NAIZ

Edurne Pasabanek jasoko du 2023ko Mendi Film jaialdiko WOP saria

Edurne Pasaban alpinista tolosarrak jasoko du 2023ko Mendi Film jaialdiko WOP saria. 14 zortzimilakoak, planetako mendirik garaienak, osatu dituen lehen emakumea da gipuzkoarra. Sari honek alpinismoaren balioen defentsa eta dibulgazioa aitortzen ditu eta aurtengoa, bere 10. edizioa da.

Edurne Pasaban, alpinista tolosarra.
Edurne Pasaban, alpinista tolosarra. (MENDI FILM JAIALDIA)

Edurne Pasabanek jasoko du Mendi Film jaialdiko 10. WOP saria. Sari honek alpinismoaren balioen defentsa eta dibulgazioa aitortzen ditu eta antolatzaileek erabaki dute alpinista tolosarra saritzea. 14 zortzimilakoak, planetako mendirik garaienak, igo dituen lehen emakumea da gipuzkoarra. Historian arrastoa utzi duen balentria 2001 eta 2010 artean osatu zuen.

Garai hartan jaso zituen sari ofizial ugarien artean, Estatu espainoleko Kirol Merezimenduaren Urrezko Domina, Estatu espainoleko Kirolaren saria, Euskal Herritar Unibertsala saria eta Lakuako Gobernuaren Lan Onari saria nabarmentzen dira.

Orain, Mendi Film jaialdiko WOP saria jasoko du eta bideo baten bitartez adierazi duenez, «sentsazio nahasiak» ditu, «poztasuna eta ohorea nagusi izanda, jakina». Baina, era berean, ardura puntu bat ere sentitzen duela onartu du, «sari honek ez baitu soilik baloratzen kirolean edo alpinismoan osatu ahal izan dudan ibilbidea, baizik eta alpinismoaren balore sozialen transmisioa eta defentsan eginikoa hartzen du batez ere aintzat». 

«Mugak gainditzea, esfortzua, fidelitatea, taldeko lana eta mendiarekiko pasioa» bizitza pertsonalarekin uztartzen jakiteagatik uste du Pasabanek eman diotela sari hau, eta beraz, eskertuta agertu da. WOP sarien hamargarren omendua izango da. Hauek osatzen dute orain arteko zerrenda: Eduardo Martinez Pison (2022), Sebastian Alvaro (2021), Baltistan Fundazioa (2020), Nives Meroi eta Romano Benet (2019), Juanjo San Sebastian (2018), Peter Habeler (2017), Sir Chris Bonington (2016), Josep Manuel Anglada (2015) eta Drawn filma, Jeremy Collinsena (2014). 

«Ohore handia» WOP Fundazioarentzat ere

«Ohore handia da guretzat WOP Mendi Film Sariarekin Edurne Pasaban Lizarribar omentzea. Sari honek pertsona lez, eta itsasargi eta eredu gisa dituen balioak aitortzen ditu, gizarte-inspirazio gisa balio baitute. Edurnek nazioarteko lehen mailako kirol-jarduera garatu du mendizaletasunaren munduan, eta emakumeek, gure gizarteko beste hainbat esparrutan bezala, gizonei eskatzen zaienetik haratago saiatu eta erakutsi behar izan dute», adierazi du “The Walk on Project” (WOP) Fundazioak. Aipatu enpresa sozialak hainbat jardueraren bidez gaixotasun neurodegeneratiboen aurka borrokatzen du.

«Benetakotasunak, konpromisoak, tinkotasunak, ahaleginak, aurrez ezarritako mugak hausteak gidatu dituzte bere mendi-urratsak. Balio horiei gehitu behar zaie Himalaian garatu duen jarrera konprometitua», nabarmendu du.

«Eta, azkenik, Edurne, bere irakaskuntza-jardueraren bidez, zoriontasuna bilatzeko borrokaren adibide bat da, geure hauskortasuna aintzatetsiz eta ikusaraziz. Horregatik guztiagatik, hunkitu egiten gaitu eta harro egoteko modukoa da guretzat, Edurne Pasabani WOP Mendi Film saria ematea, alpinismoaren balio sozialak defendatu eta transmititu izanagatik», onartu du.

Gaur egun, Pasabanek kirol ibilbidea eta ibilbide profesionala uztartzen ditu hizlari eta coach gisa nazioko zein nazioarteko enpresetan. Neurrira diseinatutako hitzaldiak, prestakuntzak eta tailerrak antolatzen ditu, eta, horietan, taldeei eta pertsonei laguntzen die alpinista gisa izandako esperientzien bidez, beren enpresa-helburuak lortzera iritsi daitezen.

Edurnek ere badu alde solidarioa, urte hauetan Himalaian asko jaso du hangotarrengandik, eta beretik erantzuteko “Mountaineers for Himalayas by Edurne Pasaban” elkarteko patroia eta sortzailea da. Himalaiako haurren hezkuntzarekin lotutako proiektuak garatzeko lan egiten du bertan.