Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Olatu subiranista berrian herritarrak nola aktibatu landu du Gure Eskuk nazioarteko mintegian

Duela hamar urte bezala, Irunen bildu da Gure Esku, giro atsegin eta konpainia onean, bertze mugarri bat ezarri nahian. Lurralde gatazken konponbidea Europako eremuan eta herritarron aktibazioa olatu subiranista berrian, horiexek ‘Itsasargia’ nazioarteko konferentzian jorratu dituzten gaiak.

Herritarron aktibazioari buruzko mahai-ingurua, Gure Eskuk Ficoban egina.
Herritarron aktibazioari buruzko mahai-ingurua, Gure Eskuk Ficoban egina. (Jon URBE | FOKU)

Mugarria da apirilaren 22 hau Gure Eskurentzat. Irungo Ficoban elkartu da, orain dela hamarkada bat egin zuen gisan. Lurralde gatazken konponbidea Europako eremuan eta herritarron aktibazioa olatu subiranista berrian izan dituzte mintzagai ‘Itsasargia’ konferentzian, nazioarteko hainbat kiderekin batera. Lasai, argi, baikor eta zintzo partekatu dituzte ideiak. Bukatzean aitortu dutenez, indarberrituta itzuliko dira etxera, burutazio berri pila batekin.

Herritik sortutako elkarteetatik etorri dira Patricia Mac Bride (Ireland's future), Elena Jimenez (Omnium Cultural), Maggie Lennon (Women for independence) eta Josu Etxaburu (Gure Esku). Zelai Nikolasek bideratuta, solasaldi inspiragarria izan dute.

Omnium Cultural kataluniarra elkarte hagitz zabala da: 185.000 bazkide ditu, oraindik Franco bizi zen jaio zenean, 1961ean, eta 2012an, Santa Colomako adierazpenarekin, aldatu egin zen. «Bide bakarra estatu propioa izatea zela erabaki genuen», oroitu du Jimenezek.

Irlandan, Brexitak dena bizkortu duela kontatu du Mac Bridek. 2019an, Belfasteko konferentzian, 15.000 lagun bildu ziren eta geroztik Irlanda osoan barna ibili dira herritarrei nolako herria nahi duten galdetuz. «Osasun, hezkuntza zein erretiroa eskubideak dira eta babestu egin behar ditugu».

Eskozian, 2011 eta 2014 bitartean erabakitzeko eskubidearen aldeko eztanda gertatu zen oinarrizko mugimenduetatik, eta hor sortu zen Women for independence elkartea. «Emakumeok ahotsa izan behar genuen, geure bizitzak hobeak izango zirela bermatu». Horren erakusgarri, elkartearen izena bi aldetara irakur daiteke: emakumeak independentziaren alde, eta independentzia emakumeen alde. «Botere orekak aldatzea da autodeterminazioa, abusu erlazioak haustea da xedea».

Etxaburuk, bestalde, Gure Eskuren prozesua «eraldatzailea» dela nabarmendu du, eta «eremu sortzaile, biltzaile eta eraginkorrak sortzeko beharra» aldarrikatu du.

Tresnak

Lennonek emakumeek gune seguruak behar zituztela azaldu du, ez zirelako entzunak. «Hitz egin, nahiz eta ahotsak dardar egin», erraten zieten, eta aunitz entzunak eta baloratuak sentitu ziren bizitzan lehenengo aldiz.

Jendeari galdetu eta milaka erantzun jaso dituzte. Kafe solasaldiak egin dituzte. Ficoban ere izan da halakorik eta gustura ikusi dugu jendea.

«Emakumeok batzen gaituena garrantzitsuagoa da banatzen gaituena baino», baieztatu du Women for independenceko kideak. «Unionistak ere baziren gure artean eta zergatik sentitzen ziren horrela galdetzen genien. Independentziak zerikusia du SNP alderdiarekin, baina ez berarekin bakarrik», erran du, eta elkartean politika bertze modu batera egiten dutela adierazi du, horizontalki, liderrik gabe, tokian tokiko beharrei erantzuten saiatuz.

Ildo beretik ari direla kontatu du Mac Bridek. «Irlanda berriz batzeko ekimenak ditugu martxan. Lasai hasi ginen, talde txikietan, banakako eta aurrez aurreko elkarrizketak eginez».

Irlandaren kasuan, erreferenduma egiteko eskubidea aitortua dute. 25. urteurrena ospatzera doaz. Baina ados jarri behar dute erreferendum hori noiz eta nola antolatu erabakitzeko. Nola jakin noiz dagoen jendea alde?

Enbaxadoreak behar ditu independentziak Mac Brideren ustez. Etxean, lanean, ostatuan, gaztetxean, edozein egoeratan jendea animatu eta lasaituko duena.

