Arnaitz Gorriti

Markus Howarden erakustaldiak ez du merezitako saririk izan Tenerifen (83-81)

Baskoniako eskoltak 33 puntu sartu ditu, horietatik 15 azken sei minutuetan. Berari esker gasteiztarrak 70-60 galtzetik hiru segunduren faltan 81na berdintzera iritsi dira, baina Tim Abromaitisen alde adierazitako falta batek erabaki du partida. Arabarrek 17 garaipeneko bolada ona eten da ACB Ligan.

Markus Howard ezin izan du Tenerifek inola ere geratu, baina ez da nahikoa izan.
Markus Howard ezin izan du Tenerifek inola ere geratu, baina ez da nahikoa izan. (E. COBOS | ACB PHOTO)

LENOVO TELERIFE 83 - SASKI BASKONIA 81

Saski Baskoniak ez du epaileen erruz galdu, baina epaileek zerikusi larregi izan dute Saski Baskoniak Tenerifen jaso duen porrotean. 70-60 atzetik ziren arabarrak azken laurdenaren erdialdera, Marcelinho Huertas eta Shermadiniren lanari esker. Alabaina, gutxien uste zenean Markus Howardek sekulako partida amaiera burutu du, azken sei minutuetan 15 puntu saskiratuta –33 orotara–, tartean partida 81-81 berdindu duen hirukoa neurketa amaitzeko hiru segunduren faltan.

Hutsartea eskatu du Txus Vidorretak eta Tim Abromaitisentzat jokaldi on bat osatu du, baina Costello eta Marinkovicen artean ez diote amerikarrari saskiratzea gauzatzen utzi. zoritxarrez, epaileen aburuz Marikovicek falta egin omen dio Abromaitisi eta honek ez du jaurtiketa libreen marratik barkatu.

Dena den, 1,6 segundu falta ziren oraindik eta Baskoniak azken hutsarte bat izan du partida irabazi edo luzapenera eramateko. Matt Costellori iritsi zaio baloia, baina estatubatuarrak ezin izan du sasoian saskira jaurti, Tenerifekoen defentsak ez baitio lekurik utzi. Bestela ere ez du sartu, baina berandu zen ordurako.

Lastima, porrot honen ostean Saski Baskoniak ACB Ligako azken 17 neurketak irabazi eta gero bolada bikaina eten baitu. Lastima, asteburu honetan eliteko euskal saskibaloi talde guztiek, gizon zein emakume, galdu egin baitute. Lastima halaber, epaileen erabaki eztabaidagarri batek erabaki baitu neurri handi baten talde bikain bik eman duten ikuskizuna. Ondorioz, Saski Baskoniak ACB Ligako sailkapeneko aurreneko postua galdu du.

Histeriatik normaltasunera

Ez dira, ba, txukunegi hasi partidako kontuak gasteiztarrentzat. Kiltasunaren kontrako falta akaso zorrotzegia adierazi diote Maik Kotsarri estoniarrak ukalondoa Shermadiniren muturrera hurbildu duela-eta, eta Shermadinik aitaren batean lau puntu sartzea gutxi ez dela, unetxo batez burua galdu du Baskoniak eta kontraerasoan Tenerife 6-0 aurreratzeko baliatu du Leandro Bolmarok. Bihotz taupadak lasaituko badira, hutsartea eskatu behar izan du Joan Peñarroyak partidari ekin eta bi minutu baino lehen.

Baina Howardek gasteiztarren aurreneko saskiratzea lortzeaz bat, Giedraitisi ere kiroltasunez aurkako falta adierazi diote, Joan Peñarroya eta bere aulkiko lantaldearen haserrerako.

Markagailua 12-2 ere izan da gasteiztarren kontra, baina Tenerifek Shermadini besterik ezin izan du aurkitu aurreneko minutuotan eta Georgiako pibotak ezker oinean min hartu du. Baskoniaren zorionerako, aldatu egin behar izan du Txus Vidorretak eta arabarren erasoari dagokionez, Markus Howard Olympiacosen aurka bezain fin azaldu da –11 punturekin amaitu du laurdena–. Horri eskerrak neurketa berdintzeko kapaz izan da Baskonia.

Hori bai, ezin aurretik jarri, Teneriferen ordezkoek nolabait Shermadinik hasitako bideari ekiten asmatu baitute. Hala, aurreneko laurdena 23-21 amaitu da. Dena dela, bere baldarrean, hasierako minutuetan zirudien buru gabeko jokoa histerian atzean laga dira eta Markus Howarden hiruko batek aurretik jarri ditu Peñarroyarenak: 23-24, bigarren laurdena hasteaz bat.

Berehala erantzun du Txus Vidorretaren taldeak, baina partida, behin normaltasunean murgilduta, ikusteko oso ederra suertatu da, biek ala biek jokoa bikain menperatzen dutela erakutsi baitute. Igande eguerdia izateko, nagi gutxi, are gehiago Kotsarren lekuan Costello kantxaratu eta gero gasteiztarrek, modu honetan bost jokalariek kanpotik jokatzeko aukera elikatuz.

Alabaina, Tenerifek ondo eutsi dio Baskoniak atzetik aurrera egindako lanari, batez ere Abromaitis eta Marcelinho Huertas saskira begira bolada onean jarri direnean. «Huertasi faltarik ezin al diogu egin? 18 minutu daramatzagu eta orotara lau falta baino ez ditugu egin!», bota du Peñarroyak hutsarte batean, markagailua 41-36 zela. Thompson eta Howarden eskutik, 41-40raino hurbildu da Baskonia, baina laurdena Doornekampen «bi gehi bateko» jokaldi batek zarratu du. Beraz, 44-40 aldageletara bidean, Markus Howard 16 punturekin –14 Shermadinirentzat– eta zer hobetu askorekin, baina irabazteko aukera guztiekin, nolanahi.

