Arnaitz Gorriti

Hakansonen bizkarreko arazoek martirizatuta jokatuko du Bilbao Basketek Valentzian

Valentzia Basket zortzigarrena da, Bilbao basketek baino bi garaipen gehiago pilatzen dituela. Alabaina, zaila dirudi beltzezko gizonek Fontetan ezer onik ateratzeko egiazko aukerarik izatea, non eta joan den astean Funelabradan kale egin eta gero.

Ludde Hakanson asko ari da sufritzen bigarren itzuli honetan.
Ludde Hakanson asko ari da sufritzen bigarren itzuli honetan. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Bizkarreko arazoekin ibili da aste honetan Ludde –Hakanson– eta gogorragoa dena berarentzat: uneoro gelditu eta berriz ere hasi beharra. Zentzu horretan batere zorterik gabe gabiltza». Horra Jaume Ponsarnauren adierazpenak zapatu gauean Valentzian 20.45ean jokatu beharreko partidaren bezperan.

Joan zen asteburuan Fuenlabradaren kantxan kale egin zuen Bilbao Basketek eta, bada, zortzi onenen artean sartzeko aukera txikienik izango badu, larunbat honetan Fontetan irabazi beharko luke. Egia da bilbotarren helburuen artean ez dagoela inola ere ACB Ligako play-offetan sartzea –lortuz gero, inor ere ez litzateke kexatuko, jakina–, baina amorragarria bihurtzen ari da bizkaitarrentzat denboraldi honetako negu amaieraz geroztiko panorama: lesioak ez badira errekuperatu berriak, eta errekuperatu berriek izaten dituzten beheraldiak. Modu horretan aurreneko itzuliko erritmorik eta erregulartasunik hartzeko aukera txikienik ere ez dago, ezta Valentzia Basket bezalako talde ezegonkor bati kilimarik egiteko ere.

Asteazkenean ez zuten jokatu bilbotarrek Lenovo Teneriferen aurka, FIBA BCLko final-laurdenetako hitzordua zutelako Txus Vidorretarenek. Hilaren 26an kitatuko dute falta duten partida hori Miribillan beltzezko gizonek; bien bitartean, Fontetan ahalik eta itxurarik egokiena ematea da bilbotarren helburu nagusiena, Bilbao Basketek baino bi garaipen gehiagorekin zortzigarren postu horri eusten nahikoa lan duen Valentzia Basketen aurka.

«Euroligatik at geratu berri da Valentzia eta asteazkenean Murtzian galdu egin zuen. Bada, normalena izango da beren ibilbidea gure kontura zuzendu nahiko dutela. Tira ba, gure betebeharra ez dezatela halakorik lortu izango da», ondorioztatu du Bilbao Basketeko entrenatzaileak, jakinean joan zen zapatuan Fuenlabradan eginiko akatsa modu batera edo bestera zuzendu nahi duela bere taldeak.

«Bartzeloaren aurka beti aurkitu genuen baten bat inspiratua eta beti aurkitu genuen indarra eta kemena arazo orori aurre egiteko. Bada, Fuenlabradan hanka barruraino sartu genuelarik, Valentzian egin behar duguna Bartzelonaren aurka lortu genuen kemen eta inspirazio hori berriz ere aurkitzea izango da. Egia da, bestalde, etxetik kanpo askoz gehiago kostatzen zaigula gure bertsiorik onena ematea, baina gure helburuan betetzeko, hori da gure zeregina», errematatu du Tarregako entrenatzaileak.

Izan ere, alperrik bada ere «balitz» eta «balego» esaten hastea, datorren urtean FIBAren Txapeldunen Ligan aritu ahal izateko ahal dela aurreneko hamar onenen barruan amaitu beharko luke Bilbao Basketek, eta Fuenlabradaren aurka kale egin ostean –jarraian 19 partida galtzetik zetorren Fuenlabrada, hain zuzen–, helburu hori nahikoa okertu zaio.

Aurreneko itzulian 71-65 nagusitu ziren bizkaitarrak Miribillan, baina ordutik hona gauza asko aldatu dira eta, bistan denez, lesioek sekulako erasana eragin dute bekltzezko gizonen artean. Hala, etxetik kanpo batere ohikoa ez den maila erakutsi beharko lukete Ponsarnaurenek egiaz Fontetan zerbait atera ahal izateko.