Alaia Sierra

«Akordio sozialik ez duen» lege baten aurrean dekalogoa sortu du Euskal Eskola Publikoaz Harrok

«Hezkuntza sistema hobetzeko eman beharko liratekeen urratsak» jasotzen dituen dekalogoa aurkeztu du ostegun honetan Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak, joan den asteartean Lakuako Gobernuak onartutako Hezkuntza lege-proiektuarekiko gaitzespena erakutsiz berriz ere.

Gasteizko Legebiltzarraren atarian aurkeztu dute ‘Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Dekalogoa’.
Gasteizko Legebiltzarraren atarian aurkeztu dute ‘Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Dekalogoa’. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Hezkuntza sistema publiko-pribatua blindatzen duen, euskararen errealitatea kontuan hartzen ez duen eta segregazioarekin amaituko ez duen» EAEko Hezkuntza lege-proiektu berriaren aurka ‘Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Dekalogoa’ aurkeztu du Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak ostegun honetan Gasteizko Parlamentuaren atarian.

Alde batetik, pribatizazioari dagokionez, eskola publikoak «lehentasun osoa behar duela» defendatu dute, eta ez daitezela publikoa eta pribatua berdindu. Hortaz, ez dute nahi publikoa ez den eskolarik diru publikoarekin finantzatzea, ezta «merkatuan» dagoen eskola bat ere.

Halaber, eskola publiko «unibertsala, euskalduna, inklusiboa, berdintzailea, parte-hartzailea, anitza, konpentsatzailea, doakoa eta laiko» baten aldekoak dira. Laikotasunari dagokionez, lege berriak hezkuntza sistema osoan laikotasuna bermatu behar duela iritzi diote. «Ezin da erlijio eta sinesmen guztiekiko errespetua izan, eskola eremuaren laikotasuna gordetzen ez bada».

Segregazioa «pribatizazioaren ondorio zuzena» dela nabarmendu dute, «klasismoan» oinarrituta. Horretarako, lege berriak «sare publiko bakar eta orekatuaren oinarriak jarri» behar dituela aldarrikatu dute. Gainera, ikasle zaurgarrien «banaketa estigmatizatuen» aurka daude, «eskola publikoak ume guztiak nahi ditu» eta.

Euskara bermatu

Beste oinarrietako bat euskara da eta «erdigunean» jarriko duen lege baten aldekoak dira. Eskola publikoaren %90 D eredua dela azpimarratzen dute, eta pribatua indartzeak euskarazko ereduaren «ahultzea» ekarriko duela uste dute. Plataformaren ustez, «euskararen ezagutza eta etorkizuna sare publikoan jokatzen da».

Dekalogoan ere Lakuako Gobernua «egungo egoera diskriminatzailearen erantzuletzat» jotzen dute. Euskal Eskola Publikoaz Harroren ustez, «ezin du hezkuntza eskubidea itunpeko ikastetxeetan subrogatu bere betebeharra baita eskaintza publiko kalitatezkoa ematea herritar guztiei».

Honako plataforma hauek osatzen dute Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea: Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeko, Astigarragako, Donostialdeko, Lasarte-Oriako, Aitzondoko eta Urola Kostako plataformak; Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak, Amurrioko Hezkuntza Publikoaren Sareak eta Debagoieneko Goieskola; EHIGE, HEIZE, Ikasle Sindikatua, Ikasle Ekintza, Gazte Komunistak, Steilas, CCOO Irakaskuntza eta ESK-k.