan direla, ‘Crossing Borders’ eta KIND SURFen '10 años’ dokumentalak proiektatuko dira eta, ondoren, kontzertu batzuk izango dira, talde sorpresa baten eta Arquetyporen eskutik.

Larunbatean 14 urte azpikoen lehiaketa, 10 urte azpikoen eta surf egokituaren kirol norgehiagoka hasiko dira. Arratsaldean, 16.00etan, ingurumeneko gymkana egingo da, bertaratzen diren guztiei irekita egongo dena. Txapelketaren lehen egunari amaiera emateko, datozen egunetan Instagram bidez iragarriko den kontzertu batez gozatu ahal izango da hondartzan. Aurretik, Shelter Surf taldeko surflariek osatutako taldeak, The Blacks & Whites, eskainiko du kontzertua.

Igandean, apirilaren 2an, txapelketak jarraituko du eta finalak jokatuko dira. Arratsaldean, skate txapelketaren txanda izango da. Amaiera gisa, sari-banaketa eta azken argazkia egingo dira parte-hartzaile guztiekin, Zarautz 4Teensen VII. edizioari agur esateko.