EH Bilduren eta EAJren arteko lehia estua Durangon

2019ko hauteskundetako emaitza EAJren (%35) eta EH Bilduren (%32) artean oso estua izan bazen ere, aurten are handiagoa izatea espero da. Orduan, Herritarren Eskubidea eta Podemos alderdien hautagaitza bateratua erabakigarria izan zen EH Bilduri alkatetza emateko, baina baliteke aurten ez izatea.

Ima Garrastatxu, 2019an Durangoko Alkatetza lortu zuenean.
Ima Garrastatxu, 2019an Durangoko Alkatetza lortu zuenean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

2012an hasitako trenbidearen lurperatze proiektuaren amaierak aukera-leiho bat ireki du Durangon, eta Bizkaian garapen-ahalmen handiena duen hirietako bat bihurtu du. Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoarenak diren 60.000 metro koadroko espazio liberatu horretan zer egin da orain gakoa.

Gobernu taldeak (EH Bildu, Herriaren Eskubidea eta Podemos) 2021ean egindako herri-galdeketak atzera bota zuen EAEko Gobernuak 18 altuerako bost dorre eraikitzeko proiektua. Gerora, Lakuako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak (PSEren eskuetan dagoena) eta Durangoko Udal Gobernuak aurreakordioa lortu zuten trena lurperatzeagatik askatutako lursailetarako. Besteak beste, akordio horrek eremuaren eraikigarritasuna heren bat inguru murrizten du, espazio berdea irabazteko, eta alokairurako Babes Ofizialeko 240 etxebizitza garatzeko plan bat barnebiltzen du. Akordioaren ondoren, herritarrak asebetetzeko ideia berriak bilatzen ari dira orain.

Jakina, hori ez da herritarren botoa mugituko duen faktore bakarra, baina alkatetza lortzeak alderdientzako duen garrantzia ulertzen laguntzen digu. Izan ere, bi gobernantza eredu kontrajarri ikus daitezke lursail horrekin zer egiteko erabaki politikoaren atzean.

Mireia Elkoroiribek EAJko alkategai gisa errepikatu du. Durangaldeko Mankomunitateko egungo lehendakaria da, eta, lehenago, alderdi jeltzalearen eskutik, zenbait kargu publiko izan ditu, hala nola, Eusko Trenbideak-en idazkaria, Euskal Trenbide Sarearen komunikazio arduraduna, Garraio Zuzendaria, Osasun sailburuaren kabineteko zuzendaria…

«Esperientzia, gazteria, kudeaketa gaitasuna eta, batez ere, ilusioa eta Durangorekiko konpromisoa uztartzen» dituela nabarmendu du alderdi jeltzaleak. Sara Oceja eta Josune Escota zinegotziek ere zerrendan errepikatu dute.

2019an nahiz eta indar bozkatuena izan (botoen %35a eta 8 zinegotzi) alkatetza galdu ondoren, EAJ emaitzak hobetzen saiatuko da aurten. Hala ere, beste indar batzuekin adostu beharko du alkatetzara itzuli nahi badu. PSE da bere aukera nabarmenena. Kanpainan zehar bere proposamen nagusia trenaren lurperatzeak utzitako lursailetarako plan berezi batean zentratu da. Berrikuntza handi gisa, Bereizmen Handiko Osasun Zentro bat proposatu dute. Horretaz gain, belaunaldien arteko parke publiko handi bat eta babes ofizialeko 111 etxebizitza (6 solairuko eraikina) eta merkatu libreko 443 etxebizitza (10 solairu eta atikodun 5 eraikin) proposatu ditu lursail horretan.

Ima Garrastatxu alkatea EH Bilduren hautagaitzaren buru izango da berriro, «duela lau urte Durangon hasitako aldaketa politikoa sendotzeko asmoarekin». Izan ere, 2019an botoen %32 eta 7 zinegotzi lortu zituen, eta Podemos eta Herriaren Eskubidea arteko koalizioaren babesarekin lortu zuen alkatetza. Hori mantentzea da indar subiranistaren helburua, baita botoak irabaztea eta EAJ gainditzea ere.

