Iñaki Altuna
NAIZeko zuzendaria / director de NAIZ

Hezkuntza legea eta hauteskunde giroa

Zupiria eta Bildarratz, Hezkuntza Lege proiektua aurkezten.
Zupiria eta Bildarratz, Hezkuntza Lege proiektua aurkezten. (Endika PORTILLO | FOKU)

Hezkuntzari buruz Gasteizko Legebiltzarrera iritsiko den proposamenak arreta piztu du aste honetan. Duela urtebete baino gehiago erreforma bideratzeko egindako hitzarmena sinatu zuten lau aldeek hitz egin dute Gobernuak lege proiektua onartu ostean. EAJk, PSEk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk sinatu zuten akordio hura eta oraingo lege proiektua haren ondorio da, nahiz eta oraintxe lau indar politiko horiek egiten dituzten irakurketak arras ezberdinak diren. Batzuentzat, ezberdintasunak ezberdintasun eta egin beharreko hobekuntzak gorabehera, hitzarmen hari erantzun dio oraingo proposamenak, eta beste batzuentzat, berriz, oinarrizko hitzarmena hondatu baino ez da egin.

Lau indar horietatik bi gobernu dira eta beste biak, oposizio. Hala ere, ezberdintasunak ez dira ardatz horretan azaldu, oposizioko bi alderdiek balorazio erabat ezberdinak egin baitituzte, eta gobernuko kideen artean ere ika-mika moduko bat piztu baita.

Bistan da hauteskunde giroak eragin zuzena duela horretan guztian, nahiz eta salbuespen nagusi bat dagoen. EAJ eta EH Bildu izango dira oraintxe maiatzako hauteskundeei begira lehiakide nagusiak, baina horrek ez du eragin gai honetan, ez du elkarren artean mokoka aritzea ekarri, oraingoz bederen. Oso esanguratsua izan zen asteazkenean EH Bilduko Pello Otxandianok prentsa aurrean egindako balorazioa. Malgutasuna azaldu zuen, eta badirudi hori ez dela ahuldadetzat hartu.

Elkarrekin Podemosek, aldiz, kontrakotasun osoa azaldu nahi izan du. Tinko agertzea ez da beti, baitezpada, indarraren seinale. Elkarrekin Podemos ez dago egoera onean Euskal Herrian, Estatu mailako haizeak ez diolako garai bateko hauspoa ematen eta ez duelako inoiz Euskal Herrira egokitutako berezko lerrorik errotzea lortu. Nazio auziari -eta hezkuntzan hori ere badago- nola eutsi ez dakien betiko ezker minoritarioaren oinordeko agertzen da. Garai emankorrenetan Pablo Iglesiasek izandako mezuak -lehen indar bihurtzeraino Euskal Herrian- orain bertakoek dutena baino ausartagoak izateak zer pentsatua eman beharko lieke.

PSEren jokabideak sorpresa eragin dio Bildarraitzi, gobernu kideen artean adostasuna erabatekoa zela pentsatzen baitzuen. Sorpresa gutxi dago, ordea, alderdi horretan euskararen gaian, bereziki hauteskunde garaian. Aurrekoetan ere ez du inolako kezkarik izan auzi hau modu zatarrenean erabiltzeko. Batek baino gehiagok izango du gogoan kanpaina baten erdian plazaratutako “Euskera en libertad” bideo famatu hura. Izenburuak beste zerbait esaten bazuen ere, euskara enplegu publikora iristeko eragozpentzat jotzen zuen.

Interes partikularrak gorabehera, ardura eskatzeko garaia da. Hezkuntzarena gure herrian lehen mailako erronka baitugu

Hauteskunde zikloaren testuingurua ez da, horrenbestez, halako eztabaidetarako egokiena. Ezin da ahaztu, bestalde, sindikatuek eta gizarte eragileek ere ekarpena egin behar dutela, eta hor ere, alderdietan bezalaxe, posizio eta interes ezberdinak ikus daitezke.

Interes partikularrak gorabehera, ardura eskatzeko garaia da. Hezkuntzarena gure herrian lehen mailako erronka baitugu, eta korapilo handiak askatu behar baitira; besteak beste, segregazioa borrokatzeko eta euskara sustatzeko. •