Zidanek 2026ra arte jarraituko du Eibarren

Atezainak bi urtez luzatu du kontratua talde armaginarekin. Merkatuko azken egunean heldu zen eta 12. jardunalditik atearen jabe bilakatu da.

Luca Zidane ate gorri-urdinaz jabetu da.
Luca Zidane ate gorri-urdinaz jabetu da. (SD Eibar)

Zelaian bakarrik ez eta bulegoan ere etorkizunerako bideari ekin dio Eibarrek. Lehen urratsa eman zuen joan den astean Anaitz Arbillaren kontratua berrituz eta orain Luca Zidane izan da bere kontratua 2026ra arte luzatu duena.

24 urteko futbolaria udako merkatuko azken unean heldu zen klub armaginera, ezusteko operazio batean, beste bi atezain baitzeuden taldean. «Jokalari gaztea» zela, «libre eta jabetzan» zetorrela eta «lehia handitzearekin eskakizun-maila handitzen lagunduko» zuela azalduz justifikatu zuen Cesar Palacios Kirol Zuzendariak frantziarraren fitxaketa. Zidanek berak garrantzia kendu zion ezohiko atezain-kopuruari, «maila oneko zenbat eta atezain gehiago, orduan eta hobeto taldearentzat» esanez eta bere «aukera heldu arte» eta heldu ondoren «aprobetxatzeko» ere gogor lan egiteko asmoa zuela adieraziz.

Aurreko partidetan Yoelek jokatu ondoren, hamabigarren jardunaldian heldu zitzaion aukera hori frantziarrari eta, egiari zor, ez du alferrik galdu. Geroztik hamaikakoan mantendu da eta, argi eta garbi, taldearen errendimendu onaren arduradunetako bat da. Alde biak pozik daude esperientziarekin, eta Lehen Mailarako bidean sendo ibiltzen, kontratua luzatzea adostu dute.

Berritzeagatik «harro eta pozik» dagoela aitortu du jokalariak eta eskerrak eman dizkie klubari eta afizioari. «Beti esan dut oso pozik nagoela hemen. Ikusgarria da jendeak nola laguntzen dizun. Hasieratik lagundu didate eroso eta gustora sentitzeko –gaineratu du–. Oso klub familiarra da, guztian laguntzen dizute eta eroso sentiarazten zaituzte. Hemen jendea beti dago irrifarre batekin eta ahal duen guztian laguntzen».
 
Zaleei dagokienez, «nola babesten gaituzten» eskertu die Zidanek. «Ikusgarria da hemen egotea, Ipuruan jokatzen, jendea une oro atzean animatzen egotea. Ondo sentitzen zara, maitasun hori sentitzea polita eta garrantzitsua da, batez ere une zailetan», esan du. Hemendik aurrera, une horiek, konplikatuak izateaz gain, batez ere oso zoriontsuak izatea espero du. «Hamar partida garrantzitsu ditugu aurretik, hamar final, denboraldiko politenak eta garrantzitsuenak. Denok egiten dugu lan egunero puntuak eskuratzeko, helburua lortzeko, eta ondo aterako delakoan daude».

Aketxe eta Javi Muloz

Berritzearen ondoren, Zidanerena da talde gorri-urdineko kontraturik luzeena. Jokalari gehienenak, Yoelena eta Canterorena barne, 2024an amaitzen dira. Bere aldetik, azken bi denboraldiotan heldutako Matehusek, Bautistak, Rahmanik, Chemak eta Aranak 2025ra arte sinatu zuten.

Klubeko agintarien kezka Javi Muñozen eta Ager Aketxeren egoeran zentratzen da orain, datorren ekainaren 30ean amaitzen baitira euren kontratuak. Dani Lasure heldu berriak ere denboraldi amaierara arte sinatu zuen eta, noski, Nolaskoain, Vadillo eta lesionatuta dagoen Imanol, euren klubetara itzuliko dira, utzita baitaude.