«Duela lau urte historia egin genuen Durangoko lehen gobernu ezkertiar bihurtu ginenean, jendearen beharretatik gero eta urrunago zegoen udal gobernu bat atzean utzita. Gobernu neoliberalen 40 urteren ostean, azken lau urteetan gauzak beste era batera egiten dakien alternatiba sendo bat dagoela frogatu dugu. Hala ere, oraindik proiektu asko ditugu aurretik», adierazi du Garrastatxuk, herritarren parte-hartzearen garrantzia azpimarratuz. Izan ere, horixe izan da bere legegintzaldiko puntu nagusietako bat: 2021eko martxoan ‘Peri 1 Ferrocarril’ izeneko hirigintza-proiektuaren etorkizuna erabakitzeko kontsulta eraman zuen aurrera.

Kanpainan zehar, EH Bilduk salatu du EAJk baliorik gabe utzi nahi duela Udalak Lakuarekin lortu zuen akordioa. Horren aurrean, Garrastatxuk plan hori gauzatzeko eta garatzeko konpromisoa berretsi egin du, garrantzia handia emanez alokairurako Babes Ofizialeko 240 etxebizitzei, «beharrezkoa delako etxebizitzaren gaia jorratzea, alokairuen prezioak maximo historikoetan baitaude». Horretaz gain, 34.000 metro koadroko –bost futbol zelaiko– parke berdea proposatzen du.

Hainbat desadostasunen ondoren, Herriaren Eskubidea auzo-plataformak eta Podemosek ez dute aurten hautagaitza bateratua errepikatuko. 2019an botoen %16a eta 4 zinegotzi lortu zituzten elkarrekin. Herriaren Eskubideak Jorge Varela aurkeztu du alkatetzarako hautagai gisa, Julian Riosen lekukoa hartuz. «Gainerakoek ez bezala, Durangoko beharrak Durangon erabakitzea defendatzen dugu, ez Gasteizen ezta Madrilen ere», aldarrikatu du Varelak «hurbiltasunetik eta pertsonen parte hartzearekin lan egiten jarraitzeko» konpromisoa hartuz.

Podemosek, berriz, David Hernandez aurkeztuko du alkategai gisa. Bere aurkezpenean, «justizia sozialaren alde lan egiteko, zerbitzu publikoak indartzeko eta ingurumenaren aldetik iraunkorra den hiri baten alde lan egiteko» konpromisoa hartu zuen.

PSEk Jesica Ruiz aurkeztuko du berriro zerrendaburu. Abenduan egindako aurkezpenean, Aramotz auzoaren hiri-berroneratzea nabarmendu zuen. Izan ere, otsailean lizitatu zituen Udalak obrak, baina Ruizek nabarmendu nahi izan zuen obra horiek Europako funtsak lortu dituztela «Pedro Sanchezi esker».

Bere alderdiak bi legegintzaldi darama 2 zinegotzirekin, 2007an izan zituen 4 ordezkarietatik urrun. Aurten emaitzak hobetzen baditu, eta helburu horretan Podemos eta Herriaren Eskubidea taldeen arteko zatiketak lagun diezaioke, agian hurrengo alkatea nor izango den erabaki ahal izango du. PSEk azken urteetan Euskal Herriko beste erakunde publikoetan izan duen estrategiari jarraituz, seguruenik EAJri emango dio babesa. Hala ere, aipatu beharra dago azken legealdian Gobernu taldearekin abstentzioa hitzartu duela aurrekontuetan.

PP, berriz, Udalean ordezkaritza berreskuratzen saiatuko da. Euskal Herriko beste txokoetako joerari jarraituz, bezala, Durangon 2007an 3 zinegotzi eta 1.600 boto izatetik 2019an 700 botora jaitsi dira, ordezkaritzarik lortu gabe. Ez dira garai onak espainiar eskuinarentzat. Helburua lortu nahian, Carlos Garcia Bilboko eta Elorrioko zinegotzi ohia aurkeztu dute alkategai, eta Miguel Angel Rodriguezek, Isabel Diaz Ayusoren Kabineteko zuzendariak, itxiko du zerrenda.

Garcia ezaguna izango zaie askori. 2011an Elorrion, PPko zinegotzi bakarra izanda, alkatetza eman zion EAJri, nahiz eta EH Bildu bozka gehien lortu zuen alderdia izan. 12 urte geroago, irudi hori Durangon errepika daiteke, hauteskundeetako emaitza oso estua izango baita.