Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Etxebizitza legea(k): elefantea gela erdian dago

Hutsezinezko detektagailurik ez bada ere, eskuinaren lerroetan etxebizitza legeek sortzen duten zalapartak azterketarako elementu interesgarriak eskaintzen ditu. Joan zen asteburuaren atarian ezagutu zen inbestidura babestu zuten ezkerreko indar nagusiekin Madrilgo gobernuak erdietsi duen akordioa. Legealdia bukatzear izanik, zalantza handiak zeuden egitasmoa aurrera ateratzeko aukeraren inguruan. PSOE duda-mudatan murgildu da herritarren ongizateari bete-betean eragiten dion gai honetan, baita Pedro Sanchez Moncloan jartzearen truke agindutako bertze hainbat egitasmotan ere. Gobernuaren azkeneko hilabeteetan zorrak pilatzeko arriskua bazuen Sanchezek.

Ezin da ezkutatu, gainera, ezinegon handia sortu dutela eskuinari hatsa emanez hartu dituen hainbat deliberok. Mozal Legearekin, batik bat, baina baita, neurri handi batean, Lan Erreformaren inguruan bultzaturiko erdipurdiko moldaketen bidez ere, gorrian zuen kontagailua. Gorri garratzean, alegia, eskuin mediatiko-judizialaren aldetik jazotako presioaren aurrean amore emanez, sexu askatasunen aldeko legearen mamia ahulduz onarturiko arrabotaketa ere zerrenda horretan sartuz gero. Testuinguru lainotsu horretan jakinarazi zen ERC eta EH Bildu alderdien bultzadapean espainiar Gobernuak, azkenik, atea zabalduko ziola Etxebizitza Legeari. Eta, erabaki horren eskutik, urrutiko zein bertako eskuina asaldatu da inongo filtrorik gabe.

Hauteskunde kutsua egotzi zioten batzuek, hilabete luzeetako atzerapenarekin bada ere, aldez aurretik izenpeturiko “kontratuan” agertzen zen legea aurrera egiteari. Espainiar estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko eskuduntzen inguruko balizko zapalkuntzari heldu zioten besteek. Alderdi Popularrak udal hauteskundeetan Bilbon aurkeztuko duen zerrenda itxiko duen Isabel Ayusok eta bere onespenarekin Genovara heldu zen Alberto Nuñez Feijook ez dute gustuko ekimena.

Bizitzen pribatizazioa eskaintza politiko gisa hartzen duen espainiar eskuinak ez du laket, besteak beste, alokairu prezioen igoerari muga jartzea proposatzen duen lege-egitasmoa. Ulertzekoa da, neurri gabeko negozioari muga jarriz etxez-etxeko interesak nozituko lituzkeelako. Bertako eskuinari dagokionez, Madrilen hitzarturiko akordioaren aurka boladaka tiro egin du EAJk.

Mamiari buruz ez baduzu hitz egin nahi, formak salatu. Gomendio zaharrari heldu dio EAJk

 

2015ean, EH Bildu eta PSE arteko akordioaren bidez, etxebizitza eskubide subjektibo gisa arautzen zuen legea onartu zuen doi-doi Gasteizko Legebiltzarrak. EAJk -baita PPk ere- kontra egin zion, ziurgabetasun juridikoa sortuko zuelakoan. Azken garaian, ordea, etxebizitzaren inguruko kezka areagotu den unean, orduan errefusatu zuen araua nahierara aldarrikatzen entzun ditugu jeltzaleak. Nahiz eta Konstituzionalak partzialki bermatu zuen arauak eskaintzen dituen tresnak erabiltzeko prest ez izan. Madrilen onarturiko legea ez dator, bada, ziurtasunak ematera?

Mamiari buruz ez baduzu hitz egin nahi, formak salatu. Gomendio zaharrari heldu dio EAJk. Izan ere, etxebizitza hutsak eta alokairu turistikoa hedatzen diren bitartean, auzoek biztanle iraunkorrak galtzen dituztenean, nehork gutxik ulertu dezake azaleko ika-miketan denbora galtzea. Herri hau gurutzaontzietako bidaiarien portu gisa irudikatzen dutenek badute arazoa, elefantea gelaren erdian dagoelako. •