Omnium Culturaleko ordezkariak gezurtatu egin du herria desmobilizatua dagoela dioen ideia eta baieztapen hori autodeterminazioaren kontra daudenei komeni zaiela ohartarazi du.

Gure Eskuko eta Women for independenceko bozeramaileak bat etorri dira ezin dugula komunitate zentzua galdu eranstean. «Gauza handiak egin ditugunean zeinen ondo sentitu garen!», adierazi du Etxaburuk. «Lorpenetara azkar atxikitzen gara, baina egite horretan dago herritarron lekua, bitarte horretan egin dezakegu ekarpena».

Irlandarrak Europan presio egiteko elkar lagun dezaketela azaldu du eta oraindik ere hainbeste euskal preso politiko daudela entzuteak bihotza erdibitzen diola aitortu du. «Oinarrizko erakundeekin eta beste herriekin ere lan egin behar dugu. Aukera dugu pauso bat emateko eta hemendik hamar urtera berriro elkartzen garenean beste toki batean egoteko».

Hamarkada izoztua?

Aitzineko hitzaldian, lurralde gatazkek Europan izan ditzaketen konponbideez aritu dira Iñaki Soto (GARA), Ferran Casas (‘Nacio Digital’) eta Maria Obelleiro (‘Nós Diario’), Jon Olano moderatzaile zutela.

Gure herritik hasita, hemen ez direla ez gehiengoak ez gutxiengoak errespetatzen baieztatuz hasi da GARAko zuzendaria. Horren erakusgarri da arratsalde honetan bertan Baionan antolatutako manifestazioa, azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde.

Azken hamarkada izoztua izan ote den planteatu du Sotok, batez ere «Urkullu faktoreagatik», eta galdera bat proposatu du abiapuntu gisa: zergatik blindatzen da konstituzionalki espainiarren autodeterminazioa eta euskaldunena, berriz, debekatu?

Gizarte zibilak «konfrontatiboa» izan behar duela aldarrikatu du, eta Euskal Herriaren aniztasun horretan bakoitzak berea egin behar duela ere bai.

Obelleirok 1972a aipatu du mugarri gisa. Langile borrokan mobilizazio handiak izan ziren orduan, bi langile ere hil ziren Ferrolen. Ordura arte espainiarrak ziren nagusi baina urte horretatik aitzinera aldatzen joan zen hori eta orain galegoak gailentzen dira sindikatuen artean. BNGk ere historiako emaitzarik onenak izan zituen azken hauteskundeetan. Halere, ‘Nós Diario’-ko zuzendariaren arabera, galiziarra izateagatik harrotasuna sentitzen du jendeak, baina «autogorrotoa» ere badago oraindik.

Agenda, kanpotik

«Agenda osoa kanpotik dator. Ez dago agenda galiziarrik. Gizartea galegotzeko agenda hori falta da», azpimarratu du.

Casasek Katalunian hamarkada «intentsoa» izan dutela oroitu du. 2017ko urriaren 1eko erreferenduma «arrakasta kolektiboa eta blokeoa» izan zela adierazi du. Arrakasta estatua desafiatu zutelako eta blokeoa, «itxaropenak gaizki kudeatu» zituztelako.

Gaur egun, nazionalista kataluniarrak zatituta daudela ezaguna da. Horrek ERCk Madrilekin duen negoziazioa ahultzen duela erran du ‘Nacio Digital’-eko zuzendariak, eta Generalitatean alderdi hau gutxiengo argian, jende aunitz kontra duela gobernatzen ari dela erantsi du. Bere ustez, «diskurtso emozional eta antipolitikoetatik urrundu eta gutxieneko adostasunak lortzea izan daiteke gakoa, gai zehatzetarako, gurpil zoro honetatik ateratzeko. Barne adostasunak berregin behar dira».

Gobernu espainiarrak ez duela subjektu politikoak onartzeko urratsa eman azaldu du. Europar Batasunari buruz, ameskeria dela onartu du. «Baloratzen gintuela pentsatzen genuen eta kontrakoa gertatu zen».

«Ez gara ez kataluniarrak ez galegoak»

 Ez garela ez espainiarrak ez frantsesak erran ohi dugu euskaldunok. Sotok gaineratu zuen ez garela ez kataluniarrak eta ez galegoak ere. Izan ere, «batzuetan lehian sartzen gaituzte, edo elkar idealizatzen dugu. Baina fidel izan behar dugu gure gehiengo sozialarekin».

Askatasunaren aldeko borroka historiko bat partekatzen dugu hiru herriek GARAko zuzendariak erran duenez. Eta «modu batera edo bestera beti altxatu dugu burua, bakoitzak bere indar eta ahulguneekin».

Galiziarrak herritarren gaitasunetan egin du azpimarra, besteak beste egiturak bortxatzeko duten ahalmenean. «Galizia potentzia bat da, aberastasun handia du, nahiz eta pobreak garela saltzen diguten».