Pausu bat eta erdi

Fisikoki aurrerapauso bat ematen saiatu da Saski Baskonia hirugarren laurdenaren hasieran. Ondorioz hainbat baloi ohostea erdietsi du talde gasteiztarrak.

Baina ez du berdintzerik lortu eta gainera hiru pertsonal egin ditu Darius Thompsonek. epaileekin nahikoa kexa erabili du Baskoniak eta arrazoi apur batekin ere bai; izan ere, jaurtiketa libre zenbait nahikoa «merke» atera ditu Txus Vidorretaren taldeak hirugarren ekinaldian.

Partidak berdinean jarraitu du, baina beti ere etxekoen alde, eta horrela, Shermadini eta Huertasek 60-54 laga dute markagailua azken hamar minutuen faltan. Baskoniaren ahaleginak gogorrak izan dira, baina Tenerifeko taldeak azti jokatu du unerik gogorrenetan. Hori bai, ikusi egin behar Vidorretaren taldeak fisikoki Baskoniaren ahalegin horri eutsiko ote zion.

Leandro Bolmaro eta Elgin Cook hegalekoen zango arin eta freskoek Tenerifekoan aldea 64-56 arriskutsu bateraino luzatu dute. Artean zortzi minututik gora falta arren amaierarako, Joan Peñarroyak hutsartea eskatu behar izan du partidak eskuetatik ihes egiteko beldurrez. «Zertarako bota behar dugu hain arin saskira? Zertan gabiltza?», bota die Terrassakoak hutsartean jokalariei.

Markus Howard, katerik gabe

Giedraitis eta Kotsar saiatu dira falta zen beste pauso erdi hori ematen, baina pibot estoniarrak behar baino jautiketa libre gehiago hutsegin ditu eta Tenerifek Marcelinho Huertas aurkitu du, Bolmaro edo Fran Guerrak uztaipean asmatu ez badute ere, etxekoen abantaila tantaz tanta hamar punturaino zabaltzeko: 70-60 azken laurdena bere azken sei minutuetan sartu denean.

Halakoren baten, Howardek eten du Baskoniaren puntu lehortea hiruko bikain batekin eta hiruko horri beste batek jarraitu dio. Hamar puntu jarraian sartu ditu eskolta estatubatuarrak eta 74-70eraino hurbildu du Saski Baskonia bere ahaleginak. Azkenean, nekea eta Euroligako talde bikain baten aurrean egoteak sortzen duen bertigoa hasi da nabaritzen Lenovo Tenerife ere. Hala, Matt Costellok hiru txapel segidan jarri dizkio Shermadiniri.

Saski Baskonia hiru puntuz azpitik hurbildu da neurketa azken minutuan sartu delarik: 79-76, eta Darius Thompsonek 79-78koa ezarri du kontraerasoa sartu eta gero. Oraingoan Txus Vidorreta izan da hutsartea eskatu duena.

Hutsartea eta gero Huertasek «aztikeria» egin du eta 81-78koa sartu du bere hutsegitearen osteko errebotea baliatuz. Hala ere, hiru segunduren faltan Markus Howardek bere erakustaldia osatu du markagailua 81-81 jarri duen hirukoa gauzatuta. Orotara, 33 puntu eskoltarentzat, horietatik 15 azken sei minutuetan.

Hutsartearen osteko jokaldia ezinhobeto egin du Lenovo Tenerifek eta Tim Abromaitis uztaipean bakarrik geratu da. Marinkovic eta Costelloren artean geratzea lortu dute, baina falta egin omen du hegaleko serbiarrak: bi jaurtiketa libre Abromaitisentzat eta segundu bakarra partida amaitzeko: 1,6 segundu, hain justu.

Lehengo jaurtiketa: 82-81. Bigarrena: 83-81, erdi nahi gabe. Baina hutsartea Markus Howard edo besteren batek partidari merezitako zigilua jartzeko, 1,6 segunduren faltan. Matt Costellok jaso behar izan du pasea, baina denbora agortu zaio saskira bota baino lehen. Ezin ba 17 garaipen segidako bolada luzatu, eta ezin, ezta ere, atzetik aurrerako lan bikaina eta Markus Howarden erakustaldia nahi bezala amaitu. Lastima epaileen erabaki batek zapuztea hain partida ederra.

PARTIDAKO FITXA

TENERIFE: Cook (6), Bolmaro (8), Doornekamp (6), Shermadini (20) eta Fitipaldo –hasierako bostekoa–, Fernandez (3), Huertas (21), Abromaitis (14), Guerra (2), Sastre (3) eta Dakota Mathias.

BASKONIA: Darius Thompson (12), Markus Howard (33), Rokas Giedraitis (9), Dani Diez (3) eta Maik Kotsar (6) –hasierako bostekoa–, Max Heidegger (3), Vanja Marinkovic (8), Matt Costello (5), Daulton Hommes (2) eta Sander Raieste.

Partzialak: 23-21, 21-19, 16-14, 23-27.

Epaileak: Aliaga, Oyon eta Martinez. Egotzitakorik gabe.

Gorabeherak: Steven Enoch baztertu du Joan Peñarroyak eta bere ordez Daulton Hommes sartu du. Sasu Salin eta Sergio Rodriguez ez dira jokatzeko moduan egon Tenerifen. Etxekoen aldetik, Dakota Mathiasek debuta egin du.