NAIZ

1977ko Errenteria eta abortu eskubidea, ‘Las buenas compañias’ filmeko ardatzak

1977ko Errenteriara garamatza Silvia Munt zinemagile kataluniarrak zuzendutako ‘Las buenas compañías’ filmak. Euskal Herriko abortu eskubidearen aldeko borrokan oinarritutako film hau maiatzaren 5ean iritsiko da zinema aretoetara. Momentuz, trailerra sareratu dute, aurrerapen gisa.

Maiatzaren 5ean iritsiko da zinema aretoetara ‘Las buenas compañías’, Silvia Munt zinemagile kataluniarrak zuzendutako filma, baina, aurrerapen gisa, filmaren trailerra jada ikusgai dago sareetan. Kontakizunak 1977ko Errenteriara garamatza eta neska talde baten eskutik garaiko Euskal Herriko abortu eskubidearen aldeko borrokan dago oinarrituta.

Zinemagile kataluniarrak 70 eta 80ko hamarkadetan emakumeen eskubideen alde lan egin zuten euskal militanteen historia hartu du abiapuntu filma osatzeko. Urte haietan, Errenteriako emakume talde batek sare kladestino bat sortu zuen hainbat emakumeri Estatu frantsesera iritsten laguntzeko, emakume orok abortu duin baterako eskubidea izan zezala bermatzeko, eta filmak emakumeen arteko sororitate historia hori kontatzen du.

Trailerrean ikus daitekeenez, Basauriko 11 emakumeren historia ere hartzen du aintzat filmak: abortatu izanaren akusaziopean espetxeratu egin nahi izan zituzten, 1976an abiatu eta 1985era harte luzatu zen prozesuan. 1985ean onartu zen abortuaren legearen sustatzailetzat hartzen da historiako pasarte hau.

Alicia Falco, Itziar Ituño eta Elena Tarrats dira filmeko protagonistak, eta berriki Goya sari bat irabazi duen Maria Cerezuela (‘Maixabel’), Ainhoa Santamaria (‘Mientras dure la guerra’) edota Itziar Aizpuru (‘Loreak’) antzezleek ere hartu dute parte filmean.

Sinopsian zehazten denez, 1977ko udan hasten da kontakizuna. Beak 16 urte ditu eta feminismoaren eta abortu eskubidearen alde lan egiten duen emakume talde bateko partaide da: «Odolean sentitzen duen errebeldia bere barne mundua eraldatuko duen sentimentu batekin nahasiko da. Hilabete luze horietan zehar, Beak harreman oso berezia eraikiko du Mirenekin, bera baino nagusiagoa eta familia onekoa den emakume batekin. Bere konpromiso politikoak eta Mirenekin duen harremanak mugarri bat finkatuko dute».

‘Las buenas compañías’ Irusoin (‘La trinchera infinita’), Oberon Media (‘Los Girasoles Silvestres’) eta En la frontera película AIE-ren arteko korpodukzioa da eta Manny Films y La Fidèle Production-en laguntza ere izan dute.

Maiatzaren 5ean zinema komertzialetan estreinatu aurretik BCN Film Fest-en erakutsiko da filma (apirilaren 20tik 28ra, Bartzelonan). Aurretik, Malagako zinema jaialdian izan da filma, eta jaialdiko Epaimahai Gaztearen Film Onenaren Saria jaso du.