Alaia Sierra

Euskararen aurkako «oldarraldi judizialari» aurre egiteko ituna adostera deitu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen biziberritzea helburu duen neurrien kontra emandako epaien aurrean «itun politiko eta sozial sendo bat» egiteko beharra adierazi du ostiral honetan. Horretarako, askotariko eragileekin elkarrizketa erronda hasiko du.

Gasteizko Europa Jauregian egin du Batzar Nagusia Euskalgintzaren Kontseiluak.
Gasteizko Europa Jauregian egin du Batzar Nagusia Euskalgintzaren Kontseiluak. (Raul BOGAJO | FOKU)

Azken hilabeteotan epaitegi desberdinetatik lanpostu publikoetarako hizkuntza-eskakizunen eta euskararen biziberritzea helburu duten neurrien aurkako sententziak eman dira. Horren aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak «kezka handia» adierazi du eta instituzio, alderdi eta sindikatuekin «itun politko eta sozial sendo bat» adostuko duela iragarri du.

Ostiral honetan egin du Euskalgintzaren Kontseiluak bere urteko Batzar Nagusia Gasteizen. Bertan, urteko plangintza onartzeaz gain, «oldarraldi judizial» hau salatzeko adierazpen publikoa egin dute eta erantzun herritarra antolatzeko ekintza plana aurkeztu dute.

Gertatzen ari denaren larritasuna azpimarratzeko, gogora ekarri dute EAEn egindako VII. Inkesta Soziolinguistikoa, zeinaren arabera lau biztanletik hiruk uste du euskaraz jakin behar dela administrazioan lan egiteko. Beraz, Kontseiluaren arabera, «epai horiek baliorik gabe uzten ari diren neurrriak adostasun zabal baten gainean eraikitakoak dira».

Bestalde, epai guztiak lotzen dituena «premisa faltsua» dela salatu dute, lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak kontrajartzea, «elkar osatzen duten eskubideak» direlako.

«Gizarte osoaren arazoa»

Idurre Eskisabel idazkari nagusiak adierazi duenez, erasoaldia «nahi baino azeleratua» dago eta «gizarte osoaren arazoa da». Hala ere, Lakuako Hizkuntza Politikorako Sailburuordetzarekin «lanketa egiten hasiak» direla eta alderdi politikoekin ere «bidea markatuta» daukate.

Sindikatuekin egin beharreko lana azpimarratu du Eskisabelek. Izan ere, «mugarri» deritzoten Uliazpi Fundazioaren aurkako epaian «solaskide garrantzitsua» izan dira. Botere judizialarekin, aldiz, oraindik ez dute lankidetza egiteko aukerarik mahaigaineratu.

«Larria da gertatzen ari dena, euskararen biziberritze prozesuaz harago milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna baitago auzian, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza», laburtu du Idurre Eskisabelek.