Manex Altuna

Iñigo Martinezek Athleticen jarraitu dezakeela uste du Yerayk

Ondarroako jokalaria «beti bezain alai» ikusten duela aipatu du atzelariak Onda Cero irratian egindako elkarrizketa batean eta kontratuaren berritzea «albiste bikain bat» izango litzatekeela adierazi du.

Yeray eta Iñigo Martinez beroketak egiten San Mamesen.
Yeray eta Iñigo Martinez beroketak egiten San Mamesen. (@AthleticClub)

Iñigo Martinezen etorkizunaren inguruan hainbat zurrumurru entzun dira azken denboraldian. Kontratua amaitzen zaio ekainaren 30ean eta inork ez daki zer egin behar duen. Bartzelonarekin akordio daukala argitaratu dute Kataluniako medioetan, baina Ingalaterrako zenbait taldek eta Atletico Madrilek ere interesa agertu omen dute.

Athleticek eta jokalariak isilik jarraitzen dute eta ikusteke dago zer gertatzen den. Erdiko atzelariak maila bikaina erakutsi du lesioa gainditu ostean eta taldearentzako jokalari garrantzitsua dela argi geratu da.

Yerayk ere jokalariaren erabakiaren zain daudela talde zuri-gorriko aldagelan onartu du Onda Cero irratian egindako elkarrizketa batean.

Barakaldoko atzelariak komentatu duenez, taldekideek Bilbon jarraitu dezakeela pentsatzen dute. «Beti bezain alai» ikusten duela aipatu du eta berrituko balu «albiste bikain bat» izango litzatekeela nabarmendu du. Ondarroako atzelariak Bilbon ez jarraitzea erabakiko balu «onena opa» eta «eskerrak» emango dizkiotela egindako lanarengatik gaineratu du.

Iñigo Martinez Espainiako selekzioarekin entrenatzen ari da egun hauetan eta berarekin batera dago Nico Williams. 20 urteko hegaleko jokalariak 2024an amaitzen du kontratua talde zuri-gorriarekin eta, egin dituen azken adierazpenetan bezala, ordezkariaren eskuetan utzi du bere etorkizuna.

Hala ere, pozik utzi ditu zale zuri-gorriak. Espainiako selekzioarekin Eurokopa bat irabaztea edo Athleticekin titulu bat lortzearen artean zein aukeratuko lukeen galdetu diote elkarrizketa batean eta talde bilbotarraren alde egin du.

Athleticen lehen taldeak asteko bigarren lan saioan burutu du ateak irekita ostegun honetan. Ander Herrera entrenamenduaren azken partean agertu da, nahiz eta bere aldetik ariketa ezberdinak egiten egon den. Unai Simon bere kabuz aritu da eta Bilbao Athleticeko Ibon Ispizua atezainak ordezkatu du.

Bestalde, Beti Lehioak peñaren inaugurazioa egin zuten asteazken arratsaldean eta klubak bigarren taldeko jokalaria den Quicala Bari Ramadana egiten hasi dela azaltzen duen bideo bat kaleratu du sare sozialetan.