Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea / Redactor especializado en internacional

Mongoliako matxinadaren ajeak

Mundua astindu zuen Ukrainako gerra hasi zen urte bukaeran, iaz, Errusiarekin eta Txinarekin muga egiten duen Mongolian ustelkeriaren aurkako matxinada izan zen. Euskal Herrian bizi den mongoliar batekin, Narangaravekin, hitz egin dugu bere herrialdean gertatutakoa azaltzeko.

Gure artean bizi diren mongoliarren elkarretaratzea, Donostiako udaletxearen aurrean.
Gure artean bizi diren mongoliarren elkarretaratzea, Donostiako udaletxearen aurrean. (GAUR8)

Ulan Bator, Mongoliako hiriburua, 2022ko abenduaren 4a. Manifestariak kalera atera dira, izotz artean, ustelkeria kasu bat salatzeko. Asko gazteak dira, baina ia adin guztietako jendea antzematen da protestetan.

Haserre daude, eta ez da gutxiagorako. 12.900 milioi dolar balio zuen ikatzaren lapurretaren berri izan dute: guztira, 6,5 milioi tona ikatz. Mongoliako hainbat politikarik zuzenean hartu dute parte lapurretan.

Ez dira bakarrak. Txinan, Mongoliako ikatz-lapurretan parte hartu dutenak exekutatu dituztela iragarri du Pekinek. Are gehiago, parte hartu zuten politikari mongoliarren izenak jasotzen dituen zerrenda Ulan Batorreko Gobernuari bidali diotela ziurtatu du. Kontuan hartu behar da Mongoliak bere produktuen % 86 Txinara esportatzen duela, eta bolumen horren erdia baino gehiago ikatza dela. Mongoliako ikatz-esportazioen balioa 4.500 milioikoa izan zen 2022ko lehen 9 hilabeteetan.

Gure artean bizi den mongoliar jatorriko pertsona batekin elkartu gara. Narangarav du izena (‘Nara’ izen laburtuaz deitzen dute). Irunen elkartu gara, Mosku Plazan.

«Urteak zeramatzaten lapurretan, inolako lotsarik gabe eta inpunitate osoarekin, eta jendea oso haserre zegoen. Pentsa Mongolian 3 milioi pertsona inguru bizi direla eta bakoitzari zenbat zegokion xahututako dirutzatik. Kalkulu erraza da», gogorarazi du Narak.

«Jendeak lapurretan nahastuta zeuden 17 politikarien izenak jakinaraztea exijitzen zuen. Gero eta jende gehiago ateratzen zen kalera eta kontuan izan behar duzu egun haietan 35 gradu zero azpikoa zela tenperatura».

Manifestariak Gobernu jauregiaren eta Parlamentuaren aurrean elkartu ziren eta istiluak izan ziren. Ulan Bator hiriburutik at ere protestak izan ziren; esate baterako, Mongoliako hirugarren hiririk handienean, Darkhanen.

Ulan Bator hiriburuan izandako protesten irudia (GAUR8).

«Hor egon ziren, 30 egunetan, 30 gradu zero azpitik, kale gorrian», dio Narak. Eta zer lortu zuten? Gobernuak ustez ustelkerian aritutako ofizial batzuk atxilotuko zituela eta prozedura bat zabalduko zuela iragarri zuen. Bide batez meatze-enpresak erreformatzeko planak iragarri zituen ustelkeria baztertzeko.

«Ez dute ezer ere egin -azaldu digu Narak-. Lapurretan buru belarri sartuta dauden politikariak ez dituzte atxilotuko, ez dira kartzelara joango».

Nola da hori posible? «Mongolian bi alderdi nagusi daude, baina diktadura balitz moduan funtzionatzen du sistemak. Ez da, noski, diktadura bat eta teorian herrialde demokratikoa da, bere konstituzioarekin eta bere parlamentuarekin (Jural Handia). Baina diktadura baten moduan funtzionatzen dute bi alderdiek, biek ala biek, Mongoliako ondasunen lapurretan parte hartzen dutelako».

Manifestazioetan ustelkeriaren aurkako leloak ziren nagusi. «Utzi jendeari lapurtzeari» eta «Lapurren aurka elkartuta» zioten pankartak ikusi eta lelo horiek berak oihukatu ziren.

Ustelkeriatik haratago

Hala ere, protestak haratago joaten hasi ziren eta manifestariak Konstituzioan ezarritako herritarren eskubideak eta askatasunak gero eta mugatuago daudela eta horregatik haien bizitzak egunetik egunera hondatzen ari direla salatzen hasi ziren.

Protestariak, hotzari aurre egiten (GAUR8).

Manifestarien artean protestak muturreraino eramatearen aldekoak baziren; batez ere, gazteak. Baina protestak gainbehera etorri ziren. Zergatik?

«Gobernua beteko ez zituen aginduak etengabe ematen ari zen bitartean, Poliziak matxinada indarrez amaitzea erabaki zuen», salatu du Narak. Hotzak akabatzen ia hilabete oso bat pasatu eta gero protestariak indarrez sakabanatzeari ekin zioten eta gazte batzuk biluzarazi ere egin zituzten, 30 gradu zero azpitik». Hainbat izozten hasiak zirela-eta medikuarenera eraman behar zituzteneko aitzakiarekin, atxilotu ere egin omen zituzten batzuk.

Mongoliako matxinadatik lau hilabete igaro dira eta ez da ezertxo ere aldatu Erdialdeko Asiako estepa amaiezinengatik ezaguna den herrialdean.

Narangarav bezala Euskal Herrira bizitzera etorri diren «500en bat» mongoliarretatik batzuek matxinadaren aldeko elkarretaratzeak egin zituzten: Donostian, kasu. Gipuzkoako hiriburuan bizi da mongoliar komunitate bat, eta asteburuan Gladys Enea parkean elkartzen dira bazkaltzeko eta solasean edo jokoan aritzeko.

Nara haserre dago eta bere jaioterria pairatzen ari den egoerari buruz ohartarazi nahi du. Iturri batzuek salatu dute nazioarteak eta, batez ere, Mendebaldeak esku hartu dutela protestetan. Horri buruz galdetu diogunean irribarre bat sumatu zaio: ezeztapenik dotoreena edo, agian, salaketa ulertzen ez duenaren keinua.

Nara bera «agente arrotzatzat» ez badugu hartzen. Nor da arrotza Mongolian: bera ala salaketa hori egiten dutenak?

Jendetza hiriburuko protestetan (GAUR8)